Aintzane Usandizaga, deserosotasunean eroso

Lehen liburua atera berri du Aintzane Usandizagak: Kabitu ezina, zortzi ipuinez osaturiko bilduma, giza harremanetako arrakaletan hazka egiten duena, normalitatetik kanpoko egoerei eskaintzen dien begiradak bihurtzen dituztelakoan egoera horiek interesgarri.

Zure lehen liburua da hau; betidanik idatzi izan duzu? Noiz hasi zinen liburuan pentsatzen?

Betidanik gustatu zaizkit istorioak, oroitzeko gai naizenetik. Entzun eta irakurri egiten nituen, eta azkenean neuk ere asmatzeko beharra sentitzen nuen.

Azken urteetan konstanzia gehiagorekin aritu naiz idazten. Liburuan dauden istorio batzuk sortzen hasi nintzenean oraindik ez nuen bilduma bat egitea buruan, baina duela urtebete pasatxo hasi nintzen proiektu bateratu gisa planteatzen, lehiaketa batera aurkezteko. 

Ipuina duzu genero kuttuna ala entrenamendu bat da eta beste batzuetan ere saiatzeko asmoa duzu?

Irakurle moduan ipuinekiko harreman berezia dut, asko eragiten didate. Horrek ez du esan nahi istorioak kontatzeko beste moldeekin gozatzen ez dudanik; denetarik irakurtzea gustatzen zait.

Idazterakoan, orain arte behintzat, ipuinak sortu ditut batez ere, agian kontatu nahi nuenari ondoen egokitzen zitzaiona generoa zelako. Entrenamendua idazten duzun guztia delakoan nago, inoiz amaitzen ez dena, gainera: ipuina, nobela zein antzerkia izan; ez zait iruditzen bata bestearen gainetik dagoenik. Bakoitzak ditu bere ezaugarri, zailtasun eta indarrak. Ez dut bestelako genero edo formatuetan jarduteko aukera baztertzen, kontatu nahi dudanari egokituz gero. 

Zure liburuan ez dago ipuinen arteko loturarik (pertsonaien, tramen edo bestelakoen bidez); zein esango zenuke dela guztiari batasuna ematen dion elementua?

Bilduma osatzeko asmoa sendotu zenean, nire buruari galdetzen niona zen: “zer kontatu nahi dut?”. Beti dauzkat sakondu nahi ditudan gaiak, islatu nahiko nituzken egoerak… Une horretan bueltaka nerabiltzan horien inguruan pentsatzean ohartu nintzen sentsazio bat gailentzen zela: Kabitu ezinarena. Inguruan, nor bere baitan… ezeroso, iheserako gogoz baina beldurrez edo nagi sentitzearena. Eta sentipen horri izena jarri ahala espazio gero eta gehiago hartzen joan zen kontakizunetan. Honez gain, badira istorioetan behin eta berriro agertzen diren beste gai batzuk: taldea eta norbanakoa, normaltasuna edo erosotasuna eta lekuz kanpo egotea…

Zergatik deserosotasuna? Eta nola uste duzu erreakzionatuko duela irakurleak horren aurrean?

Egoera, irudi, ideia batek egonezina eragiten didanean, hor bada ziurrenik murgiltzea merezi duen zerbait. Normalizaturik ditugun gauzei galderak egitea, beste alderdi batzuetatik begiratzen saiatzea ezinbestekoa egiten zait, baita gauza horiek txikiak direnean ere; sortzeko eta bizitzeko, orokorrean. 

Erreakzioa irakurlearen araberakoa izango dela imajinatzen dut, eta istorioaren araberakoa. Ipuinak, badu zerbait berezia nire ustez, eta da irakurleak bere bizipen eta ikuspegitik osatzen duela, zentzua ematen diola. Irakurketa zabalagoetarako gonbidapena luza dezake. Agian ezerosotasun horiek zerbaitetan eragingo diete batzuei, eta beste batzuei ez; ezin du mundu guztiarekin berdin konektatu. Dena den, halako narrazioek modu edo maila ezberdinetan gozatzeko aukera ere eman dezaketela iruditzen zait. Halakoak dira behintzat niri irakurtzea gustatzen zaizkidan ipuinak; liburukoetan hori eraikitzea lortu dudan ala ez, irakurleak esango du. 

Eta zu zeu, ipuinok idatzi bitartean, nola sentitu zara?

Egia esan, tarteka zailtasunak azaldu arren, asko gozatu dut idazterakoan. Aspalditik gogoan nituen gaietan murgildu naiz, kuriositatea pizten zidaten pertsonaiak eraikitzen saiatu naiz… eta hori, aberasgarria izateaz gain, oso dibertigarria izan da. Arantzatsuenak diren gaiekin jakin dut distantzia hartzen, umorerako ere tartea utzi diot neure buruari; eta istorioak josterakoan sortu zaizkidan ezinetatik asko ikasi dudalakoan nago. 

Ez dakit nahita egin duzun: animaliek presentzia nabarmena dute istorio zenbaitetan: txakurrak, arrainak, labezomorroak…

Bai, gauza bitxia da. Ipuinak idatzen ari nintzela ez nuen horretan pentsatu, ez modu kontzientean behintzat. Gerora arrazionalizatzen saiatu naiz zer dela eta pasa den hori. Izan liteke haurtzaroan ingurua ulertzeko animaliek garrantzi handia izan zutelako niretzat; izan liteke, azken finean, animaliengandik espero dugulako portaera jakin bat, dagokien testuinguru konkretu bat… eta hortik kanpo ikusten baditugu oso zuzena dela eragiten diguten ezinegona. Pertsonekin ere gertatzen zaigu, baina animaliekin agian nabarmenagoa da. Baina, esan bezala, gerora egindako hausnarketak dira hauek, beraz ez dakit zein neurrira arte diren fidagarri. 

Lan-elkarrizketetan girotutako bi ipuin ere sartu dituzu: gaurko gazteen panorama laboralaren isla?

Gaurko panorama laboral orokorrarena, esango nuke. Modu oso indartsuan identifikatzen gara lanarekin, “egiten dugunarekin”, hala aurkezten dugu geure burua jende aurrean ere, horrek sailkatzen gaitu; eta, halakorik ezean, badirudi ez dugula izaera osorik. Honi geitu behar zaio egungo lan egoera tamalgarria,eta lanpostu bat lortzeko edo mantentzeko egin behar direnak… Lan eskaintzak egiten dira pagotxak balira bezala eta badirudi edozer eskatu ahal zaiola hautagaiari, baita lanpostuarekin zerikusi handirik ez badu ere; aldiz, sarri baldintzak ez dira zehazten, eta badirudi ez dagoela ongi soldata zehatza galdetzea, edo sartu beharko den ordu kopurua, are gutxiago “bokaziozko” lan esparru batez ari bagara. Ezerosoa da. Horrek harreman erabat desorekatuak sortzen ditu. Lan elkarrizketa prozesuak, gainera, gero eta luzeagoak eta exigenteagoak dira, eta sarri aldi baterako lan prekarioen poltsa erraldoi batean sartzeko. Banuen gai hauei heltzeko gogo berezia, bai. 

Era askotako giza harremanak ageri dira liburuan: anai-arrebak, guraso eta seme-alabak, lehengusu-lehengusinak, bikoteak, kuadrillak…

Asko interesatzen zaizkit giza harremanak, eta bereziki taldeetan ematen direnak. Zorionez, egun gero eta gehiago hitz egiten da bikote harreman dependiente eta toxikoez, baina taldeetan ere halakoak asko ematen dira, famlia edo lagun-taldeak erromantizatu egiten ditugu askotan, eta, zenbat eta zurrunagoa eta beteranoagoa izan talde hori, orduan eta nabarmenagoak dira rolak, botere harremanak…errepikatu egiten direlako behin eta berriro. Honek norbanakoaren izaeran duen eragina asko interesatzen zait; zergatik ezartzen diren rol batzuk, zergatik askotan ezeroso zaigun paper horretan erosotasuna topatzen tematzen garen; nola geure betiko jarrerak aldatzeak desoreka ekartzen dion taldeari… Norbanakoa ere taldearen arabera marrazten da funtsean; kontra zein alde. Azken finean, zeure burua otso bakartitzat baduzu ere, taldea behar duzu kontrastean zeure burua modu horretan definitzeko. 

Eta denetan agertzen da pitzaduraren bat, arrakalaren bat.

Liburuko pertsoanaiak saiatzen dira gainazal bare bat eraikitzen, koherentea euren inguruarekiko, besteen artean –eta nor bere baitan– lasai antzean egokitzeko Baina denok dauzkagu kontraesanak, aitortzen ausartzen ez garen pentsamenduak, ulertzen ez ditugun sentimenduak, mota askotako zurrunbiloak…baita gauzak itxura batean ondo doazenean ere. Saiatu naiz pertsonaien gainazal leun horiek zimurtzen edo tarratatzen hainbat egoera berezirekin, barruko aparra atera dadin pixka bat. 

Oraintxe hasiko zara liburuaren promozioarekin, baina proiektu berririk bai esku artean?

Ideiak eta kontatu nahi nituzkeen gauzak baditut buruan, baina denbora askoan izaten ditut gogoan eraikitzen hasterako, eta ezin jakin oraindik noiz jarriko naizen buru-belarri zerbait zehatzarekin. Irakurtzen, ikusten… nabil orain. Hustutakoa berriro betetzen.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina