Asel Luzarraga: “Liburua idazten hastean imajinatu nituen gauza batzuk errealitatea dira gaur egun”

Bioklik aurkezten duzu, zure zazpigarren nobela, euskaraz. Zer kontatzen du eleberri honek?

Bilbon gaude, 2044an. Unibertsitateko ikasle bati hurrengo ikasturtera pasatzeko proba oso gogorra jarri diote. Familia baten kasua eman diote eta, Unibertsitatetik bidaltzen dizkioten bideoetan oinarrituta (ordurako ez dago Unibertsitate fisikorik ia), txosten bat egin behar du, teorian ikasitakoei lotzeko. Liburu gehiena, beraz, ikasle horrek txostenerako egindako lehen zirriborroa da. Haren bidez, Txetxu Urruti eta Nere Poza senar-emazteek eta Aiora, Xabier eta Naomi haien seme-alabek osatutako familiaren inguruko gertaeren berri ematen zaigu. Txetxu Urruti mekanikaria da, ikasketa urrikoa, eta Nere Poza enpresa bateko zuzendaria. Egun batean, etxean bakarrik geratu ondoren, hilik agertuko da Nere, eta Txetxu atxilotuko dute automatikoki, hiltzailea delakoan. Txostenean, Txetxuren epaiketa izan arteko gorabeherak jasotzen dira eta, horren bidez, garai horretako gizartearen berri ematen zaigu: lana, eskola, kartzela, justizia… Gizarte bioteknologikoa da hura, biodemokrazian oinarritutakoa. Itxura batean, gizarterik askeena, herritarrek edozertarako eman baititzakete euren biobotoak, baita, esaterako, Txetxu epaitzeko ere. Nahi beste bioboto eman daiteke, honen alde zein haren kontra, baina biokredituak behar dira biobotoetarako. Esan dezakegu hori dela hari nagusia, gero txostenetik kanpoko beste hari batzuk zabaltzen badira ere.

Zientzia fikzioaren generoa ez da asko landu euskaraz, ezta?

Egia esan, oraintxe bertan oso liburu gutxi datozkit burura, Fernando Morillok idatzitakoren bat, gazte-literaturako beste bakanen bat… Nire bigarren eleberria ere, “Karonte” zientzia fikzioaren generoan kokatzen da. Baina esango nuke euskal idazleok, oro har, gure orainari eta iraganari gehiago begiratzeko joera daukagula, etorkizunari baino, eta errealitateari oso lotuta idazteko.

Zu, hala ere, ez zara urrunegi joan, urte batzuk bakarrik: lekuak eta gizakiak erraz ezagutzeko modukoak dira, teknologia ez da hain desberdina. Zer da gehien aldatu dena gizarte-antolamendu horretan?

Hala da, “Karonte” gure garaiotan kokatu nuen, eta “Bioklik” apur bat urrunago eroan dut, baina ez asko, eta asmoa, hain zuzen ere, horixe da: kontatzen dena gure egungo historiari lotu eta gertu sentitu ahal izatea. Gizarte-antolamendu horretan aldaketarik nabarmenena gizarte erabat libre eta demokratikoan bizitzeko sentipena da, biodemokrazian. Ia edozertarako bozkatzeko aukera dago, edozein gairi buruz. Bioboto horiek telebistako biokateek bideratzen dituzte, etengabe iragartzen dira bozketak. Itxura horren pean, ordea, erabateko kontrola dago, bai herritarrena, bioprofil publiko eta pribatuen eta edonongo etengabeko grabazioen bitartez, bai haien iritziena, komunikabideetan agertzen dena ez baita inoiz neutroa. Zentsura mota oro, ordea, herritar guztien erantzukizun kolektiboaren jantziaren pean aterpetzen da. Inperialismoen ardatzak ere apur bat aldatu dira, baita gerrak egiteko moduak ere, eta elkarri egiten dizkioten eraso gehienak meteoerasoak dira.

Prospektiba ariketa bat egin duzula esan liteke? Ala beldurtzen zaituzten mamuak konjuratu nahi izan dituzula?

Bietatik apur bat, kar, kar kar. 2007-2008 inguruan hasi nintzen prospektiba ariketa hori egiten eta, ez dakit harritzekoa den, baina orduan pentsatu eta liburuan agertzen diren gauza batzuk errealitate dira gaur egun. Beste batzuk ez daude hain urrun. Esaterako, hasieratik idatzi nuen pertsona bakoitzak bere biotelebistan ikusten duen edukia bere fitxa biometrikoan jasotako ildo ideologikorantz lerratuta dagoela. Biokateek, azken finean, bakoitzaren iritziak berresten dituztela, eta horrek nolabaiteko lasaitasuna ematen duela. Egun, antzeko zerbait gertatzen da Facebook eta halako sare sozialen bidez: bakoitza berarekin ados daudenen burbuilan ixten da eta, beraz, dena dago ondo, norberaren pentsaera orokorra eta zabala dela sentitzen delako. Duela gutxi irakurri nion bati Huxleyren eleberri famatuko soma drogaren antzekoa dela. Hori idatzi nuenean, ordea, ez nuen Facebook ezagutzen eta ez zitzaidan burutik pasa errealitate hori hain gertu egongo zela. Mamuak konjuratu baino gehiago, badirudi dei egin diedala, pixkanaka ager daitezen…

Distopia, tradizio luzeko idazmoldea da Mendebaldeko literaturan. Zein izan dira zure eredu eta erreferentziak?

Modu kontzientean, liburuan bertan aipatzen diren idazle bi: Huxley eta Orwell. Marraztu dudan distopiak bietatik dauka zerbait. Ray Bradbury ere aipatu behar dut, noski. Azken urteotan Philip K. Dirken liburu batzuk ere irakurri ditut, eta bere garaian zirrara handia eragin zidan haren liburu batean oinarritutako “Blade Runner” pelikula ospetsuak. Bestalde, seguruenik, garai batean irensten nituen komikiek ere utziko zidaten arrastoa, hala nola Yukito Kishiroren “Gunnm” izenekoak. Eta distopia izan gabe, zientzia fikzioa txikitatik irakurri dut, Isaak Asimoven gazte-literaturako liburuetan, esaterako, eta aurten zendu zaigun Ursula K. Le Guinenak dira, zalantza barik, aspaldi irakurri ditudan interesgarrienak. Bera ere aipatu dut liburuan, kar, kar.

Nobela honek ez al ditu biltzen, nolabait, zure aurreko lanak?

Hala da, bai. 2009an bera idazten ari nintzenean, etenda geratu zen “Bioklik”, gordeta zegoen ordenagailua eta disko gogorrak Txileko Fiskaltzaren eskuetara pasa baitziren. Ez nuen 2012 arte berreskuratu, Buenos Airesen nengoela. Ordurako, Txilen bertan pentsatutako beste proiektu luze bat neukan buruan, eta erabaki nuen garai bat itxi behar zuela “Bioklik”ek. Beraz, aurreko beste sei eleberrietako pertsonaiak txertatu nituen pixkanaka. Batzuetan keinu laburretan, baina pertsonaiaren batek garrantzi handia hartu zuen. Hala gertatu ohi da liburuetan ezustean agertzen zaizkizun lagun berri askorekin. Gainera, konturatu naiz hari batek lotzen dituela zazpi liburuok, nolabait, 2003ko “Hamaika ispilu ganbil” hartatik 2018ko “Bioklik” honetaraino. Kezka eta ezinegon batzuk denetan agertzen dira, antzeko begirada bat dago harrapatuta gauden gizarteari buruz. Loturarik nabarmenena, noski, “Karonte”rekin dauka.

Zure ideologiatik eta parametroetatik, egungo zibilizazioaren martxa zertan doa onera eta zertan txarrera? Non ikusten dituzu arriskurik handienak?

Zaila egiten zait onera zertan doan aurkitzea. Uste dut aukerak sortzen ari direla gizartearen marjinetan, zibilizazio horren noranzko bakar horretatik jaitsi nahi diren horietan, baina kontrola gero eta erabatekoagoa da. Oraindik labirinto honetatik ateratzeko zerbait asmatzeko gai izango garela pentsatu nahi dut, batzuetan baikor izatea kostatu arren. Arriskurik handiena geugan dago. Gero eta onartuago, naturalizatuago daukagu sistema honen ezinbestekotasuna, kontrolaren beharra (segurtasunaren mozorropean). Gero eta ozenago erreproduzitzen ditugu diskurtsorik faxistenak, hedabideek hauspotuta, oso itxura progrea gordeta, hori bai. Gero eta barneratuago Estatua eta Kapitalismoa saihestezinak direla, betiereko errealitateak balira bezala, eta ez gizakiok sortutako zerbait, hasiera duen legez amaiera ere eduki dezakeena, eta eduki behar duena. Sistema hori naturalizatzeko eta onartzeko propaganda nagusia aurrerabidea bera da, teknologia eta zientzia, saltzen diguten lilura hori. Miserian inoiz baino gizon-emakume gehiago dago, eta hori ere badirudi onartu egin dugula, halabeharrezkotzat jo, haien miseria gure ongizatearen bermea delako. Zertarako balio dute zientziak eta teknologiek gizateria gehiena haien balizko onuretatik kanpo eta, are gehiago, haien bidez zapalduta bizi bada? Eta oraindik hazkunde “jasangarria” saltzen digute egunero erakundeek eta politikariek, erabateko arduragabekeriaz. Azken finean, badakite negozioak egin ahalko dituztela lilurak diraueino, eta ez diotela inoiz inori konturik eman beharko, egiten diguten kalteagatik. Nork eskatuko dizkie kontuak, denok bultzatzen badugu, kontrakoa esan arren, haiek nahi duten noranzkoan!

Salaketa politikoa agerikoa izan arren, lanbro artean utzi duzu nolako egitura administratiboa edukiko duen etorkizun hurbileko gizarte horrek, zein estaturen parte izango litzatekeen, hizkuntzari buruzko kontuak…

Bai, nahita. Uste dudalako Europar Batasunaren barruan izan, Espainiako administrazioaren eranskin bat izan, balizko euskal estatu independente bat izan, funtsezko ezer ez dela aldatzen. Deitu europar, espainiar edo euskal estatua, deitu europar, espainiar edo euskal kapitalismoa. Horien denen gainetik dagoen sistema baten eskala bateko edo besteko kudeatzaileak baino ez dira “agintari” gisa aurkezten dizkigutenak. Eta hori ere utzi gura izan dut agerian liburuan hauteskundeak aipatzen direnean. Gobernu multinazional baten sukurtsal baten pean gaude, modu batean edo bestean. “Bioklik”en, aldundian gorpuzten da sukurtsal izaera hori. Hizkuntzari buruz, aldiz, aipamen batzuk egin ditut. Biokate horiek, esaterako, aukera ematen dute norberak bere bioprofilean hautatzeko zer hizkuntzatan entzun nahi dituen. Barre egin diot apur bat egun euskal erakundeetatik bonbardatzen gaituzten ingelesaren inposaketa “moderno”ari, euskararen, txineraren eta arabieraren uztarketa aipatzen dut… Jolasetako eremu bat izan da, hain zuzen ere, etorkizun multietniko eta, beraz, eleaniztun hori imajinatzea.

Zure  kritikak pentsamendu progresistaren ildotik doaz, baina punturen batean eskema horretatik ere ateratzen zara. Adibidez, esan liteke familia-instituzioaren defentsa bat egiten duzula.

Ez dut inoiz neure burua progresistatzat eduki, peioratibotzat daukat berba hori ia. Aurrerabidea bera zer den ez dakit, amildegian jarri gaituen XIX. mendeko ideologia kapitalistatik harago. Mendebaldeko gizarte burgesaren kontzeptuak dira aurrerakoi-atzerakoi, ezkertiar-eskumatar eta antzeko dikotomiak, sistema berean jarraitzeko txanpon beraren aldea eta ifrentzua. Holako ardatzei lotzea tranpa bat da; batekin identifikatuz gero, badirudi ezin garela ezarritako ildo batzuetatik atera. Jabeen interesei eta desjabetuon interesei begiratzen diet nik, horren ordez. Eta jabeek, komeni zaienean, kontzeptu aurrerakoiak sartzen/saltzen dizkigute, eta komeni zaienean, atzerakoiak. Orain ezker eskua, eskuina gero. Anarkismoak beti hautsi nahi izan du logika hori, eta familiari dagokionez, esaterako, jarrera dinamikoa izan du, une eta alderdi batzuetan aldekoa, beste batzuetan kontrakoa. Askotan nahastu da familia eredu jakin bat arbuiatzea, eredu burges nuklearra, eta familia bera arbuiatzea. Duela urte pare bat idatzi nuen horri buruzko artikulu bat. Kapitalismoaren oraingo faseari erreparatuta, mendebaldeko gizarte “aurreratuetan” familia oztopo da aspaldi. Argi agertu zuen XX. mende hasieran Kingsley Davis estatubatuar soziologo eugenista eta neomaltusianoak, familia pixkanaka desagertzeko beharraz idatzi zuenean. Bateraezinak dira, haren aburuz, kapitalismoaren premiak eta familia. Ekonomia kapitalistaren garapenerako, garrantzitsua da komunitate mota oro deuseztatzea, gizabanakoak baino ez geratzea, Estatuaren eta Kapitalaren aurrean biluzik eta ezinean; are gehiago, aurrera egiteko salbazio bakarra Kapitalean (soldatapeko bizitzan) eta Estatuan (hark “emandako” zerbitzuen mende, haren “gobernua” lortzeko borrokan) dagoela sinetsita. Liburuan zalantzan jarri nahi izan dut bide hori. Seguruenik, berrasmatu beharko dugu familia eredua, komunitate eredua berrasmatu beharko dugun bezala, sartu gaituzten labirinto honi irteera aurkituko badiogu. Jabeen interesak biluztea bilatzen dut nik, haiek ezkutatzeko diskurtso aurrerakoian edo atzerakoian bermatzen den begiratu barik. Inertzia erosoak apurtu eta deseroso sentiarazten gaituzten jarrerak behar ditugu. Eta horretan saiatu naiz “Bioklik”en. Liburu osoa dago azpimezuz eta keinuz beteta. “Borreroak baditu milaka aurpegi”, kantatzen zuen Negu Gorriakek, “eta nik manipulazioa gorrotatzen dut”, Pi LTk, “Hil da jainkoa” kantu ezagunean, eta borreroaren milaka aurpegi horietan eta manipulatzeko diskurtso eta tresnetan aztarrika egin nahi izan dut nik, horiek denak ezker edo eskuinetik datozen begiratu eta politikoki zuzenak diren kontuan hartu gabe.

Zein izan da liburu hau idazteko aurkitu duzun zailtasunik handiena?

Hasieran neure buruari ezarritako muga: txosten gisa kontatzea. Asmoa neukan estilo hotz, neutro eta biluzia erabiltzeko, baina eskuak soka batekin lotu balizkidate bezala sentitu nintzen berehala. Aukera neukan erregistroekin jokatzeko, txostengileak erabiltzen duen bibliografia asmatuaren bitartez, baina hizkera akademikoa zegokien haiei, saiakera soziologiko eta politikozko testuen estiloari, eta horrekin eta asmatutako egileekin jolasten ere ondo pasatu arren, beste esparru bat behar nuen, askeagoa. Hala erabaki nuen batzuetan txostengilea kanpoko mundura ekartzea. Eta, azkenean, idazterakoan gehien disfrutatu ditudan pasarteetako batzuk horiek izateaz gain, deskribatu nahi nuen mundu hori beste ikuspuntu batetik erakusten hasi eta funtsezko bihurtu zitzaidan haria bilbatu zen. Txostenean kontatzen denari kontrapisua egiten dion istorioa, itxaropenerako kontrapuntua. Izan ere, gaurik beltz eta luzeenean ere pentsatu behar dugu eguna argituko duela noizbait.

Share this Post: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Noticias Relacionadas

Deja tu Comentario