Arantxa Iturbe: “Agurtzane Intxaurragak jantzi zuen Koadernoa zuri; nik berriro biluztu dut”

Koadernoa zuri antzerki obra taulatik liburura ekarri du Arantxa Iturbek. Tere Beloki eta Nekane Peñagarikano kazetariak, behin behar eta, Arantxa Iturberekin hizketan.

Alderantzizko bidea kanpoko ahots bati erantzunda?

Xabier Mendigurenek proposatu zidanean antzerki lanak argitaratzea, bere horretan baino experimentua egingo nukeela esan nion: azkeneko lana hartu eta irakurtzeko moldatu.

Liburua, zeureago?

Neureago, bai. Hitzak dira nire. Oholtza gaineko mundua Agurtzane Intxaurragarena da. Hitzak berberak izan arren, liburuan irakurle bakoitzak eraiki behar du bere mundua. Ez al da zoragarria literatura?

“Dena da nirea, beste batzuk hobeto idazten dute nirea askotan”. Begoñak esandakoa, Arantxa Iturbek edo Anne Sextonek?

Ez al zaizue gertatzen? Egunik egozentrikoenetan esaten duzu: neuk esan behar nuena kontatu du, lapurtu egin dit, inbiriaz. Denborarekin poztu egiten nau beste buru batzuk nirea bezalatsu funtzionatzen dutela jakiteak. Bakarrik ez sentitzeko beste modu bat.

Amak gustora aditu al zion?

Ez dugu inoiz jakingo. Begoñak Arrateri esango dio: ‘nik ez nuen ulertzea nahi. Nahi nuen maitatzea’.  Pentsatu nahi dut ama irribarrez hil zela, ados ez egon arren. Alabak bere bizitza eraikitzea lortu du eta kontatzera etorri zaio.

Bi ahizpen arteko 20 urteko ixiltasuna…

Koadernoa zuri bi ahizpen arteko istorioa dela esan dugu, ama hil zaie, urtetan elkarrekin egon gabe… Behin eta berriro irakurrita, ordea, ahizpak izan edo ez, arau zorrotz eta ertsien aurrean har ditzakegun bideei buruzko lana da. Batek ihes egingo du, kontra egiteaz aspertuta; besteak, otzan, arauen morrontzape horretan bizirauteko ahalegina egingo du.

Ihes, beroa entzuten den Dakarrera. Soinuminez. Sentimendu hori bazenik ere…

Soinumina? Izango ez da! Entzuten dakien edonork sentitzeko modukoa… eta idazle izateko arrazoietako bat: hitzekin jolas egitea gozagarria bada, hitzen soinuekin jolas egitean bikoiztu egiten da.

Beste min batzuen sintomak ere badira liburuan…

Bada pare bat gaixo Arrate medikuaren kontsultan. Seguruenik tipifikatu  gabeak eta diagnostiko zailekoak, baina ezagutzen ditut halakoak.

Hain zure ipuin neurrikoak ez ote diren.

Seguruaski bai. Agurtzanek esaten zidan obrak behar zuela arnasa hartzeko momenturen bat hain toki itoan. Irribarrerako aitzakia ematen dute.

Bestela, negar ixila entzuten da?

Izatekotan, isila. Mina barrurakoa da. Malkorik gabea. Eta mingarriagoa da askotan malkoekin doana baino.

Bi ahizpek bestearen bertsioa hogei urte eta gero entzun dute.

Gure kondenetako bat. Bakoitzak gure bertsioa daukagu, besteenik ez dakigu. Eta ez da beti jakiteko ahaleginik egiten.

Bikote-harreman aitorpen bana bertsioak osatuz?

Garrantzitsuak dira harremanak bizitzan. Begoña ihesi, bizitza librea nahi duelako joan da. Gizon bat ezagutu du, ez dakigu noiz, maitemindu eta haren kulturako arau edo tradizio baten kontra itzuliko da etxera. Arrateren harremanean, berriz, hirugarrena berak hala nahita dator. Senarra du, tradizioz hala tokatzen zaiolako, itxuragatik. Ez da gaizki bizi bere buruari zoriontsu dela sinistu arazi nahian: badu maite duen senarra, bi alaba zoragarri, gustoko lanbidea… Baina… lehendik maitea zuen pertsona azalduko zaio, eta orduan hasiko da jabetzen zoriona zer den.

Abortu osteko odol isuriak ahots-haria eragin du?.

Gure aurreko belaunaldiei eta gure garaiko kontserbadoreenei entzun izan diet zeinen erraza den gaur abortatzea, eta erreza eta abortoa lotzea ikaragarri zaila zait. Izan nahita edo nahigabe, teraupeutikoa edo ez. Begoñak abortatu du, eta amak badaki, esan ez badio ere jabetu da, eta ez dio barkatuko:” Hori egin baduzu, ez zara nire alaba”. Ez du ulertzeko ahalegin txikiena ere egin. Arrazoi itzela iruditu zitzaidan zera esateko: Honaino. Banoa, nire minekin, nire erabakiekin, nire ezinekin…

Libururako Agurtzane Intxaurragaren ahotsik ez?

Agurtzaneren ahotsa hor dago. Bion artean eraikitako lana da. Berak gorpuztu du jendaurrerako. Nik idatzi,” jendatzerako”. Hark nire hitzak jantzi, eta nik erantzi, biluztu…

Antzerki obra gehiago liburura?

Kitto. Experimentuak behin eginda du grazia. Baina Agurtzanek esan zidan lehengoan gure antzerki lanak ez daudela argitaratuta. Ezta bakarra ere! Eta badira honezkero dozena erdi. Beraz… editore bila gabiltza.

Izenburua Begoñaren ahotik?

Koadernoa zuri. Zurian dago Begoñarena, eta beste edonorena, idatzi bitartean, eta idazten hasitakoan zuri, amari, idatziko dio hark. Baina izan zitekeen zuri…

 

Tere Beloki/Nekane Peñagarikano

Kazetariak

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina