Jabi Elortzari elkarrizketa elkar aldizkarian

Gazteentzako nobela berria plazaratu du Jabi Elortzak (Bilbo, 1973): Gezurren habia, neska nerabe baten desagerketarekin abiatzen den istorioa, aurrera egin ahala erritmoa bizkortu eta jakin-mina handituz doana.

Ez dira asko gazteentzat idazten dutenak euskaraz, eta zu azken urteetako egile oparoenetakoa bihurtu zara: Sara, Kinito egunak, Gezurren habia… Zerk eraman zaitu gazteentzat idaztera?
Hasieran, nire ikasleei gustatuko zitzaien zerbait idazteko asmoz ekin nion idazteari. Sara, nire lehenengo liburua, idazten hasi nintzenean, asmoa ez zen nobela bat idaztea, baizik eta ipuin labur bat, baina istorioan sartu nintzen erabat eta hilabete batzuen buruan amaitu. Hurrengo nobelak ere bide beretik egitea erabaki nuen, gazteen arteko istorioek aukera asko ematen dutela uste dudalako, eta horrez gain nabari da ikuspuntu kritiko bat arlo askotara hedatzen dena. (Irakurri +)

ŽIŽEKEN IZUrriA!

Danele Sarriugartek Slavoj Žižek filosofo esloveniarraren Pan(dem)ic! ekarri du euskarara, Txalaparta argitaletxean. Jatorrizko hizkuntzaren bikoiztasuna gorde du izenburuak euskal edizioan: IZUrriA! Pandemiak beldurra hedatu duen honetan, etorkizunaz gogoeta egitea dagokigu. Imanol Galfarsoro elkarrizketatu dugu horretarako, liburuaren hitzostegilea eta International Journal of Žižek Studiesen editorea bera.

Zenbait mediotan irakurri dugu Žižekek “kapitalismoaren amaiera” iragarri duela liburu honetan. Hala da?
Žižeken ezaugarri nagusietakoa bikoiztasuna da, eta, oro har, ezkor dirau pandemiak eraginda gizartea hobera aldatuko denik. Argi dagoen bakarra da birusak gure bizitzaren oinarriak desegingo dituela, eta horrek, sekulako sufrimendua sortzeaz gain, izugarrizko kalteak eragingo ditu. Liburuaren hasiera-hasieratik adierazten duen bezala, bestalde, epidemiak ez gaitu zuhurrago bihurtuko. (Irakurri +)

Maddi Ane Txoperena: “Milaka istorio interesgarri daude gure amatxi-aitatxiengan”

Lehen liburua kaleratu du Maddi Ane Txoperena Iribarrenek (Hendaia, 1994), Gazteluma bekaren laguntzaz: Ene baitan bizi da. Marie protagonista lapurtarra Parisen bizi da, baina udako oporretan, gurasoenera joan ordez amatxirengana joanen da, eta bien istorio txirikordatuek osatuko dute eleberriaren haria.

Zure lehen esperientzia da hau literaturan, ala lehendik ere aritua zinen?
Nire izenean idazten dudan lehen lan argitaratua da, bai. Aitzinetik idatzi izan ditut ipuinak-eta, nire buruarentzat, edo ezizenarekin sinatuak, aldizkarietan eta. (Irakurri +)

Kattalin Miner-en “Moio”ren 0. atala irakurgai

Kattalin Miner-ek jaso zuen ekainaren bukaeran EHGAM-ren Urrezko Hirukia Moio. Gordetzea ezinezkoa zen (Elkar) liburuagatik. Ezinbesteko memoria ariketa beharrezko bat da liburu hori. Ekarpen politiko-sozial garrantzitsu bat. Guztioi zer pentsatua eman beharko ligukeena.
Liburuko 0.atala irakurgai hemen:

0 ATALA
memoria-ariketa eta intentzioen adierazpena

2017ko apirilaren 23an, nire hiritik kanpo esnatu nintzen. Ondo baino hobeto nekien zein egun zen, Aimar Elosegi Ansa, edo, lagun artean beti deitu izan genion bezala, Moioren heriotzaren hamargarren urteurrena hain zuzen; baina lehenengo aldiz, hamar urtetan lehenengo aldiz, ezer berezirik ez egitea erabaki nuen. Ez nien idatzi urtero idazten diedanei (haiek niri ere ez), ez nintzen loreak eramatera joan, ez nuen tartetxo bat hartu memoria-ariketak egin eta lagunaz akordatzeko. Eguna joaten utzi nuen, inori zein egun zen ere esan gabe. (Irakurri +)

Alex Gurrutxaga: “Lete irakurtzeko kritikotasunez pentsatzeko prest egon behar da”

Xabier Lete Aberriaren Poeta Kantaria liburuan Alex Gurrutxaga Muxikak (1988, Zarautz) miraz eta pasioz estalgabetu du sortzailearen emana. Luze eta zabal hitz egin dugu haren bizitzaz eta obraz.

Xabier Letek Iruñean eman zuen errezitaldiaren irudiarekin hasi duzu liburua. Hunkiduraz hasiko du irakurleak Xabier Lete Aberriaren Poeta Kantaria (Alberdaina 2020) liburuaren irakurketa?
Bai, irudia hunkigarria iruditzen zait, bai, eta esanguratsua. Letek poesia errezitaldi zenbait eman zituen bere azken urteetan, 2008 eta 2010 bitartean, eta izugarria izan zen haietan sortu zen giroa; sumatzen ziren jendearen hunkidura, zerbaiten parte izatea, esker on sentipena… Iruditzen zait errezitaldi haietan Lete euskaldunez agurtzen ari zela (oso gaixo zegoen), eta jendeak maitasuna adierazi ziola. Horrek guztiak erakusten du Letek bazituela itzala eta jendearen onespena. Horregatik nahi nuen hortik hasi: irudi horrek Leteren figuraren neurriaz hitz egiten digulako. (Irakurri +)

Miren Agur Meabe, Mikel Zarate sariaren irabazle

Miren Agur Meabek idatzitako Itsasoaren atea nobelak irabazi du 2020ko Mikel Zarate haur literatura saria. Hala erabaki du Leire Bilbaok, Julen Gabiriak eta Xabier Mendigurenek osatutako epaimahaiak, eta berak eramango du 3.000 euroko saria. Liburua, berriz, Elkar argitaletxeak kaleratuko du.

Lezamako Udalak eta Elkar argitaletxeak sortu zuten sariketa hau, Lezamako seme eta euskal kulturako sortzaile eta bultzagile handi izandako Mikel Zarateren omenez, eta hamaikagarren ekitaldia izan da aurtengoa. 
Lur Gallastegik irabazi zuen duela bi urte, eta epaimahaiak hutsik utzi zuen saria iaz. (Irakurri +)