“Liburu honetan nire eta nirekin dabiltzanen alde idatzi dut”
Itxaro Bordak (Baiona, 1959) Zure hatzaren ez galtzeko poema-liburua aurkeztu du, Elkar argitaletxean. Ez berriena delako, egiaz hala iruditzen zaigulako baizik, olerki-liburu hau idazle lapurtarrak argitaratu duen biribilena da.
Has gaitezen izenburutik. Zer da edo norena, galdu nahi ez duzun hatz hori? Eta zein da gizakiok begien bistatik sekula galdu behar ez genukeen hatza?
Pertsona zehatz batena baino uste dut galdu nahi ez nukeen hatza bizitza soilarena dela, batzuetan iruditzen zaidalako egunerokotasunak guztia irensten, ezabatzen eta lehertzen duela. Jendetasunaren hatza, marka hori gure hitz, kultura eta jaiduretan, itsumandoka berreskuratzeko bideetarik bat izan daiteke poesia.
‘Poema guztiak dira amodiozkoak’, horrela dio poesiaren lege zahar batek. Maitasun istorio bat al da Zure hatzaren ez galtzeko honek kontatzen duena?
Bai eta gainera ene ohiko amodiozko istorioa, berrogei urte hauetan irauten duena, huts egin gabe sekula, euskararekikoa dela hain zuzen ere. Masakratzen dut, gozatzen dut, infidela natzaio, baina hor dut beti hatz, buru zokoan, ezin a-hatz.
Poemaren emozio-sarrera gisakoak dira poemen izenburuak ere. Berebiziko garrantzia hartzen dute. Nondik dator izenburuen sinbolizazio horren haria?
Izenburua ate bat da, poemaren leitzeko norabidea proposatzen dio irakurleari. Baina noiztenka alderantziz da, poemaren argitasuna uhertzen du. Titulua olerki bat da funtsean, pixka bat margo baten azpian agertzen den obraren izena (edo gabea) laburtzen duen eledia bezala.
Espresio-moldea gaur-gaurko ahots aniztasunaren araberakoa iruditu zaigu, baita liburu osoaren egitura estetikoa ere. Euskararekin beste hainbat hizkuntza txertatu dituzu poema askotan, rock n’rollaren erritmoak poesiaren hizkuntza berean. Liburua irakurrita, idazten izugarri gozatu duzula ematen du.
2008 eta 2014a artean idatzi poemak dira, munduko leku ezberdinetan. Maite dut hizkuntzak euskararen isurian sartzea erakusteko euskara ez dela lur honetako mintzairen biribilketatik kanpo geratzen. Laket zaizkidan rock edo kanta zatiak dira ingelesezko perpaus zenbait, islandiera, nahualtera eta gaelikoa halaber agertzen direla poeta omenez, gutarik hurbilagoak diren mintzairetaz gain.
Asko gustatu zaigu ‘Bang Bang” poema. Egin dezagun irudimen ariketa bat. Imajina ditzagun Britney Spears eta Madonna zure poesia irakurtzen. Zer esango lukete egileari buruz?
Agian harrituko litezke euskaraz idazten duen bat beraien lanari interesatzen zaiela ikustean. Madonna egia erran ez hainbeste, Kalaka taldekoak lagun dauzkalako. Ziur aski bagenuke asko eta asko elkarri kontatzeko. Musikak fazinatzen nau txiki-txikitatik. Gabe ezin naiz bizi, izan Eztitxu, Beethoven ala Madonna.
‘Arrotz intimoa naiz niretzat’, diozu bertso bikain bakarrean. Une honetan, zein dira bizitzaren zentzuari eta niaren patuari ematen dizkiozun erantzunak?
Denbora pasatuagatik oraindik ere guztia ikasteko dudala eta altxatzen den egun bakoitzean niaren patua arinduz, naif eginez aitzinatzen naizela pentsatzea bultzagarria zait. Idazten jarraituko dut neronekiko arrotz izango naizeno.
Ezkorra eta kritikoa, ironikoa eta erromantikoa, lazgarri eta bizizalea… horiek izan daitezke poemetan gailentzen diren giroak. Horren adibide da, zalantzarik gabe, ‘World is starving’ zure poema. Mendebaldeko zibilizazioaren eta gizatasunaren oinarriekin batera, hitza bera usteltzen ari den honetan, zein behar du poetaren zeregina?
Poetak ez du zeregin handirik non ez den bere ingurukoekin batera ikusten, bizitzen eta senditzen duenaz idaztekoa. Errealitate anitzetik abiatuz izkiriatzea errealitate anitza pairatzen duten irakurle ezezagunentzat.
Bereziki liburu honetan, zerk piztu du zure hitzen ezinegona?
Egoera ekonomikoa pornografikoa iruditzen zait, tragikoa bereziki tragedia landu duen herriak olderik latzena jasan duenean, ezin egonez utzi nau, hitzik gabe zenbaitetan.
Baina zurea poesia a-soziala dela diozu.
Erran nahi dut ideologia eta ele gabetua bezala doala ene poesia, jendartearen antzera, dolorea edo poza soilik eta biluzik azaltzeraino. Desertua denetara hedatua bailitzan.
Nantucket uharteko portua, Chapultepec-eko basoa, Etiopiako Ganbela lurraldea, Bartzelona, Bilbo… Lekuek garrantzi handia dute, izan Euskal Herrikoak, izan kanpokoak, liburuaren barruan. ‘Mapa mundia tatuatu dut begiaren zurian’ diozu poemetako batean.
Euskaraz idatziagatik mundua da gure hausnar-lekua, ez gara mundutik kanpo bizi, gainera gaurko egunean, media ezberdinen bidez berriak, ardura gogorrak, alde guztietatik jasotzen ditugunean. Poesiari esker kanpokoa barneko bihurtzen da, eta alderantziz, distantziarik gabe sekula. Leku enblematikoak ere dira literatura mailan, bai eta maila pertsonalagoan ere.
Eta, zer esanik ez, izen-deiturak, hots, liburuak duen nortasunaren parte izatera gonbidatu dituzun bidaideak. ‘Telepatia konplize’, esaten diezu, ezin ederrago.
Poesia eta nagusikiago literatura beti inguruarekin, inguruko kideekin, ezagun ala ezezagunekiko zorretan kometitzen da. Bakartasunik handienean idatzi arren, bada irakurle fantasmatiko bat buruan eta harentzat izkiriatzen da lehenik.
Adrienne Rich, Amaia Lasa, Maria Mercè Marçal, Leire Bilbao edota Castillo Suarez poetak, besteak beste, ekartzen dituzu hainbat poemaren protagonismora. Emakumezkoen literatura bezala kontsideratzen denari buruz galdetu nahi dizugu: Nabarmena izateko hainako tamainakoa al da emakumeek idatzitako obrek XXI. mendean duten eragina?
Baiezkorra izatea leporatuko didate baina egia da XX. eta XXI. mendean emakumeek beraien bidea urratzea lortu dutela literaturan, poesian, ikerketan, musikan. Egiteko asko dago, hargatik nahi nuen nire ekina ere ildo horretan jarri. Omentze eta identifikatze aldera.
“Emakumea izan arren, koiote lumadunak maite ditut” bertso zoragarria aurkituko du irakurleak. Ez feminitatea, baizik eta harremanen emetasuna berreskuratzera gonbidatzen gaituzu. Nola landu behar luke gizarteak bere emetasuna?
Emetasuna errealitate irekiarekiko harremanetan lantzea premiazkoa litzateke. Emakumeok umeak, bikotekideak, intimitate familia-sexualak ditugu aipatzen. Nire perpausa lesbikoa da naski, Wittigentzat adibidez, lesbiana ez baitzen emazte bat. Politikaren alorra, ekonomiarena, biolentziarena jorratzera ausartu gaitezen gizonezkoen neurri berdinean.
Ibilbide eta arnasa luzeko idazlea zaitugu. Arazo asko gertatu daitezke sormenaren lasterketa luzean: erritmoa gaizki kalkulatzen bada, dena gaizki joaten da. Entzuna dizugu bakarrik lasterka egiten duzula, pentsatzeko eta idatziko duzun olerkiaren erritmoa sentitzeko. Erritmo bera al dute zure bizitzak eta zure literatura ibilbideak?
Kasik antzeko erritmoa dute. Literatura ibilbidearena agian enetzat egiazkoena delarik. Poesiaz edo nobelaz ez baldin bada, bizitza arruntaz ez dut asko kontatzekorik. Batzuetan dirudit bizitza osoa, sentimenduak barne, literaturaren zerbitzuan jarri nituela hamalau urteetan euskaraz idazten eta publikatzen hasi nintzenean.
Kirola norbere burua gainditzea da, eta poeta lanean parte handi bat hori da, zure buruaren kontra egin behar duzun borroka hori, momentu txar guztiei buelta eman ondoren, helmugara iristeko. Zein dira poesiaren bitartez aurrera segitzeko kemena ematen dizuten zergatikoak?
Lasterketan bezala, luzaz nire buruaren aurka idatzi dut, baina liburu honetan bereziki alderantziz gertatzen zait: nire eta nirekin dabiltzanen alde izkiriatzen dut, libertateaz, pozaz, bakeaz, elkartasunaz eta hala ere gerraz. Helmugara iritsiak garela sinestea eta inguruari zein norberaren bilakaera mutuari begiak eta bihotzak ixtea azken beltza liteke. Bizirik gaudeno badira aitzinatzeko gogoa ematen duten akuilukadak.
Gu, baietz gaude. Hau al da argitaratu duzun onena?
Bai hala dela uste dut, batez ere gaien eta irudien aldetik are globalizatuagoa delako, erromantizismotik urrun doalako eta malenkoniatik gutxi duelako. Hargatik liburu berri bat plazaratzean uste da beti berriena dela hoberena, jantziena, eraginkorrena…
Erlazionatutako Albisteak
- ← Los más vendidos de la semana – Asteko libururik salduenak 2014-07-23
- Sergio Pereira “La memoria de las sombras” →