Mikel Urdangarin: “Nire gitarraren soinua zein den deskubritu dut azken urte honetan”

urdanagrin postdata18 urtez kolaboratzaile ezberdinekin aritu ondoren, musikari zornotzarrak bere apusturik berezi eta zintzoena aurkeztu zuen urtarrilean: lehen bakarkako bira. Soilik ahotsa eta gitarraz lagunduta, urte hasieratik hainbat kontzertu eman ditu Mikelek Euskal Herriko bazter ezberdinetan. Biluztasun honetan aurkezturik, publikoarekiko ezohiko elkarrizketa ezagutu du.

Zuzenekoetan grabatutako kanta ezagunak eta berriak MMXV diskoan bildu dira. Apustu berri honen xehetasunak ezagutzera, bere txoko kuttunera jo dugu, Lekeitiora.

– Getxon hasi zinenetik kontzertu mordoa eman dituzu aurten. Zein da egiten duzun balorazioa? Zer eman dizu esperientziak eta zer ikasi duzu?

azala mmxvGetxoko lehen haren ondoren kontzertu asko etorri dira jarraian, bizipen onekoak denak. Birak harrera ona izango zuen itxaropena banuen, baina aitortu behar dizut harritu gaituela jendearen erantzun apartak. Entzulearen berotasuna biziki eskertu dut, antzokiak askotan betez, are gehiago bakarrik ari nintzela ikusirik. Nola esan, urte guzti hauek eta gero, nolabaiteko deskubrimendua izan da bira hau, jendearen aurrean bakarrik aritzeak zer dakarren ikasi dut. Alde handia dago taldearen babesean edo zure kabuz jotzearen artean. Pentsa, nire gitarraren soinua zein den deskubritu dut azken urte honetan, gezurra badirudi ere.

-Biraren aurkezpenean esan zenuen esperientzia berri honen bidez zure benetako mugak ezagutu nahi zenituela, hauek gainditu ahal izateko. Zer frogatu nahi izan diozu zure buruari? Lortu al duzu?

Nire mugekin topo egingo nuela oso argi neukan eta halaxe izan da. Mugak gainditu ahal izateko edo , horretan saiatzeko behintzat, noizbait eurak ezagutu beharko dituzu, identifikatu, erosotasunari uko egin eta lurralde ezezagunetara jauzi egin behako duzu, ezin da bestela. Ez dakit esaten aurkitu ditudan harresiak gainditu ditudan ala ez, baina ahalegin horretan musikari bezala pixka bat hasi naizela esatera ausartzen naiz.

-Emanaldi hauetan agerian geratu da ahotsa eta instrumentuaren arteko uztarketa ongi menderatzen duzula. Seguritate eta konfiantza handiak azaldu dituzu.

Errespetu handiz aritzen saiatu naiz. Ez da kontzertu bat izan hasieran urduri antzean egon ez naizenik, baina egia da ere ia gehienetan eroso sentitzea lortu dudala, eta eskerrak!. Nire gitarrarekiko harremana zein den badakit. Ez naiz gitarra-jotzaile, baina gitarraz baliatzen naiz konposatzeko eta jendaurrean jotzeko. Uste dut urteen joan etorrian instrumentuarekin diskurtso propioa eraikitzen ikasi dudala, ez bereziki aberatsa baina bai propioa.

-Kantu batzuren letrak zureak dira, beste batzuk ordea, zure kolaboratzaileenak: Kirmen Uribe, Igor Elortza, Unai Iturriaga… islatzen diren gaiak: haurtzaroko oroimenak, maitasuna, adiskidetasuna, une magikoak, aberria, itxaropena, bakardadea… Orokorrean kontzertuetan mezu baikorrak entzun ditugu, alaiak, argia erakusten dutenak.

Topikoa izango da baina esango dizut kontzertuak azkenak balira bezala bizi izan ditudala. Bakar eta errepikaezinak. Kontzertu hau gaur hasi eta gaur bukatuko da, ez da berriz emango, ez da antzekorik izango, halaxe pentsatzen dut. Berriz biziko ez dudan bizipen baten atarian sentitzen naiz eta sentipen hori jendeari helarazten ahalegintzen naiz. Bestalde, taula gainean aritzeagatik pribilegiatutzat daukat nire burua. Nire pentsamendu eta orotariko kezkak helarazteko aukera paregabea daukat kontzertu oro eta , horren jakitun, saiatzen naiz emozio indartsuak bizitzen eta sorrarazten; entzule eta kantariaren arteko zubi ikusezin hori emozio horiez osatzen da.

Azken urte honetan heldutasunera iritsi zarela esango al zenuke? Zure barneko nerabeari agur esateari uko egin diozu luzaroan.

Oraingo heldutasunera heldu naizela esango nuke, bere gabezi eta inperfekzio guztiekin. Etortzeko dira heldutasun berriak… Bestetik , bizitako aro guztiak gurekin daramatzagula uste dut, esna edo lo, baina gure baitan daude; nerabezaroaren alde zoragarriari (beste aldea jasangaitza da) luzaro heldu nahi nioke, baina…

-Disko honekin zure publikoa omendu eta eskertu nahi izan duzu, urte hauetan zure alboan izan delako, eta harengandik jasotako kemenari esker aurrera egin ahal izan duzulako.

Musikarion bizitza aldakor eta gorabeheratsua da. Jarraitzen zaituen jendea ere ez da beti berdina, hor ere gorabeherak egoten dira. Onartu beharra dago, eta kito. Ni zorioneko sentitzen naiz musikak eskaini didan aukerarekin, jendaurrean kantatzeko saria den honekin. Esker ona adierazi nahi dut taula gainera ateratzen naizen bakoitzean, hala sentitzen dudalako. Eta oso argi daukat entzulerik gabe guzti honek zentzurik ez duela. Bidelagun garen bitartean haien konpainiaz gozatzen saiatuko naiz.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina