Gorka Bereziartua: “Millennial euskaldunen memoriarik ez da egin eta agian ez da egin nahi”
Garondoan eleberria argitaratu berri du Gorka Bereziartua kazetari ezagunak, euskal gatazkaz, baina baita belaunaldi baten erretratuaz modu diferentean hitz egiten digun lana.
Lehen eleberria duzu hau, nobela iniziatikotzat ere har daitekeen lana.
Badu kutsu hori eta nahi nuen edukitzea: nahiko gogorrak dira istorioan agertzen diren gertakari eta giro batzuk. Hortaz, istorioak zinismorik gabeko begirada eskatzen zidan, narrazio iniziatikoek izaten duten gardentasun hori. Baina ez nuke esango genero horretako istorio tipikoa denik ere. Heldu-bizitzan ondo sartuta daudenean hasi dira protagonistak aurretik gertatu zaiena puskaka berrosatzen, apurtuta bezala baitago haien memoria.
Belaunaldi baten erretratu gisa ere irakur daiteke, 2000ko hamarkadan gazte izatea tokatu zitzaien haiena.
Beharbada millennial-ak direlako dauzkate euren oroitzapenekin hainbeste problema: iruditzen zait Euskal Herrian gazte belaunaldi horri buruzko memoria-ariketa oso sendorik ez dela egin, eta agian ez dela egin nahi. Epikarako material handirik eskaintzen ez duen belaunaldikoak dira pertsonaiak. Hori da, hain zuzen, haiengandik interesatzen zaidan gauzetako bat: beren inguru politiko-afektiboaren kontraesanak ageri-agerikoak diren garai batean hartu behar dituztela beren bizitza markatuko duten erabakiak.
Edukiari buruz, esango dizute: “Euskal gatazkari buruzko beste liburu bat!”.
Asko jorratu da euskal gatazka, bai. Nolanahi ere, irakurle gisa ez zait asko interesatzen nobela baten gaia zein den, oinarri horretatik abiatuta liburuak nora naraman baizik. Konparazio bat egiteko, herri txiki batean gertatutako krimen bati buruz egin dezakezu ETB2n ematen dituzten bazkalosteko telefilm frantses horietako bat; edo egin dezakezu Twin Peaks. Gainera, uste dut gatazkari buruzko liburua baino, gatazkaren narratibei buruz zerbait iradoki nahi duen nobela dela Garondoan. Meta-narrazio moduko bat dela, alegia.
On-gaizto dikotomiatik urrun dago, hala ere.
Hasieratik argi neukan ez nituela nire pertsonaiak epaitu nahi; ezta haien alde ilun edo zalantzazkoak ezkutatu nahi ere. Laburbiltzeko, ez nituela pertsonaia lauak sortu nahi. Iruditzen zait nobelak aurrera egin ahala eboluzionatu egiten dutela, geruzaz geruza: haien aspirazioak, beldurrak, elkarren arteko harremanaren barne-botereak, gauzak garbi esateko ezintasuna… Eta hori dena memoriaren galbahetik pasata, gertaturikoa fikzionatuz alegia, azken finean gogoratzea berriz asmatzea baita.
Formari buruz: narrazio molde konbentzionalak eta ezohikoak tartekatu dituzu.
Berez istorio guztia lehen pertsonako narratzaile batekin kontatzen hasi nintzen, baina ez nengoen eroso. Orduan, gauza batzuk aldatzen hasi nintzen: narrazioaren linealtasuna puskatu; lehen pertsonako narratzaile hori metamorfosi batetik pasarazi; memoria hautsi baten berreraikuntzak eskatzen zuen idazkera bilatu… Eta halako batean, narratzaileari modu lehor samarrean hitz egiten dion beste ahots hori aurkitu nuen. Egia esan, oraindik ez dakit zer den ere. Glitch narratibo bat bezala agertu zitzaidan.
Eta nobela argitaratuta, orain bai, azkenik idazle bilakatu zara.
Lehenago ere saiatu izan nintzen titulu hori eskuratzen, ez pentsa, baina idazten hasitako liburuak abandonatzen nituen. Garondoan berriz, ez zitzaidan burutik ateratzen. Nobela bukatzea zen bide bakarra. Oso askatzailea izan da alde horretatik. Errepikatzeko modukoa.
Erlazionatutako Albisteak
- ← ASEL LUZARRAGA: “Liburuak ez dira bonbak, garrak baizik”
- Abel Amutxategi: “Irakurlearen irudimenari deitu nahi dio batez ere liburu bilduma honek” →





