Maitena Illarramendi: “Goikoek mugitzen dituzte fitxak; guk, odola”

kateriñe - Maitena Illarramendi / Iñigo Sarasola SarasolaMaitena Illarramendik eta Iñigo Sarasolak Kateriñe ondu dute. Sarasolak irudietan jaso du Illarramendik kontatu nahi zuen istorioa: zauri kolektibo baten kontakizuna.   

Amonaren oihua dela diozu Kateriñe, zeri egin zion oihu amonak?

Amamaren oihua airean izoztu zen garai baten lekukoa da, baina ez da amama Katirena soilik, oihu kolektibo bat da, belaunaldi oso baten garrasia. Barruan pilatutako mina eta sufrimendua, 40 urteko diktadurak isilarazitako zauri kolektibo bat. Ez dio inori zuzenean oihu egiten, espresabide terapeutikoa dela esango nuke, sendagarria. Isiltzen dena normalean traumaren tolestura izaten da, mina kamuflatzeko modu bat. Baina isiltzea zauria sendatzen ez uztea ere bada. Oihu hau isiltasun hori urratu, zauria sendatu eta berriz arnasa hartzeko ahalegina da. 

Noiz hasten da istorio hau?

1936ko uztailaren 19an hasi zen, Kateriñe Letamendi tolosarraren barnean lasaitasuna hautsi eta lehertu zen unean. 24 urte zituen eta egun batetik bestera, inork espero ez zuenean, gerrak eztanda egin zuen. Kateriñek egunerokoa idazten zuen, bertan askatzen zituen bere beldurrak, kezkak eta sentimenduak. Laurogei urteren bueltan berriz idaztea erabaki zuen, eskuizkribu haien egokitzapena da kontatzen duguna.

Prozesuan zehar zerk markatu zaitu gehien?

Gehien markatu nauena amamaren presentzia izan da, berriz ere nire ondoan sentitzea. Hutsune handia utzi zidan joan zitzaigunean. Amama barruan daramat, gure arteko maitasuna bizi-bizirik, bata besteaz harro, beti izan den bezala, eta ez dut zalantza izpirik horretaz. Kateriñe da komiki honen autorea, eta piztu zuen kandela orain nire ahotsa da.

 Idaztea duzu gustuko, baina liburuan hitzak erabat neurtuta daude.  

Ez da erraza izan, ezta gutxiago ere. Testuak buelta asko izan ditu, eta hitz bakoitza neurtu behar izan dut. Euskaratzea ez zen zaila izan, baina hasieran aholku bat jaso nuen: komikiaren hizkuntza erabili behar nuela: testu gutxi eta elkarrizketa gehiago, irudiari protagonismo handiagoa emateko.

Ondoan izan duzu Iñigo Sarasola marrazkilaria. Nola sortu duzue liburua?

Ez dakit nola nahikoa eskertu Iñigok egin duen lan guztia. Duela zazpi urte hasi zen marrazten, eskuz, amamaren istorioak. Gasteizen elkartu ginen, eta erakutsi zizkidan marrazkiak. Txundituta geratu nintzen: biñeta bakoitza folio batean, eskuz, mimoz eta egiaz beteta. Paper pila bat jarri zidan aurrean, eta momentu hartan argi ikusi nuen: amamak nahi zuen hau guztia kaxatik atera, berriz arnasa hartzea. Horrela hasi zen dena: ni testuekin, Iñigo marrazkiekin, elkarri lotuta.

Gerraren kontrako irrintzi bat idatzi eta marraztu duzue, erabat beharrezkoa den garai honetan. 

Komiki honek gogorarazten digu gerra bera behin eta berriz errepikatzen dela, gaur egun ere: Gazan, Ukrainan… mundu mailan arnasten ari garen giro belikoa. Herri xehea da hiltzen dena, beti. Goikoek mugitzen dituzte fitxak; guk, odola. 

Amamak zioen: “Zuek ezin duzue ulertu zer den gerra bat bizitzea. Nik bizi nuen.”
Agian komiki honek zulo horren ertzera hurbilduko du irakurlea, eta barruan zerbait mugituko zaio. Kateriñeren azken irrintzia da hau: bake-oihu bat, lur azpitik eta izarren artetik. 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina