Karlos Linazasoro: “Aforismoa bizitzeko eta idazteko moduaren destilazio bat da”

Ipuinak, poesia, gazte eta haur literatura, nobela… kasik genero guztiak jorratu ditu Karlos Linazasorok, ibilbide literario aberats eta emankorrean. Lirismoaren eta sarkasmoaren artean borrokatzen dela dio berak, “sarkaliriko” bat dela. Ironiaz jositako hirugarren aforismo bilduma plazaratu berri du, Alferrik ez balitz.

Alferrik ez balitzKarlos LinazasoroBizpairu liburu batera lantzen irudikatzen zaitut… Zein da zure metodo  zehatza aforismoak idazteko?

Tarteka bat zerutik erortzen da, eginda. Baina nire mekanismoa guztiz desberdina da: horretan jarri eta egunak ematen ditut. Udako arratsaldetan, siesta orduan… Aforismoak zerbait irakurtzen ari zarela datoz normalean, erantzun bat eman nahian. Baina burua horretan jarri beharra dago. Oso gauza arina dirudi baina burua asko nekatzen zait.

Barruko argitxo hori…

“Barruko argi ttiki horrek, la ostia, zenbat kontsumitzen duen”

“Aforismoa literaturaren penaltia da”. Badu, beraz, emozioa eta arriskua.

Oso miniatura zalea naiz, gero eta gehiago, esentziara joan behar dela uste dut. Aforismoa bizitzeko eta idazteko moduaren destilazio bat da. Eta egungo bizimodurako genero egokia iruditzen zait. Aldiz, jendeak trilogia potoloak eta horrelakoak irakurtzen ditu gehien, eta gainera oso txarrak. Zenbait eta xumeago eta laburrago ahalegin intelektual handiagoa eskatzen du, irakurzaletasun benetakoa.

“Guttiago gehiago da, artalde bat ez badaukazu, jakina”.

Artisten metafisika da hori.

Mila aforismo berri. Erraz irakurtzen dira, baina poliki irakurtzea komeni.

Bai, dastatu egin behar dira. Askok badute bigarren irakurketa bat. Niri aforismoak galtzerdiak bezalakoak gustatzen zaizkit, galtzerdiari bezala buelta eman eta espero duzunaren kontrakoa eskaintzen dutenak. Esaera zaharren eta errafrauen dogmei buelta ematen saiatzen naiz, berdin-berdin balio dezaketela uste dut.

“Idazle batzuk oso barregarriak gertatzen zaizkit. Egunen batean irakurriko ditut”. Beste batzuk, berriz, omendu egin dituzu.

Aforistak batez ere. Askotan aforismo bat hartu eta hari horri tiraka beste pentsamendu bat sortzen da, zuzendu egiten duzu, osatu, haren aurka egin…

Erlijioa, denbora, maitasuna, literatura… gai asko ageri dira, guztiak nahastuta.

Aforismoak kronologikoki daude jasota liburuan. Nahiago dut hori gaika sailkatzea baino, irakurlea harritzeko gaitasuna galtzen delako bestela. Nahiago dut batetik bestera zer datorren ez jakitea.

Gorde dudan errezeta bat: “neurosi gehienak zeurosi piska batekin sendatzen dira”. Zein da zure terapia?

Niretzako terapia onena idaztea da. Ezin dut idatzi gabe egon, egonezina jartzen zait. Nork bere gaixotasuna, bere obsesioa, bere kondena dauka. Nik egunero idatzi behar dut.

Berriki 36 irakurle dituzula esan duzu. Zorionak, 2010. Urtean 32 ziren!

Oraintxe 6 ditut Tolosaldean, 6 Donostialdean, 6 Goierrin, 6 Bizkaian, 6 Araban eta 6 Nafarroan. Iparraldean pare bat gehiago ere izango dira: Ur Apalategi eta besteren bat.

Umoreak hobe funtzionatzen du idazleak gizon serioaren plantak egiten baditu?

Niri esaten didate, bai: “ez nuen uste hain graziosoa zirenik, ez du ematen”. Asko erabiltzen dut autoironia, beharrezkoa dut nire buruari barre egitea.

Kritikak maite zaitu eta literatura sari esanguratsuenak jaso dituzu, baina liburuzainez mozorrotuta bizi zara.

Egia da, ez dago honetatik bizitzerik. Baina egun osoan etxean idazten geratuko banintz erotu egingo nintzateke, bestela ere nahikoa idazten dut. Antsietate gehiegizkoa izango nuke, kalitatearen kaltetan seguru asko.

Alferrik ez balitz…

…ez nuke idatziko.

 

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina