Katixa Agirre, Zubikarai Sariaren irabazlea

Katixa AgirreKatixa Agirreren nobela-proiektu batek irabazi du Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Augustin Zubikarai saria. Hamazazpi lan aurkeztu dira bertara, eta horien artean Agirreren proposamena aukeratu du Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osaturiko epaimahaiak. Saria urriaren 27an, ostegun arratsaldean eman zaio, Ondarroan, Literatur Amuak jardunaldien barruan.

Amek ez dute izena duen Katixa Agirreren proiektuak amatasunaren eta arte-sorkuntzaren arteko harremanaz egin nahi du gogoeta, hari detektibesko baten bidez: emakume gazte batek bere haur txikia hiltzen du, ageriko arrazoirik gabe, eta kasu horrek jakin-mina eta are obsesioa sortzen dio protagonistari: idazlea da bera, eta ama ere bai; emakume hiltzailea noizbait ezagutu zuela ohartzen da, eta horretaz idaztea erabakitzen du. (Irakurri +)

Miren Gorrotxategik irabazi du Augustin Zubikarai saria

Miren Gorrotxategi

Miren Gorrotxategiren nobela-proiektu batek irabazi du Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Augustin Zubikarai saria. Hamahiru lan aurkeztu dira bertara, eta horien artean Gorrotxategiren proposamena aukeratu du Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osaturiko epaimahaiak. Saria azaroaren 29an, ostegun arratsaldean eman zaio, Ondarroan, Literatur Amuak izeneko jardunaldien barruan.

“33 ezkil” du izena Miren Gorrotxategiren proiektuak, eta baserri giroan kokaturiko eleberria izango da. Ferminek, aitzurrean ari dela, burezur bat aurkituko du lurpean, eta horren haritik tiraka hainbat gertaera kateatuko dira, baita zenbait heriotza suertatuko ere. Thrillerraren formatua erabili arren, beste hainbat gai ere ageriko dira nobelan, eta horiek hartuko dute pisu nabaria: belaunaldien arteko talka (eta horrekin lotuta baserriaren eta kalearen artekoa), bikote harremanak… Urtebete du Gorrotxategik proiektua ontzeko eta amaitzeko, eta ondo bidean 2016ko udazkenean ikusiko du liburuak argia.

Miren Gorrotxategi Azpeitian jaio zen 1981ean. Itzulpengintzan lizentziatua da, Turismoan diplomatua, eta baditu zenbait master ere. Lanbidez irakaslea da Elgoibarko ikastolan. Gaztetan Urruzuno saria eskuratutakoa da, baina geroztik utzi samarra izan du literatura idaztea, beka honi esker berriro heldu dion arte.

 

Augustin Zubikarai Nobelak sortzeko beka 2015 abian da

Augustin Zubikarai 2015Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak, euskal kultura aberasteko eta idazleen lana bultzatzeko asmoz, Augustin Zubikarai saria antolatzen dugu, nobelak sortzeko beka gisa funtzionatuko duena, ondorengo oinarrien arabera:

1. Deialdi honetara, eleberriak idazteko proiektuak aurkez litezke, jatorrizkoak eta euskaraz sortuak, beste inondik moldatu gabeak eta aurretik saririk jaso edo argitaratu ez direnak.

2. Beka hau behin irabazten duenak ezingo du berriz parte hartu.

3. Partehartzaile bakoitzak, ondorengoak aurkeztu behar ditu, emailez atxikitako dokumentuetan:
a) Landu nahi duen kontakizunaren azalpena, bi mila eta sei mila karaktere bitartekoa, egoki iritzitako ezaugarriak zehaztuz, hala nola, argumentua, egitura, luzera, estiloa, etab.
b) Idazlanaren lagina edo erakusgarria, hamabost mila eta berrogei mila karaktere bitartekoa, ez nahitaez kontakizunaren hasierakoa, baina bai zati bakarra osatzen duena.
c) Egilearen izen-abizenak, helbidea, posta elektronikoa, telefonoa eta nortasun agiriaren kopia eskaneatua. (Egileei buruzko informazioa Udalak gordeko du erabakia hartu arte, eta epaimahaikoek ez dute jakingo haien berri).

4. Proiektuak 2015eko irailaren 30a arte bidal litezke helbide honetara: mrey@ondarroakoudala.net (Irakurri +)