Gaurtik martxoaren 26 arte Loraldia jaialdia ospatuko da Bilboko txoko ugaritan. Gune horietako batzuk hiriburuko elkar liburu-dendak izango dira: bihar, Xabier Amurizak Neska bat leku inposiblean liburua aurkeztuko du Zamudioko atarian (Zazpikaleetan) dagoen elkar-en; martxoaren 13an, Ekaitz Goienetxeak kaleratu berri duen Zaldi mamarroa eleberriaren inguruan arituko da Fikzio mamarroaren sortze prozesua: testigantzetatik, tripetatik eta lainoetatik hitzaldian; eta azkenik, martxoaren 20an, asteartean, Danele Sarriugartek Azala erre liburua aurkeztuko du Kattalin Minerrekin, Licenciado Poza 14ko liburu-dendan.
![]() |
![]() |
![]() |
Beasaingo Udalak, Beasaingo CAF (Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles) enpresaren babesarekin eta ELKAR argitaletxearen laguntzarekin, euskal kultura zabaldu eta idazle gazteen lanari laguntza emateko asmoz, XXI. Igartza Literatura Sorkuntzako beka sortu du idazle berrientzat. Bekak, 6.000 euroko diru-laguntza izango du, ondorengo oinarrien arabera:-
– Deialdi honetara, narratibako lanak (eleberri edo ipuin-bildumak) egiteko proiektuak aurkez litezke, jatorrizkoak eta euskaraz sortuak, beren zatiren bat edota osotasuna inon argitaratu gabea dutenak, sarituak izan ez direnak eta beste inondik moldatuak ez direnak.
– Deialdian edonork parte har lezake, baina, egile berrientzat bideratua dela kontuan hartuta, bi baldintza hauek bete beharko dira: Lana entregatzean 35 urte bete gabe izatea eta aurretik lan argitaraturik izatekotan, helduentzako bi liburu baino gehiago ez izatea. Bi baldintza horien muga, proiektuak jasotzeko unekoa (2018-06-30a) da. Sari hau behin irabazi duen idazlea ezingo da berriz aurkeztu. (Irakurri +)
Ekaitz Goienetxea kazetariak Zaldi mamarroa kaleratu berri du. Iaz Igartza beka irabazi ostean, buru-belarri aritu da han aurkeztutako proiektua borobiltzen. Bere lanaren inguruan gehiago jakiteko, hemen Teresa Larreak egindako elkarrizketa:
Ekaitz Goienetxea izen berria da batzuentzat euskal letren plazan. Aurkeztuko diguzu zeure burua?
Hamaika saltsatan ibiltzen den bat, eta nobela hau idaztearena izan da azken urteko saltsarik handiena. Gaur egun, kantineroa eta komunikazio behargina naiz. Kazetaritza ikasi nuen duela dozena bat urte, prentsan aritu nintzen hasierako urteetan, gero marketin arloan ibili naiz gehiago, eta, azken aldian, literaturan ere banabil.
Idazten aspalditik zabiltza, beraz, baina hau da zure lehen liburua. Zer da: orain sentitu duzu beharrizana ala zirkunstantzia egokiak elkartu dira, edo zein izan dira faktore eragileak?
Zirkunstantzialetik asko eduki du, baina ez bakarrik. Gaia aspalditik neukan buruan, heroinak zelako eragina eduki zuen nire herrian. Tarteka, informazio edo anekdota berriren bat entzuten nuen, eta horrek bai mantentzen zuen jakin-mina biztuta, radarra abante beti, baina sekula idaztera serio paratu barik. Duela urte eta erdi, proiektua Igartza bekara aurkeztu nuen. Esloveniatik nentorren, egonaldi literario baten ostean, eta nekarren aldarteak bultzatuta-edo animatu nintzen. Gainera, azken urtea zen aurkez niontekeena, adinagatik. Urte hartako uda amaitzean esan zidaten nire proiektua aukeratu zuela epaimahaiak, kantinako lanengatik erdi ahaztuta neukanean. Poza bai, baina sustoa ere galanta ere hartu nuen. Bekak behartu nau behingoz buruan aspalditik nuen gaia lantzera eta nobela osatzera. (Irakurri +)
Ekaitz Goienetxeak Igartza saria irabazi zuen iaz, eta orain orduan aurkeztutako lan harek Zaldi mamarroa izenpean argia ikusi du. Datorren ostegunean, martxoaren 1ean, Donostiako elkar liburu-dendan aurkeztuko du Elkar argitaletxeko Xabier Mendiguren editorea eta CAFeko eta Beasaingo Udaleko ordezkariekin. Arratsaldean, berriz, Igartza Jauregian sari-banaketa izango da.
Lan berri hau irakurtzen hasteko aukera paregabea ondorengoa: Izaro kapitulua aurrerapen gisa.
Positibo.
Haurdun zeuden.
Arresi kaleko farmaziatik atera zirenean Itziri losako baldosak zikinegiak iruditu zitzaizkion. Behegainean jesarri nahi izan zuen, zorabioaren bertigoari eusteko. Farmaziatik atera zirenean, Gaizkari iruditu zitzaion norbaitek zerbait esan behar zuela egoera hartan, eta ez zitzaion beste ezer hoberik bururatu ezkondu egin beharko zutela esatea baino.
«Ba ezkondu egin beharko dugu, ezta?».
Izarok lotsarik gabe eta umore handiz kontatzen ditu bere gurasoen gaztetako gorabeherak klasekideen aurrean.
Unibertsitateko kanpusean eguzkiak atsegin berotzen du, urri hasierako eguerdi epel honetan. Gizarte eta Komunikazio fakultatearen kanpoko aldean, porlanez inguratuta, zelai karratu bat, eta erdian haritz argal bat. Zuhaitzaren alboan jesarri dira Izaro eta klasekideak, belartzan. Erle bat dabil hegaka inguruan. Badira udazkenean loratzen diren haziak, antza.
Jarraitu kapitulua irakurtzen (.pdf)

Argazkia: Sushi Maky
Tigre batekin bizi albumak laburra du testua, baina marrazki bakoitzak ipuin oso bana du bere barruan gordea. Adin tarte jakin bateko publikoari baino gehiago, begi gosetiei, behin eta berriz irakurri zale direnei zuzendua da. Haurrentzako liburuaren itxura izanagatik ere, Harkaitz Canok helduentzat idatzitako poema bat du jatorria.
Animaliarik literarioenetako bat da tigrea. Tigre esan, eta batzuei Emilio Salgariren protagonista mitiko hura etor dakieke gogora, Sandokan, Borneoko printze itsaslapur bihurtua, Malaysiako tigrea, ezizenez. Jorge Luis Borgesek ere estimuan zuen oso, besteak beste, Nire azken tigrea idatzian aitortu zuenez: “Kiplingen Jungle Books bilduma irakurri nuenean, haurra nintzela, pena handia hartu nuen Shere Kahn fabulako gaiztoa zelako, eta ez heroiaren laguna”. (Irakurri +)