Goiatz Landaribar: Tren-geltokiak eta Europako hiriak, Igartza sariaren protagonistak

Zer da Interrail izeneko proiektu hau?
Ipuin-bilduma bat da. Ipuin bakoitza Europako hiri batean gertatzen da. Pixka bat bidaia baten antzekoa da, hiri horietan pasatzen diren istorioen bidez kontatu edo bizitua.

Zure lehen liburua izango da, oker ez bagaude. Kontatuko diguzu zure orain arteko ibilbidea, eta beka honetara aurkezteko motibazioa?
Bai, hala da, lehendabizikoa. Txikitatik idatzi izan dut eta zenbait sari irabazi izan ditut, batez ere gaztetxo nintzela: Urruzuno, Tene Mujika, Villabonako maitasun gutunen lehiaketan… Gero, unibertsitateko urteetan askoz gutxiago idatzi izan dut eta, egia esan, duela gutxi hasi naiz berriz idazten. Orain dela denbora bat hasi nintzen Europan barrena egindako bidaia baten inguruan zerbait idaztea pentsatzen, baina ez nuen asmatzen nola lotu tokiak, edo zer idatzi… Duela hilabete batzuk, lotura hori nola egin ikusi nuela iruditu zitzaidan. Igartzako deialdiaren berri jaso nuen eta aukera polita izan zitekeela iruditu zitzaidan. Zergatik ez probatu. 

Zenbat ipuin izango ditu liburuak, eta zein hiritan kokatuak?
Hamar-hamaika ipuin izango ditu. Hiri hauetan kokatutako istorioak izango dira: Hendaia, Marseilla, Geneva, Venezia, Trieste, Ljubljana, Zagreb, Pula, Genoa eta Niza.

Zuk zeuk ezagutzen dituzu hiri horiek guztiak?
Bai. Duela hiru urte interrail bidaia egin nuen lagun batekin, eta hain zuzen hiri horietan barrena egin genuen bidaia. Hiri bakoitzak bere arrastoa utzi zuen gugan. Horrelako bidaia batean milaka abentura eta milaka anekdota bizitzen dituzu, eta zaila da ahaztea.

Zure esperientzia pertsonalak sartuko dituzu ipuinotan, ala…?
Ipuinak fikziozkoak izango dira. Batzuetan, han bizitutako edo ikusitako zerbait izan da narrazioa abiatzeko aitzakia, edo ideia… Baina pertsona bakar batek deskubrituko lituzke fikzioaren barruan dauden bizipen erreal horiek: bidaia nirekin konpartitu zuen lagun hark.

Hiriak eurak garrantzitsuak dira, ala aitzakia bat, buruan daukazun istorioa kontatzeko?
Garrantzitsuak dira, istorioari eremua jartzen diotelako. Buruan ditudan istorioak, egia esan, okurritzen zaizkidan bitartean argi ikusten dut zein hiritan gertatu behar duten. Zagrebekoak Zagreben izan behar du, eta ez Nizan.

Toki bakoitzak bere kutsua erantsiko dio istorioari, ala aski globalizaturik eta berdindurik gaude honezkero?
Nik uste toki bakoitzaren esentzia –edo nik jaso nuen esentzia, behintzat– islatuko dela. Agian istorio hauek beste toki batzuetan ere gerta zitezkeen, baina ez ziren berdin-berdinak izango, elementu batzuk nahitaez aldatuko lirateke.

Zer-nolakoak izango dira ipuinak, lotzen dituen ezaugarririk balego?
Ez da gairik edo protagonistarik errepikatuko ipuinetan. Baina guztietan, hiri horietako tren geltokiek badute bere toki esanguratsua. Proiektuaren izenburuarekin duen lotura ere horrexek ematen dio. Interraila, hain zuzen, trenez egiten den bidaia da, hori da bere ezaugarri nagusia, eta iristen zaren edozein tokitan lehenengo eta azkena ikusten duzuna horixe izaten da: bertako tren geltokia.

Eta ze gai mota landuko duzu bertan?
Ipuin bakoitza gai desberdin baten ingurukoa izango da. Askatasuna, alde bakarreko maitasuna, errutina, tokiz kanpo sentitzen denaren sentimendua… 

Ipuina sentitzen duzu generorik gustukoena ala beste batzuk ere probatu nahi dituzu?
Idazten dudanean, behar edo nahi dudalako egiten dut. Beraz, gustura sentiarazten nauena idazten dut. Batzuetan ez dut pentsatzen ipuin bat idaztera hasten naizela, baina bukaerako emaitza hori da. Eta, egia esan, ez naiz askotan ausartu edo iritsi beste genero batzuk idaztera. Batzuetan ipuinak idaztea errazena dela ere iruditzen zait. Nobela batek, esate baterako, konstantzia gehiago exijitzen du, ideiak luzaroago josi beharra, dena logikoki lotu beharra… Hala ere, orain Interrailen proiektuan sartuko naiz buru-belarri, eta aurrerago zer gertatuko den, ikusiko dugu.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina