Uxue Alberdi: “Asko gozatzen dut gidoi hauek egiten”

Uxue AlberdiUxue Alberdi, idazle eta bertsolaria, Irria aldizkarian Pupu eta Loreren atalaren gidoilaria ere bada. Labur, zehatz, argi eta alai, oso istorio politak sortzen ditu, beti hizkuntzarekin jolasean.

2012ko urtarrilean plazaratu zen IRRIA aldizkarian zure “PUPU eta LORE bizi bizi” ren lehen gidoia. Gustura al zabiltza?
Haur txikienentzako idaztea proposatu zidatenean ereduak bidali zizkidaten, eta segituan eman nien baiezkoa. Umeentzat idaztea beti gustatu izan zait, eta atal honek irudimena zukutzera bultzatzen nau.

Nola esan gauzak sinple eta argi?
Testu gutxirekin ahalik eta gehien esaten saiatzen naiz.

Nor duzu gogoan istorioak asmatu eta idaztean?
Helburua haurrentzako istorio erakargarriak sortzea da. Gurasoei ere egiten dizkiet keinuak, azken batean, ipuintxo hauek elkarrekin irakurriko baitituzte gehienetan. Aldizkariko hileroko gaiari heldu ohi diot, eta gai hori haur txikien mundura hurbiltzeko saiakera egiten dut. Gaiak askotarikoak dira: beldurra, osasuna, haserrea, ikasketaprozesua, maitasuna, elbarritasuna… Baina forma berezia hartzen dute hiruzpalau urteko haurren begietatik begiratuta.

Errimak erabiliz jolas egiten duzu. Bide batez hizkuntzarekin gozatzen erakusteko?
Neu naiz gozatzen aurrena. Haurrentzako istorio interesgarriak idazten saiatzen naizela esan dut lehen, baina niretzako izan behar dute interesgarri lehenbizi. Asko gozatzen dut gidoi hauek idazten. Gai bati heldu, mezu bat pentsatu eta errimadun esaldi laburren bidez harrapatzen saiatzen naiz. Umeak etengabe ari dira hizkuntzarekin jolasean, esperimentatzen, eta helduok era bai, sarri ohartzen ez bagara ere. Errima oso baliabide polita da esaldiei doinua emateko, memorian gordetzeko…

Ezagutzen al zenituen sudur gorri txikiak lehendik ere?
Bai, baina ez hain hurbiletik. Gure alabak esan zuen lehen hitza “Pupu” izan zen, hortik kontuak atera.

Orain ondo ezagutzen dituzu, beraz. Nolakoak dira?
Ba, osasuntsu eta maitasunez inguratuta dauden ume guztiak bezala alaiak, kuriositate handikoak, emozioetara irekiak, jolastiak…

Amatasunarekin bateratsu hasi zinen Pupu eta Lore “zaintzen” ere, laguntzen al dizu amatasunak gidoiak idaztean eta alderantziz?
Umeen munduan sartzeko ez dago guraso izan beharrik, baina etxean haur txiki bat izateak esku-eskura jartzen dit komikietarako materiala. Egunero ikusten dut alaba zerekin pozten, haserretzen, harritzen…den.

Gidoia idaztean irudikatzen duzunetik azken emaitzara alde handia al dago?
Elkar elikatzen dugula esango nuke. Nire burutik abiatutako istorioari ertz berriak gehitzen dizkio ilustratzaileak. Bizia ematen dio gidoiari.

Irria aldizkaria gomendatuko zenuke? Zergatik?
Ipuinak kontatzearen errituala gomendatuko nuke, elkarrekin imajinatzea, irudiei hitzak eta hitzei irudiak jartzea, papera emozio bihurtzea… Eta Irria aldizkariak horretarako aukera asko ematen ditu.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina