Oihane Jaka: “Ama izatea eta poemak idaztea sorkuntza prozesuak dira”

itsaso amniotikoa - Oihane JakaOihane Jakak (Donostia, 1985) bere lehenengo liburua eskaintzen digu: Itsaso amniotikoa, sentimenduz beteriko poema-bilduma, bizitzaren bi muturren inguruan ardaztua: haurduntze-erditzeak, batetik, eta heriotza goiztiar bat, bestetik.

Bizitza eta heriotza eskutik helduta jarri dituzu zure liburuan…

Bai, heriotza nahitaez da bizitzaren ifrentzua. Dena den, nire liburuan alderantzizko ordenan ageri dira: heriotza hasieran, eta bizitzaren sorrera, ondoren. Liburu hau amatasunetik idatzita dago batez ere, baina liburuko ama hori izan zen alabari begira ere jarri da, eta horrek ezinbestean eraman du haurtzaroan bizitako gertuko pertsona baten heriotzara. Nolabait amatasunak ekarritako gal(d)era berriek haurtzaroko gal(d)erak ere azaleratu ohi dituzte, eta horien isla ageri da poema hauetan. Liburua, beraz, heriotza horretatik abiatu, eta bizitza berrien sorrerara igarotzen da gero: haurdunaldietara, erditzeetara eta erdiondoko garaietara.

Amaren bizitza-sortzea, poetaren literatura-sortzea: elkarren antzeko, elkarren etsai?

Elkarren etsai ez behintzat, ez bada amatasunak denbora gutxi uzten duelako idazketarako, kar-kar… Gainontzean, nire kasuan behintzat, bai ama izan nahia, eta bai poemen idazketa, bi-biak etorri dira barne bulkada batetik. Biak dira sorkuntza prozesuak, liburu honetan elkarren eskutik doazenak, amatasunak inspiratuta idatzi baititut poema gehienak.

Lehenengo liburua duzu hau. Nolako esperientzia izan da?

Oso ederra. Betidanik poema solteak idazteko zaletasuna izan dudan arren, hau izan da bilduma bat osatu dudan lehen aldia. Bergarako idazle eskolak lagundu dit horretan: batetik, Tere Irastortzaren poesiari buruzko klase inspiratzaileek, eta, bestetik, Karmele Igartua sorkuntza bekak. Beka horri esker ausar tu naiz bilduma argitaratzera.

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina