“Nafarroa orain ala inoiz ez” – Aurrerapena

orain ala inoiz ez_azala_azkena.inddNafarroaren historia garaikidean ezagutu gabeko aldaketa politikoa eman zen 2015eko maiatzaren 24an. Egun hartan, azkenik, denbora luzez lurraldea nahieran kudeatu zuten eliteek toki egin behar izan zieten erakundeetan ordura arte baztertutako alderdi politiko zein sektore sozialei.

Testuinguru hori oinarri gisa hartuta, Ion Orzaizek eta Joxerra Senarrek Nafarroa orain ala inoiz ez liburua kaleratu berri dute Berria, Jakin eta Elkar argitaratzaileen eskutik Aleka bilduma berriaren barruan.

Liburuan murgiltzen joateko lehen atala:

KARANBOLA MAGIKOA:

UPN sortzean planteatu genituen helburu guztiak lortu ditugu: batetik, Nafarroaren nortasunari eustea; eta, bestetik, zentro-eskuinaren eremua bateratzea. Javier Gomara (UPNren sortzailea eta diputazioko presidente ohia)

Hizki handiz Zisne Beltza deritzogun gertakari motak hiru ezaugarri ditu. Lehenik, aparteko kasu bat da, iragarpen orotatik kanpo dagoena; izan ere, iraganaldian ez dago ezer hura gertatuko dela modu sinesgarrian adierazten digunik. Bigarrenik, muturreko eragina dauka. Hirugarrenik, apartekoa izanagatik, giza izaerak azalpenak bilatzera garamatza gertaera bera jazo ostean, eta, horregatik, azaltzeko eta iragartzeko modukoa da. Nassim Nicholas Taleb (Idazlea)

Beti egokitu zaigu galtzaileen bandoan egotea”. Ahots hari nekatuaz mintzo bada ere, Concha Dieguez ez da ahanzten. Berriozarko bere etxeko egongelan eserita, garai bateko argazkiei, gutunei eta koaderno zaharrei so dago 86 urteko emakumea. Dena gordetzen du. Dena apuntatzen. Badaezpada ere. “Garunean tumore onbera detektatu zidatenetik, datu batzuek dantza egiten didate buruan”, dio barkamena eskatuz bezala. Baina akordatzen da. Xehetasun guztiekin konta dezake, adibidez, militar kolpistek aita bahitu eta fusilatu zioten egunean gertatu zen guztia, baita ondorengo urteetan pairatu behar izan zituen umiliazioak ere, emakumea, langilea eta komunista izateagatik. “Hilik bizitzera kondenatu ninduten”.

Beti galtzaileen bandoan. Frankismoa bukatu zenean ere, aldaketa handirik ez zuen nabaritu. “Nik aurpegi berberak ikusten nituen beti boterean, kolore bereko jaka etagorbatekin”. Lantokian zein herrian, irabazleen kastak ez zion barkatu komunista eta fusilatutako errepublikano baten alaba izatea. “Denetarik sufritu dugu. Etxea erre ziguten behin, eta bestelako eraso asko ere jasan ditugu. Marka hori ez zaigu kendu. Etengabe gogorarazten ziguten gertatu zena. Handik urte askotara ere, kontuz horrekin, komunista baita! esaten zuten niri buruz lanean”. Sumindu egiten da gobernuaz hitz egitean: “Urteetan, ez dute hatz bakar bat ere mugitu”. Yolanda Barcinaren gobernuaz ari da. Agintaldi hartan, ez zuen diru laguntzarik onartu fusilatuen gorpuzkiak berreskuratzeko edo identifi katzeko. “Zertarako?, haiek irabazi zuten gerra”.

2015eko maiatzaren 24an, ordea, esperantza errainua ikusi zuen Conchak, betiko erregimena eraitsi zenean, zauri amaigabea zirudiena behingoz ixteko moduan zitekeelako. Irribarre meharra marraztu zaio ezpainetako zimurren artean. “Poztu nintzen, bai. Ez nigatik; 86 urte ditut, eta beranduegi da niretzat. Baina poztu nintzen zuengatik, gazteengatik. Eta gauzak aldatzen has daitezkeelako, azkenik”.

Azkenik. Concha Dieguezen modura, hauteskunde gau hartan nafar askok ahoskatu zuten hitz hori. Ilusioaren eztanda hark bere kontrastea du Nafarroako Jauregi barruko Presidenteen aretoan. Oso ezaguna ez bada ere, horko hormetan, eskegita daude 1940tik Nafarroa gobernatu duten agintarien margoak. Denboran izoztuta baleude bezala, banan-banan, zorrotz begiratzen diote ikusleari, bazter batean erdi-ilunpean dagoen Tomas Dominguez Arevalo Rodeznoko kondetik hasi, eta gainerakoekin alderatuta kolore argiekin margotua dagoen Yolanda Barcinarenera heltzeraino. Ia gehienak jauntxo heldu eta kontserbadoreak dira. Hamabi koadroko sekuentzia azkar horrek diktaduraren hasieratik gaurdaino gobernatu dutenen erretratu bakarra osatzen du, eta tonu ilunak garai luze horretan bestelako Nafarroa batekin amets egin duten belaunaldiek pilatu duten etsipena laburbiltzen du.

Atzerantz begiratuta, aldaketa zein zaila izan den ikusten da. Ez dago oso urrutira jo beharrik. Edozein nafarri 2011n PSNrik gabeko gehiengo baten aukeraz galdetu izan balitzaio, baikorrenak ere ezinezkotzat joko zukeen. Urte hartako foru hauteskundeetan, UPN eta PSN lehen bi indarrak izan ziren, eta bien artean soilik 50 parlamentarietatik 28 lortu zituzten. 2014an bertan, oso nafar gutxik esperoko zuten urtebeteren bueltan gertatu zena. Nahiz eta ordurako UPNren eta PSNren koalizio gobernua hautsia izan eta Yolanda Barcinak higadura handia jasan, ezinezkoa zirudien sozialistarik gabeko 26 eserlekuko aritmetika hura…

Lehen atala – Nafarroa Orain ala inoiz ez (.pdf)

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina