Hitzezko txalupak – Josu Martínez

Ibilbide bitxi eta multimedia izan du proiektu honek, ezta? Zinema, Internet, irrati…
Bai. Alfonsok eta biok, “Sagarren Denbora” pelikularen bidez ezagutu genuen elkar. Bera kamara aurrean eta ni atzean. Baina filma bukatuta, gure harremanak aurrera segitu zuen, maiztasun zehatzik gabe baina puntualtasun handiz elkarri gutunak idatziz. Gero, joan den urteko irailean, duela zortzi urtetik Euskadi Irratian egiten ditudan kolaborazioetan aldaketa bat egin nahi nuela-eta, Arantxa Iturberi proposatu nion, hamabostean behin “Afrikako Osabari” idatzitako gutun bat irakur nezakeela zuzenean, aktualitateko berriak eta nire gogoetak kontatuz… eta bere iniziatibaz, Afrikako osaba gutun haiek erantzuten hasi zen. Hauek irratian lekurik ez zutenez, blog bat sortu eta bionak bertan eskegitzen hasi ginen orduan. Eta irrati-ikasturtea bukatuta, denak liburuan biltzeko ideia etorri da. Enfin, teatro-obra baino ez zaigula falta.

 

Gutunketa gutxitan bihurtu da literatura gure artean. Zergatik ote? Eta zergatik zuen salbuespena?
Ez dakit, euskaldunak lotsatiak omen gara geuri buruz berba egiteko orduan; agian horregatik izan daiteke. Edonola ere, nik asko maite dudan generoa da. Hurbila da, badu berezko benetakotasun bat…. eta, bestalde, fikzioa ez den kasuetan, dokumentu historiko ezin baliosagoa da. Jon Mirande, adibidez, Peillen eta Ibiñagabeitiarekin trukatu zituen gutunak irakurriz ezagutu dut nik ondoen; hamaika biografia irakurrita baino gehiago…

 

Liburuetan gutxitan ikusi da euskara-gaztelania bizikidetza hori…
Gure gutunezko dialogoa honela eman da, Alfonsok euskara ulertzen duen arren, ez baitu nahikoa trebetasun gure hizkuntzan idazteko. Eta naturalena honela uztea iruditu zitzaigun, itzulpenik bortxatu gabe, bi hizkuntzak espazio berean elkarbizi daitezkeela frogatuz, gure harremanean bezala. Alfonsok ez dit sekula eskatu nik espainolez egitea, eta bere euskarazko gabeziak konpontzeko edo nire hitz guztiak ulertzeko ahalegina egiten du egunero. Gizartean, euskaldun ez diren askok haren jarrera erakutsiko balute, askoz hobeto geundeke hainbat arlotan. Bestalde, komunikatzea ez da bakarrik hizkuntza berdina erabiltzea, elkarrekin komunikatzea (“komunio” hitzetik dator) elkar ulertzea ere bada, desberdintasunetik abiatuz elkar ulertzen saiatzea, eta Alfonso eta nire arteko harremanak badu horretatik.

 

Lan honen giltzarri bat beharbada da egile bien arteko konexioa, eta aldi berean haien arteko kontrastea.
Bai, bistan da Alfonso eta biok gaua eta eguna baino ezberdinagoak garela. Adinean, jatorrian, bizitzako ibilbidean, eguneroko bizitzan, trebetasunetan…. Eta hala ere, badira batzen gaituzten gauzak, eta, akaso horiengatik, beti hurbil sentitu gara elkarrekiko. Esan dezagun gutun liburu hau pilota partida bat dela (“orain ni, orain zu”) baina biok pareta bera dugula artekari.

 

Zuen arteko harremanez gain, edo horrekin batera, ikasturtearen kronika moduko bat ere egiten duzue. Zein izan dira mugarri nagusiak?
Urteko mugarriak zein diren esateko ni ez naiz inor. Baina edonork gutun bat idaztean egiten duen bezala, geuk ere geure inguruan pasatzen diren gertakariak komentatzen ditugu gutunetan; hala, gauza pertsonalak aurkituko ditu irakurleak (Alfonsoren emazte Kristiane Etxaluzen joan etorriak, nire bidaiak, kontzertuak…), baina baita akontezimendu orokorragoak ere: Korrika, Danborrada, Sao Tome edo Euskal Herriko hauteskundeak, ETAren su-etena, gazteen atxiloketak….

 

Zeure buruaz hitz egiteko ez dizugu eskatuko, baina, nola ikusten duzu Alfonso Etxegarai?
Desterruko irlatik hitzezko txalupetan ihes egin ohi duen gudari naufrago bat bezala.

 

Liburuak badu beste protagonista handi bat: Kristiane Etxaluz…
Kristiane, Alfonsoren emaztea izateaz gain, hark Euskal Herriarekin duen lotura zuzenena da; urte erdia Afrikan egiten baitu eta beste erdia hemen. Horregatik, Alfonso eta bion arteko zubia ere bada Kristiane, eta batarekin ez dagoenean bestearekin egoten denez, maiz agertuko da gure gutunetan, Alfonsok ematen dion izenarekin, “Marí”, Anbotoko dama bezala.

 

Eta beste egile bat: Alain Urrutia.
Alain aspaldiko laguna dut, Santutxukoak baikara biok, eta hainbat batailatan borrokatu baikara aurretik elkarrekin. Irudi ederrak egin dizkigu eta poz handia daukat bera ere proiektu honen parte bihurtu delako. Gainera, Beijingetik egin du lan, han egon baita, erakusketa bat egiteko beka bat medio; hala, Euskal Herria-Afrika konexio honetan Asiarekin falta zitzaigun kontaktua bihurtu da.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina