“Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak” Iban Zaldua

Iban Zaldua, fikzioaren aldarrikapena eta festa. 

Ipuin-bilduma berri batekin dator Iban Zaldua: Sekula kontatu behar ez nizkizun gauzak, errealitateari beste dimentsio bat ematen dioten 32 istorioz osatua.

Zure azken ipuin-liburu honetan badira ezaugarri berriak eta badira zure narratibaren unibertsoan ohikoak diren elementuak, ezta?

Esango nuke baietz. Desplazamendu bat dago, imajinatzen dut adinaren ondorioz, agian lehen nire narratiban horren ohikoak ez ziren gai batzuetara, hala nola heriotza eta zahartzarora, edo gurasoen eta seme-alaben arteko harremanetara. Baina, aldi berean, badago jarraikortasun bat, bikote-harremanen gorabeherei, egoera soziopolitikoari edo metaliteraruraren alorrei dagokienean, adibidez. Eta, horrekin guztiarekin batera, ahalegin bat estiloa fintzeko eta urrunago iristeko, pentsatu nahi nuke.

Jarraikortasun elementu horietako bat da La Cosa

Bai, gai errekurrentea da nire ibilbidean, eta, ziurrenik euskaraz idaztera eraman ninduen arrazoietako bat. Nahiz eta liburu honetan, euskal gatazka delakoaz baino, edo bere ondorioez baino, agian gehiago aritzen naizen “errelatoaren” batailei buruz, ETA osteko paisaiari buruz. Literatura da, konbentzituta nago, memoria eraikitzeko daukagun gailuetako bat. Agian ez inportanteena: benetako kontakizunak jasotzea, historian dauden hutsuneak betetzea… hori guztia inportanteagoa da. Baina nonbaiten egin badezaket ekarpen bat, fikzioaren alorrean da. Eta fikzioaren beharra ere badugu, nik uste, honetan beste gai askotan bezala, historia “ofizialak” ez direlako leku guztietara iristen.

Fantasia eta Zientzia Fikzioa ere oso presente daude hemen.

Fantastikotasuna beti interesatu zait, eta esparru horren barruan zientzia fikzioa, alde batetik, nire irakurle eta, beraz, idazle eskola izan zirelako, eta, bestetik, errealitatea argitzeko eduki dezaketen ahalmenagatik. Ez zait fantastikoa interesatzen beste mundu ezberdin bat sortzeko, gurean naturaltzat hartzen ditugun kontuetara arrarotasun tanta bat edo batzuk jaurtitzeko baizik. Interesatzen zaidan hori hobeto azpimarratzeko, eta irakurlea durduzatzeko, ahal dela. Foster Wallacek esaten zuen fikzioa beharrezkoa zela gauzen estrainotasun saihestezina are estrainoago bihurtzeko, gauzak des-ohitzeko; fantastikoa horretarako tresna eraginkorra iruditzen zait.

 

Eta zer esango zenuke familia eta bikote-harremanei buruz?

 Literaturaren gai unibertsalenetako bat da, ezinbestekoa, eta hor betidanik egon da literaturarako euskarri on bat. Gainera, familiak, eta horrekin batera maitasunak, kokapen berezi bat daukate turbokapitalismoaren aro honetan: merkatu harremanen zabalkuntzari aurre egin dioten horma nagusienetako bat dira, neurri batean, baina, aldi berean, aldatu egin dira testuinguru horretan, kapitalismoak ere infiltratu egin dituelako, nolabait esateko. Hor kokatuko nituzke alor horien bibisekzioa egiteko nire ahaleginak.

 

Aldiz, gauza berrien artean, niri deigarria egin zait, zure betiko joeraren kontra, lehen ipuinean adibidez ez dagoela ironiarik batere.

Esango nuke hori ipuin batean baino gehiagotan gertatzen dela, bilduma honetan. Ironiak muga batzuk dauzka, ezin da etengabe erabili: gastatu egiten da erabiliaren erabiliz, eta, Pepo Pérez komikilariari behin irakurri nion bezala, polisemikoegia izateko arriskua dauka. Funtsean, beti ikusi dut neure burua idazle goibel bat bezala, eta, zorionez edo zoritxarrez, horren kontrapisu baliagarria gertatu zait ironia, askotan. Eta bilduma honetan, nik uste, badaude horren adibideak ere, noski. Nekez egingo diot uko, kontuz erabili behar dela kontziente izan arren.

 

Literatura sortzearekin tartekatu ohi duzu literaturari buruzko gogoeta eta kritika. Zuretzat, nola uztartzen dira bi eginkizun horiek?

 Ezinbestez, ziurrenik. Irakurle izaten jarraitzen dudan neurrian, eta nire garaikideen irakurlea, ez soilik klasikoena edo atzerriko idazleena, eztabaida literarioetan parte hartzeko premia sentitzen dut. Zer da letren errepublika eztabaidarik gabe? Izan ere, isiltasunarekin erantzutea parte hartzeko modu bat da, eta ez zait sanoena iruditzen askotan, gauzak dauden moduan. Hanka sartuko dut, eta komeni ez zaizkidan gauzak esango ditut, ados, eta, horren ondorioz, guztien gustukoa izatetik urrun ibiliko naiz… Baina uste dut zintzoagoa dela hori, itxurakeria baino.

 

Ipuingintzaren defendatzaile sutsua zarenez, gomendatuko zenieke irakurleei zure gustuko ipuin-liburu bat, euskarazkoa, eta beste bat gaztelaniazkoa?

Gaztelaniaz azkenaldi honetan irakurri dudan ipuin liburu onenetariko bat jatorriz katalanez idatzi zen: Tina Vallès-en El paréntesis más largo, Godall etxeak argitaratua. Egunerokotasun hiritarrean txertatutako ipuinak dira, ikuspuntu nahiko bihurrikoak, xehetasun esanguratsuz beteak. Eta bestea etxe honetakoa da, Ana Malagonen Gelditu zaitezte gurekin: familia eta gizarte harremanak disekzionatzeko abilezia berezia dauka Malagonek, eta esango nuke aurrekoan mikroipuinaren generoan lortutakoa landu eta harago eraman duela honetan. Irakurtzen eta idazten jarraitzeko gogoa ematen dizuten lanak, biak ala biak.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina