Ikusten ez den txakur baten itzalean

Itzal zaunka Ander Gillenea

Itzal zaunka disko-liburu ilustratua plazaratu dute Antton Olariagak, Harkaitz Canok eta Jexuxmai Lopetegik.

Itzal zaunkaItzal zaunka-n osotasun zatiezin baten parte dira hiru osagaiak: marrazkiak, narrazioa eta diskoa. Zehatzago esanda: Antton Olariagaren 40tik gora marrazki, Harkaitz Canok horietan oinarrituta idatzitako narrazio bat eta Jexuxmai Lopetegik marrazki horietan eta istorio horretan oinarrituta sortutako 11 kantuko diskoa. Emaitza bateratua txakur baten gorabeheren kontaketa da, oso kontaketa irekia, publiko heldu bati marrazkiz, testuz eta musikaz helarazia.

Hiru egileak elkarrekin eta Mitxel Murua adiskidearekin bazkaltzen ari zirela erne zen gero, denborari denbora eta sormenari sormen emanda, Anton Olariaga marrazkilariaren, Harkaitz Cano idazlearen eta Jexuxmai Lopetegi kantari eta musikariaren Itzal zaunka obra multidiziplinarra plazaraino ekarri duen egitasmoa. “Nik esan nion Jexuxmairi pelikula bati soinu banda bat jarri behar ziola, orduan izango zela benetako musikaria”, ekarri du gogora bazkari hura Olariagak. “Horiek hitz handiak zirela esan zidan, baina agindu nion marrazki batzuk egingo nituela eta Harkaitzi pasako nizkiola, Harkaitzek irudi haiekin pelikula bat sortzeko eta gero berak, Jexuxmaik, soinu banda egiteko”. Pelikularik ez, baina komiki-liburu-disko bat osatu dute prozesu hori jarraituz, eta Elkarrek eman du argitara emaitza.

Bazkari hartan Lopetegiri soinu bandaren kontua aipatutakoa gogoan zuela, “entusiasmo handiz” hasi zen Olariaga marrazkiak egiten. “Ohartzerako, 50 marrazki neuzkan, tamaina txikikoak, koaderno formatukoak, nahiko azkarrak eta oso neure gustura eginak”. Marrazkiak egiten hastean, argi izan zuen haiekin kontatutakoak “oso zabala” izan behar zuela, opera aperta bat, inondik ere ez istorio itxi bat. Horregatik, marrazkien gaiarekiko “distantzia handia” bilatu zuen, eta berez “gorroto” dion elementu bat hautatu zuen, “modu guztiz instintiboan”: txakurra. Txakurra, ordea, ez da ageri marrazkietan; soilik haren itzala.

Marrazkiak Canori eman zizkionean, Olariagak esan zion nahi bazuen marrazkien ordena aldatzeko, soberan zeudela iruditzen zitzaizkion marrazkiak kentzeko eta falta zirenak eskatzeko. “Ez nekien Harkaitzek nola hartuko zuen proposamena, ez nekien onargarria izango zen hori berarentzat. Nik zelai jokoa nahiko markatua ematen nion, bai marrazki estiloa, bai istorioa ere neurri batean, eta ez nekien Harkaitzen une hartako joerekin, gustuekin edo interesekin bat etorriko zen edo ez”.

Olariagaren marrazkiak ikusi orduko jabetu zen Cano ezin ziola eskaintza hari ezezkorik eman. Horrez gain, ikusi zuen marrazkiek neurri handi batean egina ematen ziotela istorioa. “Marrazki gehienak Anttonek emandako ordena berean daude liburuan, aldaketa txiki batzuk gorabehera, batez ere amaierako partean”, azaldu du Canok. “Txakurraren ikuspuntutik marraztua dagoen bezala, idatziz ere istorioa txakurraren ikuspuntutik kontatzen da”.

 “Txakur leitu, existentzialista eta suizida baten istorioa kontatzen dio liburuak, publiko heldu bati”, Canok dioenez. Hori nola azaldu izan da, idazle gisa, izan duen desafioa. “Hasteko eta behin, testu asko ez du, baina uste dut bai testu eta bai irudi aldetik eskatzen duela irakurketa bat, eta poliki irakurtzen duena sarituko duela eta azkar irakurtzen duenari ez diola ezer esango”.

Liburu ilustratuaren “soinu banda”

Lopetegiren lana Olariagaren marrazkietan eta Canoren testuan oinarritutako kantuak sortzea izan da, askatasunez, gero kantu horiek Canok egindako kantu-hitzekin grabatzeko disko batean. “Harkaitzek hasieratik esan zidan txakurraren gaitik aldendu egingo zela batzuetan, lotuegia ez sentitzeko”, gogoratu du Lopetegik.

“Kantuak gitarra klasikoarekin sortzen nituen, watxiwatxian egindako grabazioa bidaltzen nion Harkaitzi, eta berak kantu horretarako hitzak eginda bidaltzen zizkidan”, kontatu du Lopetegik. “Gero ukitu bat edo beste ematen genion, baina kasu gehienetan %95 lehenengo bueltan eginda zegoen”. Canoren lana estimu handian du Lopetegik: “Harkaitz musikaria da eta berak ez daki. Musikaren zentzu handia du”.

“Askotan, istorioa marrazkian dagoen bezala, letra kantuan dago”, Canok azaldu duenez. “Tonua dago, gaia dago… Maketa jasotzen duzunean, badakizu idatziko duzuna musikak induzitua izango dela, idatziko duzun hori ez zenukeela sekula ere idatziko hutsetik, kantu horrengatik ez balitz”.

Guztira, 11 kantuk osatzen dute diskoa, eta Zarauzko Noizbehinka estudioan grabatu du Lopetegik, Noizbehinka taldeko kideen –Satxa Soriazu, David Etura, Aitor Arozena eta Xanet Arozena– eta beste hainbat kolaboratzaileren laguntzarekin, Juan Luis Pérez Mitxelena Petti, Lidia Insausti, Andrea Lopetegi, Ane Arruti, Jose Alberto Batiz eta Unai Moraza, besteak beste. Guztira, 19 musikarik hartu dute parte. “Kantuek izugarrizko ekarpena egiten diote liburuari”, Olariagaren ustez: “Dena bat da”.

Ezusteko ezkontzen edertasuna

Itzal zaunka osatzeko prozesuan, “ezusteko ezkontza estrainio eta marabillosoak gertatu dira”, Olariagaren ustez. Canok idatzitako istorioko txakurra existentzialista izatea da horietako bat, adibidez. “Nik marrazkiak egin nituenean, buruan ez nuen inondik inora ere existentzialismoaren inguruko ideiarik buruan”, azaldu du Olariagak, “baina de facto marrazkietan, sakonean, underground moduan badago ideia hori: txakurraren existentzia ez dago liburuan, soilik haren itzala… Nik instintiboki egindako aukerak esplizitatu egin ditu Harkaitzek”.

“Neure txorakeria bat gauzatua ikustea sekulako luxua izan da”, dio Olariagak. “Nik ez nekien noraino helduko zen hau, eta mirari bat iruditzen zait orain objektualizatuta ikustea. Marrazkiak, hitzak eta musika modu honetan nahasten dituen proiektu batean parte hartzen dudan lehen aldia da, eta niretzat sorpresa izan da mahai gainean horrelako arinkeria bat bota eta gero nola gauzatzen den ikustea. Ibili ez den bidea da, urratzeko bide berri bat, desafio bat. Oso gustura sentitu naiz eta asko ikasi dudala uste dut”.

“Neure kasa sekula egingo ez nituzkeen gauzak egiteko eta neure kasa sekula iritsiko ez nintzatekeen lekuetara iristeko modua ematen dit beste diziplina batzuetako artistekiko elkarlanak”, azaldu du Canok. “Ez istorioan eta ez kantuen hitzetan, seguru asko ez dago esaldi bakar bat ere, modu induzituan idatzi ez dudanik, marrazkiek edo kantuek horretara eramanda. Hemendik aurrera neure gauzak egiten ditudanean, bakarkako lanari heltzen diodanean, ez ditut gauzak berdin egingo, gure DNAk kutsatu dizkiogulako elkarri eta gure begiradak aldatu egin direlako”.

“Nik 60 urte egin ditut aurten, eta niretzat opari bat izan da lan honetan parte hartzea”, azaldu du Lopetegik. “Disko hau neure aurrekoak baino gehiagotan entzun dut, eta ez naiz nazkatzen, ertz politak ikusten dizkiot eta aurrerapauso handia eman dudala iruditzen zait. Oso gustura nago diskoarekin, eta produktu osoarekin zer esanik ez”.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina