Kattalin Miner-en “Moio”ren 0. atala irakurgai

Kattalin Miner-ek jaso zuen ekainaren bukaeran EHGAM-ren Urrezko Hirukia Moio. Gordetzea ezinezkoa zen (Elkar) liburuagatik. Ezinbesteko memoria ariketa beharrezko bat da liburu hori. Ekarpen politiko-sozial garrantzitsu bat. Guztioi zer pentsatua eman beharko ligukeena.
Liburuko 0.atala irakurgai hemen:

0 ATALA
memoria-ariketa eta intentzioen adierazpena

2017ko apirilaren 23an, nire hiritik kanpo esnatu nintzen. Ondo baino hobeto nekien zein egun zen, Aimar Elosegi Ansa, edo, lagun artean beti deitu izan genion bezala, Moioren heriotzaren hamargarren urteurrena hain zuzen; baina lehenengo aldiz, hamar urtetan lehenengo aldiz, ezer berezirik ez egitea erabaki nuen. Ez nien idatzi urtero idazten diedanei (haiek niri ere ez), ez nintzen loreak eramatera joan, ez nuen tartetxo bat hartu memoria-ariketak egin eta lagunaz akordatzeko. Eguna joaten utzi nuen, inori zein egun zen ere esan gabe.

Hurrengo egunetan, ordea, asko pentsatu nuen horretan; alegia, zergatik ez ote nuen beharrik sentitu ezer ere egiteko. Hasiera batean, pentsatu nuen, pozarren kasik, doluaren azken fasea itxi nuela nik neuk ere, eta lasaitu handia hartu nuen hamar urtetan lehenengo aldiz. “Bukatu da”.

Baina ez nuen nik asmatu zerbaiten bukaera ezinbestean beste zerbaiten hasiera izaten dela, eta apirilaren amaiera hartan, lasaituak bizpahiru egun iraun ostean, “eta orain, zer?” bat iltzatu zitzaidan buruan.

Inork ez digu kontatu doluaren ostean zer datorren. Konturatu nintzen orduan, edo sentitu nuen behintzat, urteekin, hain soziala, publikoa, herrikoia eta konpartitua izan zen heriotza hura plano intimora kondenatzen joan nintzela apurka-apurka. Konturatu nintzen lotsa halako bat sentitzen nuela lagun berriei kontatzen nienean “bere buruaz beste egin zuen nire lagun transexualarena”. Azkar esaten nuela, dramatismotik at, eta pena edo erruki izpirik sentiarazi nahi gabe. Aldi berean, konturatu nintzen nire intimitaterako joera horrek janak zituela nigan gertakari hark izandako publikotasun, politikotasun eta aldarri zantzu guztiak.

Bolada txarra etorri zen horren atzetik. Isilean bizitu nuena. Lehenengo aldiz kulpa bizia etorri zen, ez suizidioaren aurreko kulpa hori, beste kulpa bat. Hitz emandako zerbait konplitu ez izanaren kulpa. Memoria iraunaraztearena, borrokari eustearena, zerbaitetarako balio zezan zerbait egitearena.

Moiok egunerokoak idatzi zituen urte luzeetan zehar. Eguneroko sakonak, garratzak bezain maitasunezkoak. Eta, agian horrek bultzatuta-edo, 2017ko udako egun batez, sentitzen nuen ezinegon horretatik, nik neuk ere eguneroko bati ekin nion. Bertan, ia modu primitibo batean, barruan nerabilen hori guztia papereratzeko beharra sentitu nuen.

Hala hasi nuen: Jarraitu irakurtzen (.pdf)

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina