Elkar argitaletxeko udazkeneko nobedadeak

 

LITERATURA

Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak. Iban Zaldua.

Bere genero kuttunari leial, ipuin liburu berri bat dakarkigu Iban Zalduak. 32 ipuin dira guztira, gehi kontrazalean doana. Istorio aski laburrak oro har, gaien, estiloen eta tekniken ugaritasuna erakusten digutenak, eta guztietan ere egilearen trebezia: egunerokotasunari azpilak bilatzen dizkioten kontakizunak, fantasiari zirrikitu bat irekitzen diotenak, bikoteen arrakaletan arakatzen dutenak, euskal gatazkari geruza berriak bilatzen dizkiotenak, elkarrizketa-bidezkoak, txosten gisakoak, jostalariak, dramatikoak, ironikoak… Fikzioaren festa bat, azken batean.

 

 

 

Berriro itzuliko balitz – Xabier Etxeberria (Zubikarai saria 2017)

Karlos Jaso jazz musikari iruindarra Heinsborg izeneko uharte txiki batera joan da bizitzera, Danimarkan, Maddi bere alaba jaioberriarekin. Bertakoa zen Karlosen emazte eta haurraren ama, Ejda, baina hura hil berria da eta berak bakarrik egin beharko die aurre hainbat arazori: ume txiki bat zaintzea, lana bilatzea, inguru arrotz batean nola hala egokitzea…

Pertsonaien psikologian arakatzen eta egunerokotasun gazi-gozo bat kontatzen hasten zaigun istorio honek, baina, misterioaren eta hilketaren bidea hartuko du gero; erritmo izugarria, jakin-mina eta ustekabeak maisuki darabiltzan thriller-a idatzi du horrenbeste Etxeberriak, bai hizkuntzaren erabileran bai narrazioaren eraikuntzan lehendik ere ongi frogatua duen abileziarekin. 

 

Amek ez dute. Katixa Agirre (Zubikarai saria 2016)

Bi emakume, bi ama gazte: batek (Jade/Alice) bere ume bikiak hil ditu, bere eskuz baineran itota. Bestea, nobelaren narratzailea, bere haurraz erditzerakoan, bat-batean ohartu da ezagutzen duela ama hiltzaile hori, aspaldian haren berri izan ez badu ere; Jade/Alicerekin eta haren ekintzarekin obsesionatuta, gehiago jakitea erabakiko du, hartaz ikertzea eta horri guztiari buruzko eleberri bat idaztea.

Sorkuntza esaten diogu artista baten lanaren emaitzari; sorkuntza da halaber haur bat mundura ekartzean ama batek egiten duena. Bi sortze mota, bata bestearekin zerikusirik gabea, kontraesankorrak ere bai agian? Sormenaren bi alderdi horiek eta bien arteko harremanak arakatu ditu Katixa Agirrek bere bigarren nobela honetan, irrikaz irensten den fikzioa erakiz eta aldi berean gogoan luzaroan geratzen diren hausnarketekin aberastuz.

 

Egunaren hondarrak. Kazuo Ishiguro
Itzultzaileak: Iñigo Roque / Amaia Apalauza (Nobel / Zaitegi)

Maiordomo perfektua da Stevens: itzal bat bezain isil eta diskretua, beti jaunaren esanetara, egoerarik larrienean ere lasai eta eraginkor. Jaun handien zerbitzari leial izatean datza haren handitasuna, eta hamarkada luzetan horretan jardun izanak ematen dizkio bere bizitzari zentzua eta harrotasuna. Aspaldi luzean ez bezala egun libre batzuk dituela eta, lankide izandako Kenton andereñoari bisita egitea erabakiko du, eta bere bizitzari errepasoa egiteko baliatuko du bidaia. Duela ia ehun urteko handiki ingelesen unibertsoa zehatz eta doi erretratatzearekin batera, bi mundu-gerren arteko une historikoari argi berria ematen dio Ishigurok, eta izaera konplexu baten azpildurak dotorezia eta ñabardura harrigarriz erakutsi, lanbidezko mirabetzak norainoko gogo-morrontza eragin dezakeen frogatuz, sentimenduei hoztasunez eusteak zenbateraino ekar dezakeen nortasunaren irentzea.Booker sari prestigiotsua eta mundu osoan aho batezko onespena lortu zituen eleberri honek, film baten bidez are ezagunago bilakatu zen gero, eta egilearen Nobel sariak biribildu du haren ospea. Orain euskaraz dasta dezakegu, Amaia Apalauza Ollok eta Iñigo Roque Eguzkitzak Zaitegi bekaren laguntzaz egindako itzulpen bikainari esker.

(Irakurri +)

elkar-ek Usurbilen kokatuko du bere jarduera nagusia

elkar eta Gureak taldeek Usurbilen jarriko dute euren egoitza nagusia hemendik bi urte eta erdira barru, hutsik dagoen Michelingo lurzoruan. Urriaren 16an sinatu zuten hirigintza-hitzarmena Usurbilgo Udalak, Michelinek, Gureak-ek eta elkar Fundazioak. Beheko irudian ikus ditzakezue sinatzaileak: ezkerretik hasita, Joxemari Sors Elkarlanean Fundazioko lehendakaria, Iñaki Alkorta Gureak-eko lehendakaria, Bertrand Touraton Michelin España eta Portugal S.A.-ren finantza-zuzendaria, eta Xabier Arregi Usurbilgo alkatea. 

(Irakurri +)

Aurtengo Euskadi sarien zerrenda osatuta

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak Euskadi Literatura Sarietako azken irabazleen berri eman du gaur: Karmelo C. Iribarren (Gaztelaniazko Literatura), Eider Rodriguez  (Euskarazko haur eta gazte literatura), Kepa Altonaga (Euskarazko saiakera) eta Irene Aldasoro (Euskarazko literatura itzulpena) dira saridunen zerrendan gehitu diren izen abizenak. 

Lehendik, Eider Rodriguez (Euskarazko Literaturan), Yolanda Mosquera  (Literatura Lanaren Ilustrazioan) eta Santos Zunzunegi (Gaztelaniazko Saiakeran) zeuden zerrenda horretan, urriaren 1ean iragarri zuten bezala. Hortaz, Eider Rodriguez bi sailetako irabazlea izan da urte berean, hau gertatzen den lehen aldia izanik. Sari banaketa azaroaren 27an izango da, Gasteizen, Artium museoan.

Ondorengo lan hauekin izan dira sarituak: 

 

 Karmelo C. Iribarren 

Mientras me alejo

Eider Rodriguez

Santa familia  

 Kepa Altonaga

Patagoniara Hazparnen Barrena

 Irene Aldasoro 

Gailur Ekaiztsuak

 

 

 Eider Rodriguez

Bihotz handiegia

 Santos Zunzunegi

Bajo el signo de la melancolía

Yolanda Mosquera 

La pequeña Roque

 

 

 

Alaine Agirre eta Jasone Osororen eskutik “Harrak berbetan” literatur saioa

2016ko maiatzaren 6an, Donostia Kulturak antolatzen duen Literaktum literatura jardunaldien baitan, Harrak berbetan estreinatu zen. Alaine Agirre eta Jasone Osororen arteko elkarrizketa-formatua izan zuen, eta lehenengo saio horretan Jasonek Alaine elkarrizketatu zuen. Izan zuen harrera ikusita, saioaren ibilbidea luzatzea pentsatu zuten. Hala, egiten den lekuaren arabera moldatuko dute saioa. Bi egileen arteko elkarrizketa izango da, X hil da eta 12etan bermuta liburuak ardatz hartuta, baina baita bestelako gaiak ere, emakume izatea, literatura, askatasun pertsonala, erreferentzia musikalak eta literarioak, adikzioak… Inprobisazioari eta probokazioari lekua utziz, hitzak, musika azalduko dira ikuskizunean, eta bi egileek beraien testuen irakurketa ere egingo dute. (Irakurri +)