Iñaki Irasizabal: “Kirol profesionala bezalakoa da politika: batzuek dena irabazi eta beste batzuek dena galtzen dute”

Iñaki IrasizabalIñaki Irasizabal idazlea Politika zikina (Elkar) eleberriarekin dator. Bere ohiko nobela beltza alde batera utzi du oraingoan, baina gizarteari begi zorrotz eta umoretsuz begiratzen jarraitzen du.

Politika zikina ez da, zure aurreko liburuen antzera, nobela beltza; aldatzeko gogoa zenuen?

Bai, egia esan, bai. Ez naiz sekula beltzaren estereotipora estu lotu, eta haren betebeharrak ahaztu nahi nituen.

Hala ere badu aurrekoekin antzik: kontatzeko modua, pertsonaiak tratatzeko era, gizartearen gaineko begiradak…

Funtsean ez dut gauza handirik aldatu.

Lehen gure gizartean kokatutako istorioak asmatzen nituen, eta orain gauza bera egin dut.

PSEko politikoak dira, baina berdintsu izan zitezkeen beste alderdi batekoak, ezta?

Hasieran alderdi imajinario bat asmatu nuen. Dena hiri imajinario batean gertatzen da eta nire alderdia hauxe izango zen: HH, Hiri Hobea. Egia da askatasun gehiago ematen dizula aukera horrek, baina berehala konturatu nintzen ez zeukala interesik inorentzat. Gero, proba desberdinak eginda, pentsatu nuen posibleen artean PSEk zeukala ideologia aldetik bere barnean aniztasun gehien, eta liskarrak antzezteko aukera onena horixe iruditu zitzaidan

Zer da alderdi politiko baten barne bizitzan gehien interesatzen zaizuna?

Nik egia esan urte piloa da botorik ematen ez dudala, baina politika oso intetesgarria iruditzen zait narratiba bezala. Kirol profesionalarekin parekatuko nuke: hauteskundeak dauden bakoitzean batzuek dena irabazi eta beste batzuek dena galtzen dute. Epika, estrategia, soziologiaren ezagutza, antropologia ere aipatuko nuke…

Komunikabide eta sareen erabilerak ere badu garrantzirik traman, ezta?

Narrazio errealista izan nahi duen heinean, horrela behar zuen. Nobelaren alderdi hori errealitateak berak idatzi duela esango nuke nik.

Eta jokoen teoria? Aspalditik intetesatzen zaizu?

Matematiken adarra omen dira eta ni ez naiz matematika zalea. Hala ere, bai, interesatzen zait. Jokoen teorian zuhurra izan beharra dago eta jakiteak garrantzi handia du. Podolski futbolistak futbolari buruz esan zuen  bezala: xakea bezalakoa da, baina dadorik gabe. Nash ere sartu nahi nuen nobelan eta bere berdinketa infinitua, baina azkenean kanpoan geratu zen, beste gauza asko bezala, argumentua ez behartzeagatik.

Estatu Batuetan eta beste herrialde batzuetan egin dira hainbat artelan, liburu, telesail eta filmak, politikarien kanpaina-arduradunen inguruan; kontuan hartu dituzu halakoak?

Bai, noski, filmen bat aipatu ere egiten da. Dena dela, orain modan dauden telesailek ez didate gehiegi lagundu: Borgen, politikoki zuzenegia iruditu zitzaidan; House of cards amerikarra berriz beste muturra, parodikoegia eta House of cards ingelesa berriz hotzegia, urrutiegiko kontuak balira bezala.

Edozein modutan, zure pertsonaiak askoz ere maila apalagokoak dira, etxetik ibiltzeko modukoak.

Lan handia egiten dut beti pertsonaiak sinesgarriak izan daitezen hemen, gure testuinguruan.

Zinikoak, aprobetxategiak, gezurtiak eta desleialak ageri dira politikariok; baina ez nuke esango maltzurrak direnik; nahiko humano marraztu dituzu.

Ez dut uste politikoak gu baino okerragoak direnik, hobeak ere ez. Nobelaren morrontzak dira horiek. Egin beharrekoa egiten duen jende zintzoarekin ez dago narrazio bat osatzerik.

Amaitzeko, galdera gaiztoa ez bada, gure inguruko politikarien artean, zein iruditzen zaizu obra literario batean erabiltzeko modukoak eta zergatik?

Iragan hurbilera joanda, Iñaki Azkuna edo Odon Elorza eta beraien aholkulariak udalerako hauteskunde kanpaiña batean. Arnaldo Otegi lehendakari moduan, kudeaketa arazo zehatzen aurrean jarri eta nola jokatuko lukeen pentsatuta, bere erabakien ondorioak eta abar.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina