Iban Zalduari elkarrizketa “(Euskal) literaturaren alde (eta kontra)”ri buruz

Euskal literaturaren_AZALAIban ZalduaIban Zaldua (Donostia, 1966) ipuingile gisa da batez ere ezaguna, baina literaturari buruzko kritikak, iritziak eta gaiztakeriak botatzea ere gustatzen zaio, seriotan bezain brometan, eta horren erakusgarria da atera berri duen saiakera: (Euskal) literaturaren alde (eta kontra).

Nola definituko zenuke (euskal) literaturaren alde (eta kontra), zure azken liburua?

Modu ezberdinetan. Testu kritikoen eta jostagarrien nolabaiteko bildumatzat har daiteke. Edo manifestuen nolabaiteko manifestutzat. Edo literaturaren aldeko nolabaiteko aldarri apokaliptiko baina ez etsitzat. Edo literatura serio eta literatur agenteak ez horren serio hartzeko nolabaiteko ahalegintzat. Uste dut hitz gakoa hemen “nolabaiteko” dela, edonola ere.

Fikzioak sortzea eta literaturari buruzko kritika eta saio laburrak idaztea, ondo uztartzen dira? Kontraesanik edo buruhausterik eragiten dizu?

Holako galderak egiten dizkidatenean, bai, zerbait ondo egiten ari ez naizela susmatzen dut. Baina gero gogoan hartzen dut idazle guztiek parte hartzen dutela, gehiago edo gutxiago, zuzenean edo zeharka, literatura iritzien erakuntzan (beken edo lehiaketen epaimahaietan, Kritiken Hemerotekak ondoren kritika bihurtuko dituen gorespen zutabe laburrak idatziz, etab.), eta lehen bezain urduri jarraitzen dut. XX. mendearen erdialdera arte oso normala zen idazleak literatur kritikoaren papera hartzea, eta alderantziz; ondorengo espezializazioak halako hesi moral bat eraiki du bi aldeen artean, niri artifizial samarra begitantzen zaidana. Baina nik betidanik egin dut, fikzioa idatzi eta (besteen) fikziogintzaz iritzia eman: beldur naiz beranduegi dela niretzat ohiturez aldatzen hasteko…

Lanetako asko aurretik sarean, prentsan edo bietan kaleratu izan dituzu. Zer berezitasun du liburuak? Zer dakarkio irakurleari, besteek ematen ez diotena?

Lehenik eta behin, barreiatuta zegoena bilduta eta eskura izateko aukera, betiere jatorrizko testua idatzia izan zen zirkunstantzia “historikoak” bistatik galdu gabe (horretarako paratu dut “Oharrak eta post-scriptumak” izeneko atal mamitsu bat). Zuzenketak eta eguneraketak egiteko aukera ere ematen du formatuak, dekalogoak eta artikuluak bertsio behin betikoan finkatzekoa alegia. Eta, neurri batean, literatura garaikidearen, eta bereziki euskal literaturaren inguruko egungo egoeraren inguruan eztabaidatzeko parada, Obabatiko tranbia eta Animalia disekatuak liburuetan egiten saiatu nintzenari segida emanez. Liburu dibertigarria atera zaidala sinetsi nahi nuke, orobat.

Gure literaturari buruzko balorazioan, itzalak eta argiak nabarmentzen dituzu; egunen arabera, botila erdi beteta edo erdi hutsik ikusten duzu?

Eskaintzaren aldetik nik esango nuke erdi beteta ikusten dudala aspalditik; egia da liburu on bat nire eskuetara iristen den bakoitzean areagotu egiten dela sentsazio hori, eta, gehiagotan gertatzen den bezala, erdipurdiko bat irakurtzen dudanean botilak zentilitro batzuk galtzen dituela, baina hori normala da, literatura guztietan gertatzen da. Arazo nagusia, beti bezala, eskaeran dago, irakurleen eta erakunde literarioen alorrean: hor zaila da botila erdi hutsik ez ikustea. Baina hori ere normala da, gure tamaina, historia eta idiosinkrasia kontuan hartuta.

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina