“Gizateriaren alde ilun eta samurrena islatzen du”

Maialen Marin eta Aiora Jaka Mo Yan-en Hori da umorea, maisu! liburuaren aurkezpenean

Yan Lianke idazle txinatarraren Balou mendikateko balada euskaratu dute Maialen Marin-Lacarta eta Aiora Jaka Irizar itzultzaileek, lau eskutara. Egile indartsua da Yan Lianke, Txinako gizarteko arazoak islatzeko estilo berezia duena, aldi berean higuina eta lilura sor ditzakeena. Idazle saritua eta zentsuratua da aldi berean bere herrialdean, nazioartean ere gero eta ospetsuagoa, eta berak eskatuta euskaratu dute nobela hau itzultzaileek. Haiekin hitz egin dugu.

Hasteko, Maialen, nondik nora iritsi zinen zu kultura txinatarrera eta Hong Kongera?

M.M.: Ia lau urte daramatzat Hong Kongen bizitzen baina duela hamazazpi urte hasi nintzen txinera ikasten, 2001ean, Universitat Autònoma de Barcelonan. Geroztik, Txina eta Europa artean hainbat joan-etorri egin ditut. 2004an joan nintzen lehen aldiz Pekinera ikastera, eta gero berriro 2007an. Taiwanen ere pasa nuen denboraldi bat 2009an. Kultura txinatarrera kasualitatez iritsi nintzela esan daiteke, baina iristea gauza bat da eta ikasten jarraitzea beste bat. Hasiera batean hizkuntzak erakarri ninduen, eta gero, pixkanaka, literaturak. Beraz, 2008an, Pekineko Unibertsitatean ikasten ari nintzela, Parisera joatea erabaki nuen txinatar literatura ikasketak sakontzera. Han masterra eta doktoretza ikasi eta gero, orain txinatar literatura eta itzulpengintza irakasten ditut Hong Kongen.

Eta noiztik ezagutzen duzue biok elkar?

A.J.: Txikitatik ezagutzen dugu elkar Maialenek eta biok, ikastolatik. Maila berean ez geunden arren, euskal dantza elkarrekin egiten genuen, eta gerora ere mendi-irteera batzuetan kointziditu genuen. Ikasketa garaian nor bere aldetik ibili ginen luzaroan, unibertsitate eta herrialde desberdinetan, noizbehinka besterik ez genuelarik elkarren berri: Maialenek euskal itzulpengintzari buruzko zerbait behar zuenean jotzen zuen niregana, eta nik, berriz, txinatar itzulpengintzari buruzko zerbait ikusten nuenean idazten nion. Hala, 2012an, Mo Yan Nobel sariduna euskaratzeko Jokin Zaitegi lehiaketara aurkez zedila esan nion, bere tesian aztertua baitzuen jada autore txinatar hori. Eta orduan lehiaketara elkarrekin aurkeztea proposatu zidan berak.

Nolakoa izan zen esperientzia?

M.M.: Esperientzia oso ona izan zen, horregatik errepikatu dugu Yan Liankeren liburuarekin! Lan sistema zertxobait ezberdina izan zen. Mo Yanen liburua itzuli genuenean, ipuin batzuen kasuan hiru testurekin egin genuen lan, txinerazkoa eta itzulpen ingelesa eta frantsesa. Beste ipuin batzuk txineraz eta ingelesez baino ez genituen. Bi hizkuntza hauetan genituen ipuinak nik txineratik itzuli eta gero Aiorak zuzendu zituen, ingelesezko itzulpena eredutzat hartuta. Hainbat ipuin Aiorak frantsesetik itzuli eta nik zuzendu nituen, txinerazkoari jarraituz. Frantsesezko bertsioa ingelesezkoa baino fidelagoa zela iruditu zitzaigula esan daiteke. Oraingo honetan, ordea, lehen zirriborroa neuk egin dut txineratik eta gero Aiorak zuzenketa eta aldaketak proposatu ditu, ingelesezko itzulpenarekin konparatuz.

Horrek lan handia dakar, ezta?

A.J.: Bai, itzulpenaren lau edo bost bertsio ezberdin egin behar izan ditugu pozik geratu garen arte; bion artean joan eta etorri asko egin ditu testuak.

Autore saritua eta zentsuratua aldi berean

Nor da Yan Lianke eta zergatik aukeratu dituzue egile hau eta liburu hau euskaratzeko?

M.M.: Yan Lianke Txinako autore famatu eta polemikoenetako bat da. Hirurogei urte ditu eta, bere belaunaldiko beste autore batzuk bezala (Mo Yan esate baterako), armadan hasi zen idazle gisa. 2004an armadatik bota zuten Bizitzaren gozamena (Shouhuo) eleberria idatzi eta gero. Txinan autore saritua eta polemikoa da aldi berean; beraz, hiru eleberri Txinatik kanpo (Hong Kong, Taipei eta Singapurren) argitaratu behar izan ditu. Saritua eta zentsuratua izateak kontraesana dirudien arren, Txinako zentsuraren konplexutasuna islatzen du.

Duela bost bat urte, Yan Lianke gaztelerara itzultzeko aukerak ihes egin zidan, orduan beste bi libururen itzulpenarekin lanpetuta bainengoen (Shen Congwen eta Mo Yan)  eta ezin izan nuen enkargua eskatzen zidaten epean onartu. Horrek pena handia eman zidan eta, horregatik, poz handia ematen dit orain euskarara itzuli ahal izanak. Lankide bati esker, duela bi urte Yan Lianke Hong Kongen ezagutzeko aukera izan nuen, eta berak eskatu zidan liburu hau euskarara itzultzeko; beraz, liburua autoreak berak aukeratu zuen. Halere, Yan Liankerekin hasteko (bai irakurleentzat eta bai itzultzailearentzat) oso hautu ona dela iruditzen zait, bere eleberri gehienak luzeagoak eta zailagoak baitira. Zorte handia izan dugu, izan ere Elkarri proposamena egin eta berehala baietz esan ziguten. Yan Lianke itzultzea luxu bat da niretzat! Mo Yanen tamainako idazlea da dudarik gabe.

Oso bestelako kultura batekoa izanda ere, badu unibertsala den taupada bat, ezta?

A.J.: Bai. Geografiari, kulturari, tradizioari edo egunerokotasunari loturiko xehetasun asko exotikoak gerta dakizkioke eleberri honen irakurle euskaldunari, baina gizakiaren baitako kezka, desira, sentimendu eta ametsen alorrean bada halako unibertsaltasun bat. Edozein irakurlek senti ditzake bere-bereak eleberri honetako pertsonaiek agertzen dituzten beldur, gorroto, samin nahiz frustrazioak, eta hasieran hain zakarra dirudien protagonista bera ere, eleberrian zehar agertzen duen maitasun, ausardia eta erabakitasunaren ondorioz, oso hurbileko senti dezake bukaeran edozein irakurlek.

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina