Antxiñe Mendizabal: Hiru emakumeak ama-zurtz sentitzen dira; iruditzen zaie egokitu zaien ama ez dela behar zutena”

Familia baten zirkulazio-sisteman sartzen gaitu Antxiñe Mendizabalen Odolekoak eleberriak. Zainetatik batera eta bestera garamatza odolak hiru belaunalditan zehar. Eta bueltan bihotzera. Bi bihotz dauzka baina istorio honek, bakoitza bere erritmoan taupaka baina elkarri oihartzuna eginez.

Has gaitezen hezurduratik: hitz egiguzu hiru belaunaldien istorioaz, lekuaz, garaiaz.

Iruñean dago nagusiki girotuta. 1941. urtean abiatzen da historia eta 2005ean amaitzen. Echaluce familiako alaba eta haren ondorengoak dira protagonista nagusiak: Matilde, Teresa eta Amaia. Hala ere, emakume bakoitzaren inguruan pertsonaia ugari batzen dira, beren mundu-konstelazio propioa osatuz. Protagonistak bezain funtsezkoak iruditzen zaizkit bigarren mailako pertsonaiak. Guztiak daude, nolabait, saretuta, eta askotan endredatuta, beraiek jakin gabe, besteen bizitzetan nahastuta. (Irakurri +)

Joseba Sarrionandia: “Ez nuke kultura baztertu bateko funtzionarioa izan nahi”

Gauzak direna balira saiakeraren karietara hurbildu gara Joseba Sarrionandiarengana (Iurreta-Durango, 1958). Habanako gaukaria izeneko sortaren hirugarren liburua da, Pamiela argitaletxearen eskutik argitaratuta. Egitasmo xume baten hiruko biribila. 

Nondik nora Habanako gaukaria trilogia? Trilogia izateko asmoz hasi zenuen egitasmoa?

Liburu bat izan zen lehenengoa, Bizitzea ez al da oso arriskutsua? Liburu bat ikuspegi, idazkera eta erreferentzia batzuekin egiten da. Beste bi atera zaizkit gero irizpide berberekin.

Saiakera liburuak dira, baina egunerokoak edo dietarioa ere badira.

Saiakera uste dut dela interesgarriena, idazkera apur bat esperimentalean. Egunkari moldea metodo edo diziplina bat da batez ere, ez da diario intimoa esan daitekeena. (Irakurri +)

Zorioneko Happy ending batzuk, bukaera zoriontsu ugari eta ondo bukatzen diren liburu asko

Atal honetan bertan esan dut gaur baino lehen zenbat gustatu zitzaidan Katixa Agirreren Amek ez dute (Elkar, 2018). Arrazoi asko daude horretarako baina beste guztien gainetik bat aipatu beharko banu bukaera izango litzateke. Abila, azkarra eta elegantea iruditu zitzaidan. Hilketa izugarri bati buruzko thriller moduan hasten den eleberriak norabide batean darama irakurlea liburu osoan zehar eta azken orrialdeetan argumentuaren korapiloak soka bakar bati tiratuta askatzen dira, amatasunari eta kreazioari buruzko hausnarketa jenial bat egiteko.

Liburu bat ondo bukatu dela diogunean zer esan nahi dugu? Eta zer da bukaera zoriontsu bat? Azken galdera erantzutea errazagoa da, beharbada. Pertsonaiak pozik geratu direla esan nahi izaten dugu. Baina bukaera garratzak onak izan daitezke, irakurle bezala sentitu dezakegu liburua “behar den moduan” bukatu dela. Zeuk jakingo duzu, irakurle, ze eratako liburuak eta bukaerak dituzun nahiago, gorputza esperantzaz beteta uzten dutenak; mukizapia hartuta baina bihotza sentimenduz puztuta bukatzen dituzunak edo ia beste guztiak, bi horien erdian nonbait kokatzen direnak. (Irakurri +)

Pikotxean jarri eta gozatzeko saila

Pikotxean deituriko sail berria jarri du martxan Ereinek, 8 eta 12 urte bitarteko gaztetxoei zuzendua. Lehen lau liburuxkak kalean dira jada. Anjel Lertxundik eta Inazio Mujikak idatzi dituzte ipuinak, eta Antton Olariaga eta Maite Gurrutxaga arduratu dira marrazkiez.

Orkatilen gainean eserita egotea da pikotxean egotea. Kokoriko ere esaten diote batzuek. Bada, hor nonbait galdutako hitza berreskuratu, eta 8 eta 12 urte bitarteko gaztetxoentzat sail berria jarri du martxan Erein argitaletxeak. Saileko lau liburuxka kalean dira jada, horietako bi sortu ditu Inazio Mujikak. “Tentsio pixka bat eta kontzentrazioa eskatzen duten liburuxkak dira, pikotxean irakurtzekoak”, azaldu du. “Ez luzeak, ez laburrak”. Hitz-joko horretatik datorkio izena, beraz, sail berriari. (Irakurri +)

Lander Garro XX. Augustin Zubikarai sariaren irabazle

Lander Garroren nobela-proiektu batek irabazi du Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Agustin Zubikarai saria. Hogeita bederatzi lan aurkeztu dira, eta horien artean Garroren proposamena aukeratu du Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osaturiko epaimahaiak. Saria urriaren 30ean arratsaldeko seietan emango zaio, Ondarroako Kofradia Zaharrean, Literatur Amuak izeneko jardunaldien barruan.

“Faith” du behin-behineko izenburua Lander Garroren proiektuak, eta bertan kontatzen du Xabi Ugartek, idazlearen alter ego-ak, Bartzelonan pasatzen duen aldia, argazkilaritza ikastera joanda, hemengo giro nahasitik eta poliziaren jazarpenetik urrundu nahian. Idazkera fresko eta sinesgarria, eguneroko bizitzaren taupadak idatziz jasotzeko abilezia, gai jasoen eta xeheen arteko konbinazio egokia eta testuaren erritmoa nabarmentzen dira, besteak beste, eleberri-asmo honetan. (Irakurri +)

Juul hauteskunde literarioen emaitzak

22. urtez jarraian, Ikastolen Elkarteak Juul literatur hauteskundeak antolatu ditu Euskal Herriko ikastoletako haurren irakurzaletasuna bultzatzeko. Kanpaina burutzeko haur eta gazte guztiek liburu eta ilustratzaile bat hautatu dute. Aurtengoan, hauxek izan dira irabazleak:

 

A Kategoria (3-6 urte artekoak)

   
           
Susanna Isern
Marmi eta kapela bitxia
Mezulari
  Miren Amuriza
Paularen txinelak
Elkar
  Xosé Manuel González “Oli”
Hamaika andere ausart
Pamiela
 

(Irakurri +)