Idoia Garzesen nobela-proiektu batek irabazi du Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Agustin Zubikarai saria. Hogeita lau lan aurkeztu dira bertara, eta horien artean Garzesen proposamena aukeratu du Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osaturiko epaimahaiak. Saria urriaren 30ean arratsaldeko zazpietan emango zaio, Ondarroako Kofradia Zaharrean, Literatur Amuak izeneko jardunaldien barruan.
Mendiko gaitza du izena Idoia Garzesen proiektuak, eta nobela beltz atipiko bat dela esan liteke. Arlet Anaut da protagonista, asperger sindromea duen emakume gazte bat, bere mendi-ibilaldi batean kasualitatez desagertze baten arrastoa agerian jarriko duena eta, ezustean, heriotza baten susmagarri bihurtu nahiko dutena. Berezia da Arlet, eleberriko protagonista eta narratzailea: besteentzat bitxiak diren pentsamenduak ditu, eta oro har ez du erraz konektatzen jendearekin. Arletez gain, leku berezia izango dute nobelan desagertua alargun femme fatale-a eta kasuaz arduratuko den Ertzaintzako agentea.
ELKARRIZKETA
Zer da Mendiko gaitza, zure eleberri-proiektua?
Eleberri beltz atipiko bat da, thriller ukitua ere baduena, bere suspentse eta tentsioarekin. Eleberri beltzaren ezaugarriak ditu proiektuak: krimena argitzeko beharra, errealismoa, eta idazkera eta elkarrizketa zuzen eta biziak. Baina ez da oso kanonikoa, hasteko protagonista emakumea delako eta nahiko berezia gainera. (Irakurri +)
Irun Hiriko Kutxa Literatura Sarien poesia saria irabazi du aurten Aritz Gorrotxategik, Amua izeneko liburuarekin, erritmo ondo neurtu batekin hainbat gai lantzen dituen olerki-bilduma: Mediterraneoaren lilura, erotismoa, gatazka sozialak, heriotza… Elkar argitaletxean kaleratuko du poemario hori, hilabete barru.
Sari banaketa azaroaren 29an, 19:30ean, egingo da Irungo Amaia Antzokian. Bertan euskarazko eta gaztelaniazko eleberri eta olerki modalitateetako irabazleek beren sariak jasoko dituzte.
43. edizio honetan, ondorengoak izan dira irabazleak:
Paula Lapido
Lanaren izenburua: Los que alcanzan la orilla
Gaztelaniazko eleberria. Saria: 25.000 € + Garaikurra
Carlos J. Aldazabal
Lanaren izenburua: Mauritania es un país con nieve
Gaztelaniazko olerkia. Saria: 15.000 € + Garaikurra
José María García-Viana Arenales
Lanaren izenburua: Pentaedroa
Euskarazko eleberria. Saria: 25.000 € + Garaikurra
Aritz Gorrotxategi Mujika
Lanaren izenburua: Amua
Euskarazko olerkia. Saria: 15.000 + Garaikurra

2017 urtean Tene beka irabazi zuen lana: Xabier Gantzarainen Zuloa
Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak, Euskal Herriko historia hurbilaren ezagutza zabaltzeko eta gure literatura aberasteko asmoz, XIV. Tene Mujika beka sortu dute, 6.000 euroko dirulaguntza emango duena, ondorengo oinarrien arabera:
1. Gure herriaren azken 70-60 urteetan izandako pertsona, talde, gertakari edo mugimenduren bati buruzko liburuak egiteko proiektuak aurkez litezke (adibidez: biografiak, kronikak, erreportajeak, saiakerak, elkarrizketak, ikerketak…); lanak jatorrizkoa eta euskaraz sortua izan beharko du, aurrez argitaratu nahiz saritu gabea.
2. Proiektuak aztertzean, bi ezaugarri hartuko dira batez ere kontuan: testuaren beraren kalitatea eta gaiaren interesa. Ez da fikziorik onartuko baina bai materialaren lanketa literarioa, idazleak hala nahiko balu; dibulgazio-lanak bezala egin litezke ikerketak, baina ez espezialistentzat bakarrik idatzitakoak. (Irakurri +)
Urtetan nobela beltzak idazten jardun ondoren, ipuin-bilduma sendo eta mamitsu bat dakarkigu Irasizabalek, Zorioneko familia. Teknikan eta gaietan berritasun nabarmenak egon arren, “ahalik eta istoriorik onena, ahalik eta ondoen” kontatzea omen du betiko helburua, gatazkaren bat bihurtuz beti istorioaren muina. Galdezka joan gara beregana.
Lev Tolstoik esaldi ospetsu batekin hasi zuen Anna Karenina: “Munduko familia zoriontsu guztiak dira elkaren antzekoak; zoritxarrekoak, berriz, bakoitza bere modura da zoritxarrekoa”. Zure liburuaren atarian jartzeko moduko esaldia, ezta?
Tolstoi bera eta esaldi hori batez ere trannszendenteegiak iruditzen zaizkit nire ipuinekin lotzeko. Izen handiak aipatzen hasita, Van Gogh aipatuko nuke. Helburu bakarra omen zuen: konturatu zitezela bere teknika zakarraren azpian samurtasuna zegoela. Uste dut ipuin hauek gehiago dutela samurretik transzendentetik baino.
Familia inspirazio iturri agortezina dela esan liteke. Izan duzu erreferentziazko autorerik literaturan edo zineman?
Liburuek eta pantailek istorioak kontatzen dizkigute etengabe. Hunkitu gaituzten guztiek daukate gugan eragina, baina ezingo nuke esan zein neurritan bakoitza. Nire ipuinen antzeko giroak dituen istoriok bat aipatzekotan telesail labur bat aipatuko nuke: Mar Coll-en “Matar al padre”. Oso ona. (Irakurri +)
Duela 50 urte gaurko egunez, 1969ko uztailaren 10ean hil zen Mendaro aldean auto istripuan Rikardo Arregi Aranburu idazle eta ekintzaile andoaindarra. 26 urte besterik ez zituen arren, idazle gazte hark egundoko eragina izan zuen bere garaian, berak sortua baita, besteak beste, alfabetatze mugimendua. Arregik utzitako arrasto sakonaren froga da heriotza hari loturik dauden idazleen zerrenda, XX. mendeko euskal kulturaren berrikuntza markatu zuten izen nagusiak: Txillardegi, Gabriel Aresti, Ramon Saizarbitoria, Ibon Sarasola, Arantxa Urretabizkaia… Hemen kontatuko dizugu lotura horren nondik norakoa.
Garai hartan Txillardegi Bruselan bizi zen, erbesteraturik, eta bertatik idatzi zuen bere hirugarren eleberria, Elsa Scheelen. Berau argitaratzeko gertu agertu zen Gabriel Aresti, berak sorturiko Kriseilu zigiluan. Aldi berean, Donostian, Ramon Saizarbitoriak, Ibon Sarasolak, Arantxa Urretabizkaiak eta beste zenbait lagunek Lur argitaletxea sortzekotan ziren, eta tratuan ziren Gabriel Arestirekin ere. Hain zuzen, elkarrizketa horietatik atera zen argitaletxe bakarra eratzeko asmoa. Arestik jada ordaindua zuenez Elsa Scheelen-en edizioa, ale horiek Lur-en esku utziko zituen, eta ordainetan, Arestiri auto bat emango ziotela adostu zuten, Lur-ekoen lagun baten Seat 850 bat.
Euskaltzaindiak Bilbon egingo zuen batzar bat aprobetxatuz, Ramon Saizarbitoriak eta Rikardo Arregik hartu zuten kotxea, han Arestiri entregatzeko. Zoritxarrez, ez ziren inoiz iritsi, bide erdian istripua izan baitzuten eta bertan hil baitzen Rikardo Arregi.

Castillo Suarez (Altsasu, 1976), zazpi urteko isilaldiaren ondoren poesiara itzuli da Irautera izeneko liburuarekin, iruditeria begetala eta abandonuaren gaia elkartzen dituena, indar eta dotorezia bereziaz.
Poeta emankorra izan zara beti, garai batean bi urterik behin liburu berri bat atera ohi zuena. Oraingoan, berriz, zazpi urte igaro dira azken poemategia atera zenuenetik. Badu horrek zergatiren bat?
Uste dut idazle bati gerta dakiokeen gauzarik makurrena dela aurrekoa baino liburu txarragoa egitea. Alde horretatik, Urtebetze festa izan da orain arteko nire libururik biribilena, eta egiazki uste nuen ezin nuela hoberik idatzi. Ez dago bestelako arrazoirik. Sumatu dudanean liburu –on– bat nuela burutan, idazketa prozesu oso azkarra izan dut: bi hilabetetan idatzitako liburua da. (Irakurri +)





