Ana Jaka Garcia: “Zailtasunak dituzten pertsonaiak interesatzen zaizkit”

Ez zen diruagatikAna JakaAurretik poesia gazteleraz idatzi ondoren, Ana Jaka idazle andoaindarrak bere lehen nobela argitaratu du, euskaraz sortua oraingoan. Olga protagonista eta berarekin triangelu bitxia osatzen duten beste bi pertsonaien arteko harremanak eta gora-beherak ezagutuko ditugu bertan.

Orain arte poesia munduan mugitu zara, Iruñea aldeko taldetan parte hartu duzu errezitaldi eta bestelakotan. Nolakoa izan da poesiatik eleberrirako pausoa?

Ez da pauso bakarra izan, pauso txiki asko izan dira lehenago: narrazio motzak, luzeagoak… betidanik gustatu zait genero batetik bestera salto egitea; poesian ere, adibidez, ez da gauza bera blog baterako idatzi edo errezitaldian irakurri,  idaztearen alderdi ezberdinak lantzeak erakartzen nau, kuriosoa naiz. Eleberri bat idaztea erronka ederra iruditzen zitzaidan, narratibako gailurra, esan dezagun, beste lan mota bat eskatzen du eta beste pozak eskeintzen: pertsonaiak sortu, adibidez, edo luzera bera, istorioak garatzeko bide luzeago bat. Uneari hobeto egokitzen zaio poesia, baina badira kontatzeko paper gehiago behar duten kontakizunak, emozioak, eta hortik datorkit eleberriak edo narrazio luzeak sortzeko beharra.

Gero, nire poemak aski narratiboak dira, Mero Amor poema-bildumak, adibidez, istorio bat osatzen du, poemaz poema, bere hasiera, garapena, klimaxa eta bukaera barne. Nire burua idazle hibridotzat ikusten dut, poeta eta aldi berean narratzailea. Batek bestea aberasten du, joko interesgarria da niretzat. Poesia aspalditik dago nire bizitzan, txikitatik, eta ez dut uste inoiz utziko dudanik, eleberrirako bideak, nire kasuan, denbora gehiago behar izan du, heldutasun kontu bat edo, beste kasuetan alderantziz izan daiteke baina nirean horrela suertatu da. Baina ez da zaila izan, unea iritsi denean.

Gazteleratik euskararako jauzia naturaltasunez egin al duzu?

Hemen ere pauso batzuk emanak nituen: narrazio motzen bat, olerki batzuk… Ez da lehenengo aldia euskaraz idazten dudala, eleberria idaztea erronka zen, lehen aipatu bezala, baina batez ere generoari dagokionean, eta ez hainbeste hizkuntzaren hautaketarengatik. Idazteko gaitasuna bat da, nire ustez, eta sortzeak ematen dizun plazerra ere, berdina. Nire kasuan, elebiduna izanik, aspaldian nuen euskaraz zerbait landuago sortzeko gogoa. Nire bizitzan bi hizkuntzak dauden bezala, literatura egiterakoan ere euskara erabiltzea gero eta beharrezkoagoa egin zait, eleberria idaztera iritsi arte, eta esperientzia oso polita izan da, errepikatzeko modukoa. Adierazteko modu literarioa bietan berdina izanik, bi hizkuntz oso ezberdinak dira, eta, hitzak, egiturak, mundua ikusteko modu bi, azken finean, eskeintzen dituzte eta biak gozatzeko aukera izanda, ezin bietan aritzeko tentazioari eutsi. Jauzia beraz, bai, naturala izan da, bizitzan euskara eta gaztelania naturaltasunez nahasten zaizkidan bezala.

Pertsonaien psikologia eta sentimendu korapilatsuak landu dituzu eleberrian. Olga protagonistak bizitzen kostatu egiten zaiola, eta harremanak kudeatzen desastre hutsa dela onartzen du.

Zailtasunak dituzten pertsonaiak interesatzen zaizkit. Askotan, eta gaur egun gure gizartean agian inoiz baino gehiago, badirudi arazoak kanpotik datozela, eta bai, egia da testuingurua ez dela oso baikorra, baina badira dena zailtzen duten barne arazoak, eta badira bizi-ibilbideak, egoera zailei edo ez hain zailei aurre egiteko, pertsona batzuk ezgai egiten dituztenak. Eta orduan nire galdera da: hauek ba al dute aukerarik?

Eleberriko pertsonaiak krisiak kolpatuta daude, baina ez soilik krisi ekonomikoak, berezko krisiak dituzte: emozionalak, bizitzaren zentzu faltarenak, edo gogo faltarenak. Barne arazoak esaten dudanean, ez naiz erruaz ari, ez ditut epaitzen. Homofobia, familia eta bikote arazoak, lana bilatzeko zailtasunak… horietan noski, gizarte ereduak badu erantzunkizunik, baina pertsonengan hartzen duten pisuak pertsonek beraiek duten jarrerarekin zerikusia du, eta horretan jartzen dut arreta.

Olga, protagonista, adibide garbia da, baina beste pertsonaiek ere zailtasun larriak dituzte, batek besteei ispilu moduko bat egingo die, eta alderantziz. Hemen ez dago pertsonai eredugarririk, ezta salbatzailerik ere, ispiluen jokoa da, eta bakoitzak bere ondorioak atera eta erabakiak hartuko ditu.

Zorte txarra erakartzen duten pertsonak daudela iradokitzen du protagonistak bere kontakizunean. Hala uste al duzu?

Eleberriak ez dio galdera horri erantzuten, jarrerak erakusten ditu. Hori pentsatzea jarrera da, eta une batzuetan, pertsonaiek patuaz eta aukeraz, askatasunaz, hitz egiten dute. Eta bukaeran, zerbait egingo dute ala ez. Beraz, zerbait egin edo ez egiteko aukera badago, askatasunak baduela tokirik iradokitzen da, ezta? Kontua ez da zer erakartzen duzun, zergatik eta zer egiteko prest zauden baizik.

Zeure poematan azaltzen diren zenbait gai errepikatzen dira ere eleberrian, hala nola, bakardadea edo abandonua.

Bakardadea ez da zertan txarra izan behar. Eleberrian, adibidez, dependentziatik ateratzeko bidea izan daiteke. Eta abandonua baino gehiago, galeraz hitz egingo nuke. Pertsonak hiltzen dira, harremanak eteten, errealitatea horrelakoa da, tristea eta bidegabea batzuetan, eta bere laztasunean erakusten dut. Egoera mingarrietaz idazten dut, bai, baina horien ondoan baikorra naiz, baikorregia agian. Eta kontrastea baliogarria zait baikortasun hori adierazteko: jar zaitez puntako egoera batean eta ikusi zer egiteko gai zaren. Emaitza ez da distiratsua izango baina bai baliotsua. Fantasiatik eta gozotasunetik alde egiten dut, errealitate gordinak erakusten ditut, makillajerik gabekoak, eta makillajerik gabekoa izango da irtenbidea, erreala, posiblea. Eta posiblea eta erreala delako iruditzen zait baikorra, fatalismotik eta aitzakietatik urrun. Poesian, adibidez, ez dut inoiz tonu dramatikorik erabiltzen, eta eleberrian, are gutxiago, irakurleak narratzaile ezin errealistagoa topatuko du, adarjotzailea hainbatetan, inolaz ere sentimentala edo jasankorra.

Izenburuan adierazten duzunaren ildotik, diruaren gainetik harreman zintzoen balioa gailendu nahi izan duzula esango al zenuke?

Diruak garrantzi handia du eleberrian. Izenburuak, “Ez zen diruagatik”, beste zerbait iradoki arren, dirua hitza bera agertzen duelako, haren presentzia garbi uzten du. Bizitzak eta harremanek garapen fisikoa dute, diruaren bidez, gure gizartearen kasuan, argi eta garbi. Galdeiezu langabetuei edo senarra utzi nahi duen etxekoandreari. Ildo honetatik doa eleberrian egiten den diruaren trataera, ez da anbizio kontua, bizirautearena baizik. Diruarekin duten harremanak baldintzatuko ditu pertsonaien egoera eta erlazioak. Tabu bat apurtu nahi nuen eleberriarekin: diruarena. Oso polita da askatasunez eta harreman libreetaz hitz egitea baina horrek guztiak baldintza ekonomiko batzuk eskatzen ditu, diruaren kudeatze bat. Eta kontua da, aldi berean, eta zuk aipatu bezala, badirela harreman zintzoak, diruaren erabilera baldintza dezaketenak…

Zer azaldu nahi duzu istorio honen bitartez?

Egia esan, nahiago dut erantzunik ez ematea eta irakurleari uztea azken pauso hori. Gai batzuk landu ditut, lehen aipatutakoak batzuk: diruaren erabilera eta horrek harremanetan duen garrantzia, dependentzia emozionalak, bizitzari aurre egiteko aukerak… Beste batzuk ere zeharka lantzen dira, bigarren maila batean. Irakurketa asko izan dezake eleberriak, laburra izanagatik ere. Gustatuko litzaidake irakurleak oso gertuko errealitateak ezagutzea, edo ezagunak baditu, horiei buelta batzuk ematea, eta ondo pasatzea, noski, istorioak harrapatua izatea.

Nondik joko duzu hurrengo lanean? Talde proiekturen batetan murgilduta zabiltzala jakin dugu.

Une honetan poesia liburu bat prestatzen ari naiz. Bakarkako lana izango da eta aurreko lanak baino politikoagoa: generoa, gorputzak, nortasunak,  sexualitatea… horrelako gaiak lantzen ari naiz, transfeminismoaren ildotik gutxi gora behera, baina poeta bezala, hau da, teorizaziotik urrun, istorioak kontatzen, sentsazioak, sentimenduak azaltzen. Blogean adibide batzuk jada eskegi ditut, eta errezitaldietan probatzen. Honekin bukatutakoan, eta nire burua ezagututa, narratibara itzultzeko gosea piztuko da, seguru…

 

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina