Familia baten zirkulazio-sisteman sartzen gaitu Antxiñe Mendizabalen Odolekoak eleberriak. Zainetatik batera eta bestera garamatza odolak hiru belaunalditan zehar. Eta bueltan bihotzera. Bi bihotz dauzka baina istorio honek, bakoitza bere erritmoan taupaka baina elkarri oihartzuna eginez.
Has gaitezen hezurduratik: hitz egiguzu hiru belaunaldien istorioaz, lekuaz, garaiaz.
Iruñean dago nagusiki girotuta. 1941. urtean abiatzen da historia eta 2005ean amaitzen. Echaluce familiako alaba eta haren ondorengoak dira protagonista nagusiak: Matilde, Teresa eta Amaia. Hala ere, emakume bakoitzaren inguruan pertsonaia ugari batzen dira, beren mundu-konstelazio propioa osatuz. Protagonistak bezain funtsezkoak iruditzen zaizkit bigarren mailako pertsonaiak. Guztiak daude, nolabait, saretuta, eta askotan endredatuta, beraiek jakin gabe, besteen bizitzetan nahastuta. (Irakurri +)
Antxiñe Mendizabalek abiapuntu hartu du emazte onak etxea argitzen duela dioen euskal esaera zaharra. Hortik aurrera bere hitzak eta Iraia Okinaren irudiak txirikordatu egiten dira Emakume burugabea poema ilustratuan.
Poemak dakarren kontakizuna metafora bat izan daiteke. Litekeena da, ordea, egunerokotik oso gertu dauden bizipenen lekukotza izatea. Emakumea bere senaren bila doa eta peskiza horretan galdu egiten du irabazteko.
Hasierako ilustrazioetan kortse bat, ezpainak, azazkalak, zorroa, zango-erdiko bota takoidunak. Den-denak gorriak. Eta denak, aldi-berean, kerik botatzen ez duten tximiniarik gabeko etxeen bidelagun. Gorriak eta kerik gabekoak. Gorriak dira emakumezkook aurrez ikasitako imintzioak. Kerik ez dute botatzen argirik ez duten etxeek; edo argia dutela diruditen etxe iruzurtiek.
Norbera, baina, da iruzurtia. Ez dago poeman biktimarik, ez eta borrerorik. Kontua ez da hori. Berriro jaio bidean, bere buruaz gabetzen den emakumezkoarengan pausatu du Mendizabalek bere begirada. Eta, jakina, berriro jaiotzeko erditu behar da eta erditzeak, jaiotzeko bada ere, min ematen du. (Irakurri +)
Antxiñe Mendizabalek ipuin berri bat kaleratu du Elkar argitaletxearekin: Ama gaiztoaren ipuina. Bi ahizpen arteko elkarrizketa umoretsua zein dramatikoa, ama gaiztorik ba ote dagoen hizpide duen lana da.
Zer kontatzen duzu ipuinean?
Ipuina, funtsean, bi ahizpen arteko elkarrizketa da. Zaharrena bolada txarra pasatzen ari da, etxean guztiek igarri diote baina ez dakite zer gertatzen zaion.
Halako batean, ahizpa txikiari, hainbeste gustatzen zaizkion ipuinak irakurtzen ari dela, zaharrena zirikatzen hasiko zaio: ipuin guztiak gezurra direla esango dio, bertako pertsonaiekin ez dagoela fidatzerik, ipuinetako amak ez direla batere sinesgarriak eta halaxe, ipuinetako amei buruz hitz egiten hasi eta euren amaz hitz egiten amaituko dute.
Eztabaida dezente korapilatuko da eta irakurlea, halako batean, konturatuko da ahizpa zaharrenaren purrustaden atzean, beldur eta kezka izugarria ezkutatzen direla. (Irakurri +)
Gaur hasi eta martxoaren 17 arte, Printzesa guztiek dute bere ipuina liburuko Maite Gurrutxagaren irudiekin osatutako erakusketa izango da Bilboko Gran Hotel Domineko Splash & Crash gunean.
Printzesa guztiek dute bere ipuina lanak iaz ikusi zuen argia Antxiñe Mendizabalen testuekin eta Maite Gurrutxagaren ilustrazioekin. Raisa printzesaren abenturak kontatzen dira bertan.
Jakina da printzesa guztien eginkizuna ia bakarra itxarotea dela, baina Raisaren jakin-mina handia da, eta bere ametsaren bila abiatu nahi du lehenbailehen. Basamortuarekin egin izan du beti amets. Abentura eta historia uztartzen ditu Raisa printzesa eta haren alaba, Aiora, protagonista dituen ipuin honek.
Maite Gurrutxaga amezketarrak esperientzia du Arte Ederren munduan, hori ikasi baitzuen unibertsitate garaian. Gerora, Ilustrazioan espezializatu zen Leioan eta Bartzelonan. Hainbat erakusketa egin ditu; album ilustratuen Etxepare saria irabazi du, eta euskal idazle puntakoen marrazkilari bihurtu da aspaldi honetan: Joseba Sarrionandia, Karlos Linazasoro, Juan Kruz Igerabide, Mariasun Landa, etab. 2014 urtean, Euskadi Ilustrazio Saria irabazi zuen.