Idoia Garzes Agustin Zubikarai XIX. Sariaren irabazlea

Idoia Garzesen nobela-proiektu batek irabazi du Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Agustin Zubikarai saria. Hogeita lau lan aurkeztu dira bertara, eta horien artean Garzesen proposamena aukeratu du Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osaturiko epaimahaiak. Saria urriaren 30ean arratsaldeko zazpietan emango zaio, Ondarroako Kofradia Zaharrean, Literatur Amuak izeneko jardunaldien barruan.

Mendiko gaitza du izena Idoia Garzesen proiektuak, eta nobela beltz atipiko bat dela esan liteke. Arlet Anaut da protagonista, asperger sindromea duen emakume gazte bat, bere mendi-ibilaldi batean kasualitatez desagertze baten arrastoa agerian jarriko duena eta, ezustean, heriotza baten susmagarri bihurtu nahiko dutena. Berezia da Arlet, eleberriko protagonista eta narratzailea: besteentzat bitxiak diren pentsamenduak ditu, eta oro har ez du erraz konektatzen jendearekin. Arletez gain, leku berezia izango dute nobelan desagertua alargun femme fatale-a eta kasuaz arduratuko den Ertzaintzako agentea.

ELKARRIZKETA

Zer da Mendiko gaitza, zure eleberri-proiektua?
Eleberri beltz atipiko bat da, thriller ukitua ere baduena, bere suspentse eta tentsioarekin. Eleberri beltzaren ezaugarriak ditu proiektuak: krimena argitzeko beharra, errealismoa, eta idazkera eta elkarrizketa zuzen eta biziak. Baina ez da oso kanonikoa, hasteko protagonista emakumea delako eta nahiko berezia gainera.

Arlet Anaut da nobelako protagonista eta narratzailea. Nolakoa da Arlet Anaut?
Punky bat, destroier bat, haize kontra doana beti. Mendizale porrokatua. Buruargia, ironikoa eta intuizio handikoa. Baina akaso hasi beharko nuke esaten Asperger sindromea duela. Hau da, giza elkarrekintzarako eta komunikaziorako “zailtasunak” dituela, eta besteen larruan ipinita haiekin enpatizatzeko “arazoak” dituela. Beti ere komatxo artean, Arletentzat “arazo” horiek besteek baitituzte eta ez berak. Gainera autoritatearekiko alergia patologikoa du, bere “ezgaitasuna” dela eta bizi izan dituen ez-ulertzeengatik. Ez du autoritatea irensten ezta ametitzen ere (dela familia, eskola, polizia edo gizartea izan), eta ez ditu konbentzioak maite, hau da: gizarteak egia absolututzat dituen arauak eta sinismenak,”normal” izateko ametitu eta jarraitu behar direnak.

Nahiko detektibe atipikoa da, bai. Nola bururatu zitzaizun pertsonaia hori?
Baez naiz gogoratzen, hasieran ez baitzuen horrelako sindromerik, filtrorik gabe hitz egiten bazuen ere. Badakit orain modan daudela halako pertsonaiak edo modan egon direla. Baina niretzat halako tresna bat da sinesgarriago suertatzeko, nork hitz egingo dio bestela, horrela ertzain bati porrazo bat jasotzeko beldurrik gabe? Besteek “erotzat” edukitzeak, kottadu baten modukotzat edukitzeak, ere joko handia ematen du. Eta bere zaletasun bitxiak edo harrikadak direla eta gauza batzuen gainean hausnartzeko aitzakia ematen didate. Gure ahizpak, gainera, horrelako umeekin lan egiten du, ikasgelan laguntzen, eta interesantea irudituzait beti.

Protagonistaz aparte badira beste pertsonaia inportante batzuk: desagertuaren alarguna, ertzaintzako ikerlaria…Bai desagertuaren emaztea ez da senarraren zain bere zorigaitza egonarriz daraman emakumea. Ez da Ulisesen zain dagoen Penelope bat. Alargun beltzaren itxura handiagoa hartzen dio Arletek, hariak nahieran txirikorda ditzakeena bere sareetan edonor harrapatzeko. Bai Ertzaintzako agentea eta baita Arlet bera ere. Hortxe dago eleberri beltzeko hirukia, Arlet antiheroia, polizia eta alarguna, femme fatalebat ere badena.-“Femme fatale” bat erabiltzea, sedukzio-jokoei buruz aritzeko aukeratu duzu, ala nobela beltzeko elementu ohiko bat izaten delako?Bi gauzetarako. Ohikoa da nobela beltzean bere sexu erakarmena baliatuz gizona bere esanetara jarrita zoritxarra ekartzen duen emakumea aurkitzea. Femme fataleanor den, hori galdera: alarguna ala Arlet, ertzaina ez behintzat. Eta bai, sexu-jolasa ere badago nobelan, sexuak edozein kateatzen duelako, baita irakurleak ere, eta saldu egiten dugainera, ezta?

Baduzu erreferentzia nagusirik, literaturan edo ikus-entzunezkoetan, genero beltzean?
Txikitan telebistan ikusitako txuri-beltzezko pelikula haiek, “Maltako belatza”, “Hirugarren gizona”, Hunphrey Bogart eta Orson Wellesekin, alkohola eta tabako ke pila zutenak. Mike Hammer aspaldiko detektibe bortitz eta matxista. Geroago “Dalia beltza” eta “L.A. Confidential”, baina aspaldi ez dut telebistarik ikusten. Etxean polizia eleberriak ere baziren, Georges Simenonenak… Igelak itzulitako klasikoak ere irakurri izan ditut gustura. Eta euskaldunen artean, Loidiren 15 egun Urgainen asko gustatu zait beti, darabilen hizkuntza eta lokuzioengatik. Baina oso euskaldun jatorra da, azkenean ez baitago ez krimen ez asasinorik. Gotzon Garate eta Xabier Gereño ikastolan irakurri genituen. Eta Itxaro Bordaren Amaia Ezpeldoi ere gustuko dut.-Genero beltzean, emakumearen rola estereotipatua izaten da sarri, eta zuk buelta bat eman diozu horri, ezta?Jakina. Genero horretan gizonak beti darama emakumea aldean, ez alderantziz. Emakumea galduta dago gizonik gabe, edo puta da edo tuntuna. Oso misoginoa eta paternalista iruditzen zait eta horrekin hautsi nahi nuen. Pentsa, Ertzaintzako agentea emakumea ere izan zitekeen, baina gehiegizkoa zela eta atzera egin nuen. Gainera, grazia egiten dit autoritatearen figura gizon batek bereganatzea, galtzak hark daramatzala pentsatzeak sorrarazten dion “estasia” nola zapuztu dezakeen “ero” batek, normatiboa ez den pertsona galtzaile eta ezeroso batek, emakumea gainera.

Tira. Orain urtebete nobela idazteko; gogotsu, urduri, biak…?
Gogotsu, urduri eta izututa. Maiteri esan nion bezala, ez baitut bekaren dirua bueltatzen duen lehenengo sariduna izan nahi. Hamaika gauza kontatu nahi ditut, baina buruan ondo antolatu beharko ditut. Dakidana da kontatu nahi dudan hori idazten dudan bitartean ondo pasa nahi dudala. Hala gertatzen bada, nik ondo pasatzen badut, irakurleak ere ondo pasako duela uste dudalako.

Horregatik aldez aurretik eskerrak eman nahi dizkiot Ondarroako udalari eta jakina epaimahaiari, batek baitaki zer gertatuko den gero!

 

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina