Larruzko txupa kendu zuen. Zutik jarri zen eta, platera bere burutik behera bota ondoren, kamiseta tirantedun beltza zopaz blai geratu zitzaion. Isiltasuna jangelan. Inor ez zen larritu. Inor ez zen barrez hasi. Inork ez zion errietarik egin. Eta huraxe izan zen Beirerentzat okerrena, jendearen indiferentzia. Gurasoek ingelesa ikasteko barnetegi hartara bidaltzea baino amesgaizto handiagorik ezinezkoa zen. Uda hura bere bizitzako gorrotagarriena izango zela pentsatu zuen. Fuck!
Ispiluari begira, une hartan ikusten zuena ez zuen batere gustuko. Fideoek bere kamisetan “Tuntuna” hitza osatzen zutela iruditzen zitzaion eta bat-batean azkura sentitu zuen gorputz osoan. Hotza. Biluztu egin zen, pijama jantzi eta ohera sartu zen. Sakelakoa izango balu, Leteri idatziko lioke. Leteri kontatuko zion leku hura zerua zela, aingeruz betea, eta Letek irribarreak bidaliko zizkion, malkotan, eta suzko bola bat, Letek bazekielako Beirek infernua nahiago zuela. Izan ere, Lete, Beire eta Kar ziren Sua taldeko kideak. Eskolako talderik arrakastatsuena. Mundu guztiak miresten zuena. Mundu guztia ikaratzen zuena. Leteri eskatuko zion joateko barnetegira bere bila. Sartzeko irakasleren baten gelan eta jartzeko haren burkoaren azpian igel bat. Edo arkakusoren bat zapatetan. Pentsatze hutsarekin imajinatzen zituen barrez Lete eta Kar. Kar beti barrez, noski, kar kar. Haien falta sumatu zuen. Barnetegian ez zeukan lagunik. Ez zuen lagunik egin nahi. Onartzen zuen interes txikiena ere ez ziola inork sortzen. Askoz dibertigarriagoa zen Pokemonak ehizatzea, barnetegi hartan zeuden neska-mutilekin edozertan aritzea baino. (Irakurri +)

Belaixe estudioa
Alaine Agirre idazle bermeotarrak helduentzako hirugarren nobela kaleratu berri du: Bi aldiz erditu zinez nitaz, ama. Idazleak aurreko eleberrietan erakutsi dituen dohainak agerian daude lan honetan ere: berben bitartez edertasuna, erritmoa, musikaltasuna bilatzea, sentimenduak leungarririk gabe espresatzea… horiek guztiek ematen diote intentsitate eta emozio berezia kontakizunari. Proiektu honek irabazi zuen 2016ko Joseba Jaka beka.
Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama kaleratu berri duzu. Zure hirugarren nobela heduentzat, eta Joseba Jaka beka irabazi zuena. Esanahi bereziren bat du honek?
Nire hirugarren nobela da, esan duzun bezala, baina horrez gain uste dut ziklo bat ixten dudala: aurreko bi nobelekin (Odol mamituak eta X hil da) nolabaiteko batasuna osatzen duela: neure bizitza, beldurrak, obsesioak kontatzen ibili naiz, eta hemendik aurrera beste era bateko idazkera landu nahi nuke, ez dakit lortuko dudan baina. Jaka Sariari dagokionez, berriz, ohore bat izan da, zalantzarik gabe, eta laguntza eder bat, asko eskertzen dudana. (Irakurri +)
Koadernoa zuri antzerki obra taulatik liburura ekarri du Arantxa Iturbek. Tere Beloki eta Nekane Peñagarikano kazetariak, behin behar eta, Arantxa Iturberekin hizketan.
Alderantzizko bidea kanpoko ahots bati erantzunda?
Xabier Mendigurenek proposatu zidanean antzerki lanak argitaratzea, bere horretan baino experimentua egingo nukeela esan nion: azkeneko lana hartu eta irakurtzeko moldatu.
Liburua, zeureago?
Neureago, bai. Hitzak dira nire. Oholtza gaineko mundua Agurtzane Intxaurragarena da. Hitzak berberak izan arren, liburuan irakurle bakoitzak eraiki behar du bere mundua. Ez al da zoragarria literatura?
“Dena da nirea, beste batzuk hobeto idazten dute nirea askotan”. Begoñak esandakoa, Arantxa Iturbek edo Anne Sextonek?
Ez al zaizue gertatzen? Egunik egozentrikoenetan esaten duzu: neuk esan behar nuena kontatu du, lapurtu egin dit, inbiriaz. Denborarekin poztu egiten nau beste buru batzuk nirea bezalatsu funtzionatzen dutela jakiteak. Bakarrik ez sentitzeko beste modu bat. (Irakurri +)
–Telleria eta gero, zer? Zer gehiago eskatuko didazu?
–Gero gerokoak, lasai.
–Tira, nire esku dagoena eginen dut, ez kezkatu.
La Perla bainuetxeko burbuilek Angel Santesteban Baztango udaleko zinegotziaren inguruan egiten zuten gainezka, puzkerrek uretan egiten duten modu berean. Ondoan, Enyaren musika lasaigarriaren laguntzaz, Arturo Seisdedos konstruktoreak aukerak eta arriskuak neurtzen zituen etengabe.
–Horrek ez dit balio. Ez kezkatu bat baino gehiago behar dut. Horrelako kaka handian sartzeko, erabateko bermea behar dugu. Amaiurkoak ere zure hitza omen zeukan eta ikusi gero.
–Horrelako kaka handia? –zinegotziak buelta erdia eman zuen, jacuzzian hankak luzatuz. Txano elastikoak ez zion argudiatzeko gaitasuna oztopatzen–. Birkalifikatzearekin hogei aldiz biderkatuko da metro karratuaren prezioa… Alimaleko pelotazo urbanistikoa izanen da, sosaz ustelduko zarete.
Arturo Seisdedosek zalantza keinua egin zuen, nazkaren eta asperduraren artekoa. Aldeetara mugitu zuen burua, aire sanoago baten xerka gehiegizko hezetasun haren gainetik. Emakume edadetu bat ikusi zuen, zeuden jacuzzira sartzera zihoana bainujantzi beltz batekin. Konstruktoreak mespretxu aurpegiz begiratu zion atsoari, mehatxuka kasik. Honek buelta erdia egin zuen. (Irakurri +)
Zure amak ez zuen ama izan behar, agian, baina ama izan zen eta zeu jaio zinen.
Zuk ez zenuen ama izan nahi, ez guztiz behintzat, baina ama izan zinen, eta horri esker ari naiz ni orain hau idazten.
Nik ama izan nahi nuke, baina uste dut ez dudala ama izan behar, ez zaidala komeni, eta nahi ere, ez dakit zenbateraino nahi dudan benetan ama izan.
2
–Asumitzen nabil ez naizela inoiz ama izango.
–Zergatik diozu hori?
–Neure gaixotasunagatik.
–Baina sendatu ahal zara.
–Edo ez.
–Eta, gaixotasunarekin ere, asko dira haurra izatea erabakitzen dutenak.
–Medikazioa utzi beharko nuke.
–Aldi baterako bakarrik.
–Eta diozun aldi horretan erotzen banaiz?
–Ez jarri beti txarrenean.
–Eta leihotik behera botatzen badut neure burua?
–Ez jartzeko beti txarrenean, A.
–Gainera, umeari gaitz hau transmititzen badiot?
–Nork esan dizu genetikoa denik? –diost W doktoreak. (Irakurri +)

Miren Garateren Ekaitzaren zipriztinak kronika-liburua, Tene bekaren azken argitarapena, aste honetan aurkeztu da
Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak, Euskal Herriko historia hurbilaren ezagutza zabaltzeko eta gure literatura aberasteko asmoz, XII. Tene Mujika beka sortu dute, 6.000 euroko diru-laguntza emango duena, ondorengo oinarrien arabera:
1. Gure herriaren azken 70-60 urteetan izandako pertsona, talde, gertakari edo mugimenduren bati buruzko liburuak egiteko proiektuak aurkez litezke (adibidez: biografiak, kronikak, erreportajeak, saiakerak, elkarrizketak, ikerketak…); lanak jatorrizkoa eta euskaraz sortua izan beharko du, aurrez argitaratu nahiz saritu gabea.
2. Proiektuak aztertzean, bi ezaugarri hartuko dira batez ere kontuan: testuaren beraren kalitatea eta gaiaren interesa. Ez da fikziorik onartuko baina bai materialaren lanketa literarioa, idazleak hala nahiko balu; dibulgazio-lanak bezala egin litezke ikerketak, baina ez espezialistentzat bakarrik idatzitakoak.
3. Parte-hartzaile bakoitzak ondorengoak aurkeztu beharko ditu, emailez atxikitako dokumentuan:
a) Idazlearen curriculum laburra, orri batean, argitara emandako lanak aipatuz, baita harremanetan jartzeko helbide eta abarrak ere.
b) Idatzi nahi duen lanaren azalpena, 3-6 orri bitarteko luzerakoa, egoki iritzitako ezaugarriak zehaztuz, hala nola, gaia, egitura, iturriak, metodologia, aurreikusitako luzera, estiloa…
c) Idazlanaren lagina edo erakusgarria, 15-20 orrialde bitartekoa. (Irakurri +)