Kaixomaitia.eus atariak bere xedeen artean du, besteak beste, euskarazko edukiak sortzea eta zabaltzea; esaterako, pertsonen arteko harreman afektibo eta sexualarekin dituzten orotariko gaiak, nahiz kontaketa edo ipuin erotiko laburrak. Sinetsita baitago euskararen normalizazioaren bidean ezinbestekoak direla euskarazko edukiak sortzea eta sarean ere zabaltzea.
Aipatu helburu horiei jarraiki, aurten lehen aldiz Kaixomaitia.eus -ek abian jarri nahi du Elkar Argitaletxearekin elkarlanean euskarazko kontaketa erotikoen lehiaketa, ondorengo oinarriekin:
1. Lehiaketan parte hartzeko:
Lehiaketa honetan parte hartu ahal izango dute 18 urte edo gehiagoko herritarrek.
Izen-abizenak, posta elektronikoa eta harremanetarako telefono bat zehaztu beharko ditu parte-hartzaileak.
Parte-hartzaileak ezizen edo izen propioarekin parte hartuko du, baina azken 8 finalisten artean suertatuz gero, izen-abizen errealak erabili ahalko dira sari banaketa eta komunikazio lanetarako.
(Irakurri +)
Lander Garroren nobela-proiektu batek irabazi du Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Agustin Zubikarai saria. Hogeita bederatzi lan aurkeztu dira, eta horien artean Garroren proposamena aukeratu du Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osaturiko epaimahaiak. Saria urriaren 30ean arratsaldeko seietan emango zaio, Ondarroako Kofradia Zaharrean, Literatur Amuak izeneko jardunaldien barruan.
“Faith” du behin-behineko izenburua Lander Garroren proiektuak, eta bertan kontatzen du Xabi Ugartek, idazlearen alter ego-ak, Bartzelonan pasatzen duen aldia, argazkilaritza ikastera joanda, hemengo giro nahasitik eta poliziaren jazarpenetik urrundu nahian. Idazkera fresko eta sinesgarria, eguneroko bizitzaren taupadak idatziz jasotzeko abilezia, gai jasoen eta xeheen arteko konbinazio egokia eta testuaren erritmoa nabarmentzen dira, besteak beste, eleberri-asmo honetan. (Irakurri +)
Maddi Ane Txoperena Iribarrenek irabazi du Igartza saria, Ez erran inori izeneko nobela proiektuarekin. Idazle gazteen lanak bultzatzeko sariketa hau Beasaingo Udalak, CAF enpresak eta Elkar argitaletxeak antolatzen dute, eta hogeitaka urtetako bere historian gerora ospetsu eta bikainak izan diren idazleak ezagutarazi ditu. Txoperenak “Ene baitan bizi da” izeneko nobela bat argitaratu du orain arte, aurtengo udaberrian kaleratu zena, eta amona-biloba harreman bat kontatzen zuena, besteak beste. Oraingo nobelak, berriz, haur batek jasandako sexu-abusua kontatuko du, baita horrek gerora protagonistarengan izango duen eragina ere.
ELKARRIZKETA:
Ez erran inori nobela-proiektuarekin irabazi duzu Igartza saria. Zer da, edo zer izango da, Ez erran inori?
Zuk erran bezala, nobela proiektu bat da. Lide du protagonista nagusia eta haren ahotsetik eta bizipenetatik harilkatuko dut narrazioa. Lideri sexu eraso bat egin zioten umea zela: horrekin hasiko da kontakizuna, erasoaren kontaketarekin. Baina nobela ez da haurtzaroan zentratuko: Lide heldu bilakatu eta erasoaren kontzientzia hartzen hasten denetik erasoak eragin dion minarekin nola bizi kudeatzen duen arte bizi duena kontatuko dut nobelan; bizipenetan, emozioetan eta sentsazio fisikoetan zentratuta. (Irakurri +)
Nire lehen emozioak bilduma argitaratu du Ttarttalo argitaletxeak Olaialaiaren ibilerak plazaratzeko. Pertsonaia Marie-Agnès Gaudraten irudimenari zor zaio eta Frederic Benagliaren ilustrazioez jantzita agertu da. Eguneroko bizipenetan oinarritutako istorio bizi eta samurren bidez, irakurle txikiak bere garapen emozionalean oinarrizkoak diren sentipenetan murgiltzeko aukera izango du. Horrezaz gain, emozionalki korapilatsuak diren egoera ezberdinetatik onik nola atera deskubrituko du. Izan ere, bildumako lehenengo ipuinetan sentimendu indartsuak landuko ditu Olaialaiak: ernegua, amorrua eta poza. Lehenengoak ondo kudeatzen eta baztertzen ikasiko du. Bestea, ordea, bere inguruan nola erein.
(Irakurri +)
Gazteentzako nobela berria plazaratu du Jabi Elortzak (Bilbo, 1973): Gezurren habia, neska nerabe baten desagerketarekin abiatzen den istorioa, aurrera egin ahala erritmoa bizkortu eta jakin-mina handituz doana.
Ez dira asko gazteentzat idazten dutenak euskaraz, eta zu azken urteetako egile oparoenetakoa bihurtu zara: Sara, Kinito egunak, Gezurren habia… Zerk eraman zaitu gazteentzat idaztera?
Hasieran, nire ikasleei gustatuko zitzaien zerbait idazteko asmoz ekin nion idazteari. Sara, nire lehenengo liburua, idazten hasi nintzenean, asmoa ez zen nobela bat idaztea, baizik eta ipuin labur bat, baina istorioan sartu nintzen erabat eta hilabete batzuen buruan amaitu. Hurrengo nobelak ere bide beretik egitea erabaki nuen, gazteen arteko istorioek aukera asko ematen dutela uste dudalako, eta horrez gain nabari da ikuspuntu kritiko bat arlo askotara hedatzen dena. (Irakurri +)