Iñaki Sagarna eta Lander Aranberri ikerlari gazteek irabazi dute Tene Mujika beka
Iñaki Sagarna eta Lander Aranberri ikerlari gazteek irabazi dute Tene Mujika beka, euskaldunek Israel-Palestina auziaren aurrean izan dugun bilakaera aztertzen duen proiektu batekin. Euskal Herriko historia hurbilaz idazteko ez-fikziozko proiektuak saritzen ditu Debako udalak eta Elkar argitaletxeak antolaturiko beka honek. Aurten aurkeztutako proiektuen artean Sagarna eta Aranberrirena eman du irabazletzat Kristina Berasainek, Eneko Bidegainek eta Cira Crespok osatutako epaimahaiak, eta orain urtebeteko epea izango du sarituak lana burutzeko, gero liburu gisa argitara dadin.
Zehazki, “Eretz-Herria: euskal erresistentziaren Israel-Palestina auziarekiko begirada 1950-1980 urteen artean” du izenburua ikerlarien proiektuak eta bertan aztertu nahi dute euskal mugimendu abertzaleak (bere espresio politiko desberdinetan) nola ikusi izan duen gatazka hori, Israelgo estatuaren sorreratik XX. mendearen azken hamarkadetara. Arreta berezia eman nahi zaio kultur munduari; izan ere, hebreeraren biziberritzeak lilura eta jakin-min galantak sortu zituen garai bateko euskaltzaleen artean, baita kibbutz-en mugimenduak ere.