Zaitegi saria martxan, Dylan euskaratzeko

Hori da umorea, maisu!

Mo Yan-en liburua, Maialen Marinek eta Aiora Jakak itzulia. Zaitegi sarian oraingoz argitaratu den azken lana. Laster Iker Santxoren berria kalean izango da

Urtero Literaturako Nobel Saria euskaratzera bideratutako Jokin Zaitegi martxan da berriz. 2002an abiarazi zuten Elkar-ek eta AEDk, eta 2002tik 2012ra bitarteko Nobel saridunak euskaratu ziren beka honi esker. Babeslerik ezak bertan behera utzi zuen sariketa pare bat urtez, baina iaz jarri zen berriz ere martxan, Svetlana Aleksievitx itzultzeko (datorren udaberrian kaleratuko den liburua).

2016an Literaturako Nobel Saria Bob Dylan kantagile iparramerikarrak irabazi du, eta haren kanta sorta bat euskaratzea izango da Zaitegi Sariaren helburua. Parte hartu nahi duten itzultzaileek lagin bat euskaratu beharko dute, eta hemen topatu ahalko ditu bai oinarriak, bai itzuli beharreko lagina: Dylan lagina

Epaiamahaia Iñigo Roque eta Maialen Berasategi itzultzaileek eta Jon Basaguren musikariak osatuko dute.

Oinarriak:

Jokin Zaitegi Sariketa

Literatura Nobel Sariak euskaratzeko beka 2016

Arrasateko AED Elkarteak eta Elkar argitaletxeak, Arrasateko Udalaren eta Laboral Kutxaren laguntzarekin, Jokin Zaitegi arrasatear idazlea gogoratzeko eta hark literatura unibertsala euskaratzen egindako ahaleginari jarraitzeko, Jokin Zaitegi Sariketa antolatzen dute, aurtengo Literaturako Nobel saridunaren lana itzultzeko erabiliko dena, ondorengo oinarrien arabera:

  1. 2016an Suediako Akademiak Bob Dylan kantagile iparramerikarrari eman dio Literaturako Nobel Saria, eta Jokin Zaitegi Sariketa honen helburua Bob Dylanen100 kantako sorta bat itzularaztea da.
  2. Bilduma hori itzultzeko gogoa eta gaitasuna dituen edonork har dezake parte lehiaketa honetan. Horretarako, antolatzaileek proposatutako hiru kanta hautatuak euskaratu beharko ditu, eta egindako lana AED Elkartera bidali: aed@aedelkartea.eus helbidera. Dokumentu bi igorri behar dira mezuaren barruan: batean, itzulpena bera aurkeztuko da, ezizen batekin; bestean, ezizen horren ostean dagoen egilea nor den azalduko da, harremanetan jartzeko moduarekin batera. Lanak aurkezteko epea 2017ko urtarrilaren 9an amaituko da.
  3. Itzuli beharreko testuak antolatzaileek jarriko dituzte partehartzaileen esku. Testuak Internet bidez lor litezke, ondoko helbide honetan: Dylan lagina
  1. Jon Basagurenek, Maialen Berasategik eta Iñigo Roquek osatutako epaimahaiak, jasotako itzulpenak aztertu eta haietako bat izendatuko du irabazle 2017ko urtarrilaren amaiera baino lehen.
  2. Aurkeztutako lanek aski kalitaterik ez balute, saria hutsik utzi ahalko da. Kasu horretan, antolatzaileek aukera izango lukete itzulpen hori enkarguz norbaiti eskatzeko, bekako diru-kopuruaren truke.
  3. Irabazleak 2.000 euroko saria irabaziko du Bon Dylan-en kantak itzultzeko: diru erdia jakinarazpena egitean jasoko du, eta beste erdia lan amaitua entregatu ostean. Lan amaitua 2017ko urriaren 30a baino lehen entregatu beharko du Elkar argitaletxean. Epeak beteko ez balira, edo itzulpenaren kalitatea nabarmen txarra balitz (epaimahaiaren iritziz betiere), sariaren bigarren zatia jaso ez eta lehena itzuli egin beharko luke irabazleak.
  4. Elkar etxeak –eskubideak aurrez eskuratuta– argitaratuko ditu Bob Dylan-en kantak euskaraz, eta 2017ko Durangoko Azoka izango da hori egiteko epemuga. Ale guztietan nabarmen aipatuko da Jokin Zaitegi saria, baita itzultzailearen izena ere, zeinak ez baitu galduko bere lanaren gaineko jabetza.
  5. Sariketa honetan parte hartzeak bertako oinarriak ontzat ematea dakar. Berauen ulermenean zalantzarik sortuko balitz, antolatzaileei dagokie erabakitzea.

Harremanetarako:

liburuak@elkar.com  943310267

aed@aedelkartea.eus 943771228

 

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina