Gozategi taldeari elkarrizketa “G puntua” diskoari buruz

Abesti berririk argitaratu gabe zortzi urte luze egin ondoren, eskuartean dugu  Gozategi taldearen itzulera diskoa. G. da bilduma berri honen izenburua. Ez da erraza izan, baina Zingel single-kantuaren bideoklip grabazio egunean harrapatu ditugu Iñigo Goikoetxea eta Asier Gozategi.

Galdera: Zortzi urte ez al da gehiegi ezer argitaratu gabe egoteko?

Iñigo: Asierrengatik izan balitz aspaldi atera behar zuen disko honek, baina gure bizitzek bide ezberdinak hartu dituzte azken urte hauetan, eta bakoitzaren erritmo hori errespetatu nahi izan dugu. 25 urte baino gehiago egin ditugu elkarrekin, eta ez genuen presakako ezer probokatu nahi.

Asier: 2012an egin genuen All Stars bilduma lana eta handik aurrera hasi nintzen ni kantu berriak izan zitezkeen ideiekin telefonoa betetzen. Joan den urtean 25. urteurrena eta guretzat oso bereziak izan diren kontzertuak etorri ziren. DVD eta CDa ere Durangorako eta horrekin ez nuen nahikoa, beste pauso bat behar nuen eta segituan hasi nintzen beste hauek berotzen…

G: 25 urtekin, kontzertu eta CD eta DVD, orain disko berria… Norbaitek pentsa lezake 2017ko urteurren hori mugarri modura hartu duzuela. “Ikusiko dugu zer gertatzen den aurten eta erantzunaren arabera erabakiko dugu zer egin, jarraitu edo utzi edo…”

I: Ezta pentsatu ere! Hori baino pasionalagoak gara musika egin eta taula gainera igotzerakoan. Merkatu mundu hori horrela kontrolatu izan bagenu ziurrenik beste era batera egingo genituen gauzak, baina gurea kantuak egin eta oholtza gainean aritzea da.

A: Joan den urtean leku bat baino gehiagotan tratatu gaituzte despeditzen arituko bagina bezala. Gure agurreko kontzertuak izango balira bezala. Eta guk ez dugu inoiz horrelakorik izan buruan. Eta esan, oraindik gutxiago! Niretzat 25.a ez da 26.a baino inportanteagoa, bainan badu borobiltasuna, eta iruditzen zitzaigun hori gure inguruko lagun guztiekin ospatu behar genuela. Eta hala bizi izan genuen, ospakizun modura.

G: Nola joan dira zilarrezko eztei ospakizun horiek?

I: Zoragarria izan da benetan! Iruñeko San Ferminetako Gaztelu Plaza, Donostiako Sagues, Bilboko Plaza Berria… Denak leporaino beteta. Jendearen aurpegiak. Taula gainean bizitako ilusioa… Beti pentsatu izan dut euskaldunok badugula beste herriek ez duten zerbait eta hori plaza da. Plaza eta bertan sortzen den giroa. Euskaldunok kalejira bat dantzatzen dugunean, era guztietako jendeak, kolore, edade eta pentsakera ezberdineko jendeak bat egiten dugu plazan, elkarri eskutik helduta eta hori joan den urtean jendetza baten aurpegi eta oinetan ikustea ikaragarria izan da.

G:Bai? Sasoiko dago plaza orduan?

I: Berriz ere bai! Plazak aspaldian ez bezala ikusten ari gara. Inoiz baino jende gehiago, giro beroagoa, jende gazte piloa. Dantzan gainera!

A: Plazak izan ditu urte kaxkarragoak bainan orain udalak konturatu dira plazan inbertitzeak bere erantzuna duela. Plazan dirua inbertitzen bada hori itzuli egiten du plazak, bainan dirurik sartzen ez bada zorrak egiten dira.

G: Zortzi urtean disko munduan ere izan da aldaketarik. Salmentak ez daude momenturik onenean. Galdera segituan sortzen da: Zergatik diskoa orduan? Baina erantzuna diskoak berak ematen du. Fandangoak, kalejirak, zirri-zarra… Hau berriz ere jendea dantzan jartzeko musika eta diskoa da.

I: Bai. Hori da Gozategi. Guk plazan, jendaurrean gozatzen dugu. Guk plazari ematen diogu eta guri plazak ematen digu. Elkarren beharra  dugu. Baina ere berean ez genuen jendearen partetik kantu berrien eskaririk ikusten. Behar hori geurea da. Garaiak ere aldatu egiten dira, beste momentu batzuk bizi dituzu, sentsazio ezberdinak eta hori kantura ateratzeko, hori erakusteko beharra sentitzen genuen. Guk onartzen dugu ez garela sekulako letrista eta musikariak bainan gure momentuak kantu egiten badakigu eta disko honetan dagoen hau da 2018ko Gozategi.

A: Zerbait egin edo grabatu behar dudan bakoitzean beti saiatzen naiz entzulearen azalean jartzen. Nik zer entzun nahiko nuke? Hori da nire buruari egiten diodan galdera. Eta horri emandako erantzuna da G. diskoa. Gu saiatzen gara ezagutzen ez ditugun munduetan ez sartzen. Badakigu noraino iristen garen eta gure mugetan ahal dugun guztia ematen saiatzen gara.

G: Kantuen hitzak aipatzen hasita, Asier, hitz gehienak zureak dira, ezta?

A: Bai, Afrikari buruzko kantuko hitzak Jon Sarasuak egin dizkigu eta Xabier Sukia, bertsolari eta lagunak, diskoko trikitixaren hitzak egin dizkigu eta gainera oso polita geratu da hori. Elkarrizketa bat da, ni eta eskuartean dudan trikitixaren arteko elkarrizketa. Diskoaren izenburuko G. hori ere bere proposamena da. Izen askorekin genbiltzan eta berak eman zuen laburdurarik onena.

G: Aita ere presente duzu diskoan Asier. Aitak hutsune handia utzi dizula badakigu, sare sozialetan ere behin bano gehiagotan despeditu eta gogoratu duzu.

A: Bai. Aita joan den urteko ekainean zendu zen. Eta, ni beti izan naiz sentibera inguruko norbaitek familiarteko edo lagun bat galdu izan duenean. Badakit horrek zer hutsune uzten duen.  Baina orain niri tokatu zait eta oso gogorra egiten ari zait. Hau kolpe handia izan da.
Disko hau borobiltzeko fandango on bat sartu nahi nuen. Hunkituko ninduen fandango bat. Disko batek behar du fandango on bat. Eta etxean, San Nikolas bezperan gainera, aprobak egiten ari nintzela atera zitzaidan melodia hau. Ez zen nire asmoa aitarentzat fandangoa egitea, baina melodia honekin, joan zaidan aita alboan nuela sentitu nuen. Eta biak lotu ziren. Fandangoa eta aita.

G: Gainontzean lehengo lepotik burua. Salatzaile eta umoretsu. Politika. Euskara. Taberna giroa. Gizarte gaiak. Gure kultura…

I: Bai lehengo lepotik burua. Egia da urteak pasa direla eta aldatzen goazela. Gauzak aldatu dira, gauza berriak datoz eta garai batekoak ere ia ez dira berdin ikusten, baina duela 25 urte egindako lehen abesti haiek zuten izpiritu bera dute berri hauek ere. Horretan Gozategi izpirituak indartsu jarraitzen du.

A: Nola ba aldatu? Egoera edo panorama berbera bizi dugu eta. Okerragoa ez bada gainera! Kultur eragileok hor badugu erantzukizuna, eta norberak apur bat egitearekin nahikoa dela uste dut. Ez zait gustatzen Euskal Herriko hiririk handienean edo herririk txikienean edo hemendik kanpoko edozein lekutara joan, Madril, Italia… eta denean gauza bera entzutea. Hemen badira hori baino kantu alai, jostagarri edo tristeagoak edo dena delakoak. Guk hemen kultura bat jaso dugu eta hori da orain ematen ari garena, hurrengoek, denek,
gauza bera, bat eta bakarra, jasotzen badute nik ez dakit zer transmitituko duten.

G: Garai politiko eta sozial mugituak bizitzen ari gara: ETAren agurra, Altsasuko gazteen epaiketa, presoen egoera, Katalunia…

A: Duela urte batzuk, norabitek esan baligu orain horrela egon behar genuela txoratzen jarriko ginen. Baina, orain momentua iritsi denean, dena hankazgora dagoela ematen du. Ia ez dago ETArik, eta esan liteke bukatu direla herri honen behar guztiak, Baina hori ez da egia! Beste behar asko dago hemen oraindik. Oraindik asko dago egiteko. Euskarak berak, eta bizi duen egoerak, momentu oro norbaitek zaintzea eskatzen du. Dagoen bezala uzten badugu, hori beheraka doa. Horrek eguneroko lana eskatzen du.

G: Artzainari inoiz ez omen zaio galdetu behar zenbat ardi duen. Euskal Herriko musikari bati, musikatik bizi den galdetzerik ba al dago?

A: Musikatik bizi? Ezta pentsatu ere! Orain behintzat ez! Musikari izan zintezke eta zure taldeak libre uzten dizkizun ordu horiek irakaskuntzara eta bideratzen badituzu aterako suzu jateko adina, baina taldeak ematen dizunetik ezin zara bizi. Eta gainera, ez zenuke bizi behar!!! Horrek beharra sortzen du eta. Disko kopuru bat saldu beharra, kontzertu kopuru bat eman beharra… Eta horrek berak akabera dakar.

 

Share this Post: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Noticias Relacionadas

Deja tu Comentario