Nafarroaren historia garaikidean ezagutu gabeko aldaketa politikoa eman zen 2015eko maiatzaren 24an. Egun hartan, azkenik, denbora luzez lurraldea nahieran kudeatu zuten eliteek toki egin behar izan zieten erakundeetan ordura arte baztertutako alderdi politiko zein sektore sozialei.
Testuinguru hori oinarri gisa hartuta, Ion Orzaizek eta Joxerra Senarrek Nafarroa orain ala inoiz ez liburua kaleratu berri dute Berria, Jakin eta Elkar argitaratzaileen eskutik Aleka bilduma berriaren barruan.
Liburuan murgiltzen joateko lehen atala:
KARANBOLA MAGIKOA:
UPN sortzean planteatu genituen helburu guztiak lortu ditugu: batetik, Nafarroaren nortasunari eustea; eta, bestetik, zentro-eskuinaren eremua bateratzea. Javier Gomara (UPNren sortzailea eta diputazioko presidente ohia)
Hizki handiz Zisne Beltza deritzogun gertakari motak hiru ezaugarri ditu. Lehenik, aparteko kasu bat da, iragarpen orotatik kanpo dagoena; izan ere, iraganaldian ez dago ezer hura gertatuko dela modu sinesgarrian adierazten digunik. Bigarrenik, muturreko eragina dauka. Hirugarrenik, apartekoa izanagatik, giza izaerak azalpenak bilatzera garamatza gertaera bera jazo ostean, eta, horregatik, azaltzeko eta iragartzeko modukoa da. Nassim Nicholas Taleb (Idazlea) (Irakurri +)
Itzal zaunka disko-liburu ilustratua plazaratu dute Antton Olariagak, Harkaitz Canok eta Jexuxmai Lopetegik.
Itzal zaunka-n osotasun zatiezin baten parte dira hiru osagaiak: marrazkiak, narrazioa eta diskoa. Zehatzago esanda: Antton Olariagaren 40tik gora marrazki, Harkaitz Canok horietan oinarrituta idatzitako narrazio bat eta Jexuxmai Lopetegik marrazki horietan eta istorio horretan oinarrituta sortutako 11 kantuko diskoa. Emaitza bateratua txakur baten gorabeheren kontaketa da, oso kontaketa irekia, publiko heldu bati marrazkiz, testuz eta musikaz helarazia. (Irakurri +)
Xabier Mendiguren idazleak aste honetan aurkeztuko du Alsina liburu berria. Lan honetan, bai hizkera bai kontaera malgutasun eta maisutasunez darabiltza idazleak, abil eta jostalari, irakurlea eleberrian sartu eta bere gogoeten partaide bihurtuz, kontakizunaren eraikuntzak dituen arazoez, batetik, eta euskal gizartea azken 30 urteetan baldintzatu duten gertakari nagusiez, bestetik.
Lehen kapitulua irakurtzeko aukera duzue:
Non gaude? Zer da hau? Jendearen joan-etorria, argi-panelak hormetan, etengabeko dei-hotsak, andre-gizon eta haurren berbaroa, maletak, gurditxoak, zakar-ontziak eta zakar-garbitzaileak, eserlekuak eta pasabideak… Ez dezagun igarkizunetara jolastu ordea: aireportu batean gaude. Nongo aireportuan? Horrek ez du garrantzi handirik, baina esan dezagun hala ere Ipar Amerikako aireportu batean gaudela. Erraza genuke orain halako edo holako aireportua dela esatea, sinesgarritasuna irabaziko luke gainera istorioak, kolorea erantsiko lioke kontakizunari, ñabartze aberasgarri bat… Baina ez ote litzateke dena inpostura hutsa, azken batean? Kontalaria bera inoiz Ipar Amerikako aireportu batean izan ez bada, zer dio orain, New Yorken gaudela esatea, edo Washington D.C.n, edo Chicagon edo Los Angelesen? Esan dezagun, hortaz, Estatu Batuetako aireportu batean gaudela, bestelako zehaztasunik gabe, zehaztasunak ere iritsiko dira eta, zehaztu beharra dagoenean. (Irakurri +)
Ekaitz Goienetxea izan da aurtengo Igartza Sariaren irabazlea. Hemeretzi urte betetzen ditu Elkar argitaletxeak, Beasaingo Udalak eta CAF enpresak, idazle gazteak laguntzeko antolatzen duten beka honek; deialdi honetan hamabost proiektu aurkeztu dira, eta Karramarroa trostan izeneko eleberri proiektua irabazletzat jotzea adostu dute Ana Jaka, Igor Estankona eta Peru magdalena epaimahaikideek.
Karramarroa trostan: Gaurko pertsonaiak bat eta 80ko hamarkadakoak, bi garaiak uztartzen dituen istorio batean, Bizkaiko itsasertzeko herri batean girotuta. Egungo gazteen kezkak eta arazoak ikusiko ditugu, batetik, eta baita haien gurasoen belaunaldia markatu zutenak ere, ahots desberdinen polifonia landuko duen teknikaren bidez, eta bizitzaren gorazarrea izan nahi duen narrazio bat osatuz, melengekeriarik gabe baina. (Irakurri +)
- ANIMALIAK
Bilduma: Wakou. Naturari buruzko nire entziklopedia txikia
Idazlea: Emmanuelle Figueras
Ilustratzaileak: Julie Mercier / Florence Dellerie
Adina: + 4 urte
Prest zaude animalien munduan ibilalditxo bat egiteko? Sabana, izotz-eremua, zerua edo ozeanoen hondoa ezagutuko ditugu, eta etxetik bertatik! Piztia txiki eta handi ugari zain dituzu orrialde bakoitzean. Abentura hau bizi ondoren, animalia horiek ez dute sekreturik izango zuretzat.
- PIZTIA TXIKIAK
Bilduma: Wakou. Naturari buruzko nire entziklopedia txikia
Idazlea: Pascale Hedelin
Ilustratzailea: Dankerleroux / Anne Eydoux
Adina: + 4 urte

Josu Martinezen “Tunelak, izarak, mozorroak eta bafleak” da Tene Mujika bekarekin kaleratutako azken lana
Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak, Euskal Herriko historia hurbilaren ezagutza zabaltzeko eta gure literatura aberasteko asmoz, XI. Tene Mujika beka sortu dute, 6.000 euroko diru-laguntza emango duena, ondorengo oinarrien arabera:
1. Gure herriaren azken 70-60 urteetan izandako pertsona, talde, gertakari edo mugimenduren bati buruzko liburuak egiteko proiektuak aurkez litezke (adibidez: biografiak, kronikak, erreportajeak, saiakerak, elkarrizketak, ikerketak…); lanak jatorrizkoa eta euskaraz sortua izan beharko du, aurrez argitaratu nahiz saritu gabea.
2. Proiektuak aztertzean, bi ezaugarri hartuko dira batez ere kontuan: testuaren beraren kalitatea eta gaiaren interesa. Ez da fikziorik onartuko baina bai materialaren lanketa literarioa, idazleak hala nahiko balu; dibulgazio-lanak bezala egin litezke ikerketak, baina ez espezialistentzat bakarrik idatzitakoak.
3. Parte-hartzaile bakoitzak ondorengoak aurkeztu beharko ditu, emailez atxikitako dokumentuan: (Irakurri +)