2019ko maiatzaren 10etik 12ra bitartean hitzordua daukazu Literaturiarekin, euskal letren plazarekin, Zarautzen.
Egitarauaren baitan, Elkar Argitaletxearen hainbat liburu aurkeztuko dira larunbatean, maiatzaren 11an, Garoa Liburudendan:
11:00 – Ez da erditzea – Ione Gorostarzu
Amatasuna gai zentraltzat hartzen duen poema-bilduma: ama bihurtu aurreko emearen sentipena; haurdun bihurtzeak sortzen dituen larritasunak, pozak eta beldurrak; ama bilakatzearen sentimendu kontraesankorrak, maitasun eta ukazioen koktelaz; norbere amarekiko alaba izateak dakartzan buruhausteak…
Lehen liburua atera berri du Aintzane Usandizagak: Kabitu ezina, zortzi ipuinez osaturiko bilduma, giza harremanetako arrakaletan hazka egiten duena, normalitatetik kanpoko egoerei eskaintzen dien begiradak bihurtzen dituztelakoan egoera horiek interesgarri.
Zure lehen liburua da hau; betidanik idatzi izan duzu? Noiz hasi zinen liburuan pentsatzen?
Betidanik gustatu zaizkit istorioak, oroitzeko gai naizenetik. Entzun eta irakurri egiten nituen, eta azkenean neuk ere asmatzeko beharra sentitzen nuen.
Azken urteetan konstanzia gehiagorekin aritu naiz idazten. Liburuan dauden istorio batzuk sortzen hasi nintzenean oraindik ez nuen bilduma bat egitea buruan, baina duela urtebete pasatxo hasi nintzen proiektu bateratu gisa planteatzen, lehiaketa batera aurkezteko.
Ipuina duzu genero kuttuna ala entrenamendu bat da eta beste batzuetan ere saiatzeko asmoa duzu?
Irakurle moduan ipuinekiko harreman berezia dut, asko eragiten didate. Horrek ez du esan nahi istorioak kontatzeko beste moldeekin gozatzen ez dudanik; denetarik irakurtzea gustatzen zait.
Idazterakoan, orain arte behintzat, ipuinak sortu ditut batez ere, agian kontatu nahi nuenari ondoen egokitzen zitzaiona generoa zelako. Entrenamendua idazten duzun guztia delakoan nago, inoiz amaitzen ez dena, gainera: ipuina, nobela zein antzerkia izan; ez zait iruditzen bata bestearen gainetik dagoenik. Bakoitzak ditu bere ezaugarri, zailtasun eta indarrak. Ez dut bestelako genero edo formatuetan jarduteko aukera baztertzen, kontatu nahi dudanari egokituz gero.
Orain dela egun batzuk argitaratu da Miren Amurizaren “Basa”, 20. Igartza bekaren irabazlea. 21.a egiten dabil Erika Elizari, eta oraintxe argitaratzen dira 22. deialdiko oinarriak. Bere ibilbide jada luzean honezkero klasiko eta ezagun bihurtu diren izen asko saritu eta plazaratu ditu idazle gazteentzako sariketa honek: Julen Gabiria, Jasone Osoro, Unai Elorriaga, Karmele Jaio, Uxue Alberdi, Katixa Agirre, Eider Rodriguez, Danele Sarriugarte…
Aurrerantzean ere, sari hau egile gazteak ezagutarazteko eta haien ibilbidea egiten laguntzeko baliagarria izatea espero dugu.
Oinarriak 2019:
Lehena. Bekaren xedea
Beasaingo Udalak, Beasaingo CAF (Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles) enpresaren babesarekin eta ELKAR argitaletxearen laguntzarekin, euskal kultura zabaldu eta idazle gazteen lanari laguntza emateko asmoz, XXII. IGARTZA LITERATURA‑SORKUNTZAKO BEKA emateko oinarriak arautzen dira.

Liburuan badago protagonista argia: Sabina, edadeko emakumea. Indartsua, senarra hil ostean baserria gobernatzeko kapaza, eta azken urteotan Henry koinatua zaintzen dabilena. Nondik abiatu zinen historia hau idazteko?
Perfil horretako andre asko eduki ditut inguruan, nire umetako auzoa baserri mundukoa zelako, nire familia ere bai, eta ezagutu nituen halako andreak, andre tenperamentalak, indartsuak, gero beste errepresentazio batzuetan topatu ez ditudanak. Mitifikatu barik, mistifikatu barik, saiatu naiz adineko emakume baten egunerokoa islatzen, baina ez amona estereotipatuaren paperean, baizik eta bere bataila propioak libratzen dabilen andre eskarmentatu baten paperean. Hori da Sabina. Baserriari eta lurrari oso lotuta egon den pertsona baten bizipena erakutsi nahi izan dut, instintu animal zoliak dituena; beste mundu ikuskera batetik dator baina gaur egungo gizartean ageri-agerian dauden problematika asko gorpuzten ditu eta talka etengabean dago bere buruarekin eta inguruarekin. Saiatu naiz Sabinaren gorputza bera tramaren gertaleku moduan kokatzen.
Lehen maitasunaren dardara ke arteko egunetan…
Garbiñe Ubedaren eskutik datorkigu Lekukoa sailaren lehengo liburua: Sasieskola. Ubedaren lehenengo eleberria da eta neska gazte baten begietatik birsortu du egileak 80. hamarkadako istorio hau. Bere hitzetan, “sailak ez dakar autobiografia izpirik, baina esperientziatik kontatuta dago, Larraitz protagonista bezain galduta, amorratua eta bakartua sentitu nintzelako neu ere, hamasei urte nituenean”.
Honatx liburuaren sinopsia: Ostegun buruzuri bat da eta Larraitz, institutuan piper eginda, mendi aldera joan da, Martinekin, ezagutu orduko bihotza taupaka jarri zion mutilarekin. Askatasun gose eta egarri da eta prest dago dena atzean uzteko. Euren arteko maitasunean sinetsita dago. Baina bizitza itzulipurdikatuko zaio, han mendian, hilketa baten lekuko isila izango delako. 1984 urtea da eta biharamunean honela jasoko dute egunkariek berria: “Mueren tres terroristas en un tiroteo”. Ke arteko egunak dira Euskal Herrian. Bizitza benetan irauliko diona, ordea, Martinen abandonatzea izango da, babes eman beharrean, bizkarra emanez. Sentimendu eta emozio zurrunbilo horretan, konplize bakarra aurkituko du Larraitzek.








