“Amek ez dute” Katixa Agirre

 

Katixa Agirre: “Idazteko grina baldin baduzu, amatasuna ekaitza perfektua da” 
Atertu arte itxaron (2015) eleberria hiru urte argitaratu ondoren,  argia ikusi berri du Katixa Agirreren (Gasteiz, 1981) Amek ez dute da nobela, Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak ematen duten Augustin Zubikarai bekari esker idatzia. Honetan, amatasunaren eta arte sorkuntzaren arteko harremanaz egiten du gogoeta, intrigazko hari baten bidez: ama gazte batek bere haur txikiak hiltzen ditu, ageriko arrazoirik gabe. Idazle protagonista bere lehenengo semea erditzeko momentuan emakume hiltzailea ezagutzen duela konturatzen da. Ordutik, kasu horrek obsesioa sortzen dio eta horretaz idaztea erabakitzen du. Baina jaioberri bat daukazunean, ez da hain erreza sortzen jardutea.

Protagonistarekin ezaugarri asko partekatzen dituzu. Zure alter-egoa da?
Gauza asko ditugu komunean, bai, eta horregatik jarri diot nire jaiotze data bera narratzaileari, baina beste gauza askotan ez daukagu zerikusirik.

Liburu guztiak, lehenengo zitatik hasita -Euripidesen Medeatik hartuta-, amatasunak ekarri behar duen ustezko zoriontasuna gezurtatzen du.
Ez dut uste liburuan amatasunak dakarren zoriontasuna gezurtatzen duenik, baina hori ez da amatasunak dakarren sentimendu bakarra, eta nahasmendu horretaz hitz egin nahi nuen, nekaduraz, samurtasunaz, asperduraz, norberaren identitateak sufritzen duen astinduaz…

Amatasunak dakartzan asperduraz hitz egiten duzu, horretaz ezin garela kexatu ohartarazi arren.
Bai, mundu guztia kexatzen da jaioberriekin lo egitea ezinezkoa delakoa (eta oso gogorra izan daiteke hori, noski) baina niri ez zidan inork ohartarazi zeinen aspergarria izan daitekeen egun oso bat, eta beste bat, eta beste bat, jaioberri bati pardelak aldatzen igarotzea.

Edota seme-alaben hazierak bikote-harremanaren biziraupenerako suposatzen duen hondamendiaz…
Tira, horretaz pixka bat gehiago hitz egiten da, eta argi dago umeak izatea estres froga handi bat dela bikote batentzat.

Ama izateaz gain, protagonista alaba ere bada. Eta bere amarekin duen harremana topikotik urrun dago.
Ez du harreman samurrik, nahiko ama arroztua baita harena, eta horrek zaildu egiten du protagonistaren amatasuna ere, ez baitu izan jarraitzeko moduko eredu egoki bat.

Euren seme-alabak abandonatu zituzten Doris Lessing eta Muriel Spark idazleak gogoratzen dituzu, baina baita ere Sylvia Plathen suizidioa eta beste puntako kasu batzuk. Emakume sortzaile hauek ulertzera heldu zara?
Ulertzen dut ze egoera zailetan jar zaitzakeen amatasunak, orokorrean; eta gainera idazteko grina baldin baduzu, zeina ariketa guztiz egozentrikoa den, ba ekaitza perfektua daukagu, egozentrismo horretatik ez baitago haur bat zaintzerik.

Heriotza-pultsioa, hiltzaileak sentitzen duen botere absolutoa… Irakurlea “lurralde lokaztuetara” eraman nahi izan duzu.
Bai, ez dira gai samurrak, baina pultsio horiekin bizi gara, nahiz eta tabua diren. Biolentziarekin, gaizkiarekin harreman korapilatsua daukagu, ez baitugu inoiz onartu nahi ze gauza geure eta barne-barnekoak diren.

Ama maltzurra vs idazle ona. Horrek ekartzen dituen ezaugarrien zerrendan, idatzi duzu azken ondorioa zera dela: “Idazle onak, egiaz, gizona izan nahiko luke”.  Askotan pentsatu izan duzu hori?
Behin baino gehiagotan. Gizonek eta emakumeek, orokorrean, ez dugu berdin bizitzen ez gurasotasuna ezta idazletza ere. Zoritxarrez, esango nuke.

Umore edo ironia tonu bat antzematen da liburu osoan. Apropos sartuta edo zure ahots propioan inplizitu dator?
Berez ateratzen zaidan gauza bat dela esango nuke, baina infantizidioaz jarduten duen liburu batean umore pitin bat sartzen ez bada… non sartuko da?

Liburu hau ‘Amek ez dute idazten’ deituko zen, baina azkenean ‘Amek ez dute’ izenburuarekin geratu da. Amei amak baino ez izatea baimentzen zaie?
Historian zehar amek ez dute idatzi, edo ez dute idatzi amatasunaz, eta kanpotik etorri da agindua, ama bat nolakoa izan behar zen zioena. Horrekin batera hainbat arau eta mito garatu dira, ama bat zer den eta zer ez den diotenak. Beraz, izenburua zabalik uzten da eta irakurleari seguru bururatuko zaiola ama batek zer ez duen egiten edo zer ez duen egin behar.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Antzeko Albisteak

Iruzkin bat egin