Garazi Kamiok irabazi du Augustin Zubikarai nobela-beka

garazi_kamioGarazi Kamioren proiektu batek irabazi du Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolatzen duten Augustin Zubikarai saria. Bederatzi urtez nobela laburrentzako lehiaketa izan zena, 2010ean formatuz aldatu eta nobelak sortzeko beka bihurtu zen. Orain arte, Joxean Agirreren Zwei Frauen (Bi emakume), Itxaso Araqueren Damutzen ez direnak eta berehala aurkeztekoa den Garbiñe Ubedaren Hobe isilik sortu dira laguntza honi esker. Aurten, aldiz, hogeita hamabost lan aurkeztu dira, inoiz baino gehiago, eta horien artean Kamioren proposamena aukeratu du Leire Bilbaok, Xabier Mendigurenek eta Ana Urkizak osaturiko epaimahaiak.

Orube abandonatuak du izena Garazi Kamioren proiektuak. Hiru garai desberdinetan, hiru pertsonaia bakartiren historia kontatuko digu nobela honek. Epaimahaiak azpimarratu du testuaren fintasun psikologikoa eta irudien indarra.

Garazi Kamio Andoainen jaio zen 1979an. Ikus-entzunezko Komunikazioa eta Irakasletza ikasia. Kazetari aritu izan da, besteak beste Sautrela saioan, eta gaur egun irakasle dabil. Beste norbaiten zapatak ipuin-liburua kaleratu zuen 2012an Igartza sariari esker.

 

 


Zer kontatzen du “Orube abandonatuak” proiektuak?

“Orube abandonatuak” hiru istorioren inguruan mugitzen den lana da. Denbora-lerrotik begiratuta, hiru istorio hauek ez dute batere antzik euren artean. Ez dago lotura zuzenik; ez dute zerikusirik batak besteen artean. Baina bada zerbait batzen dituena: abandonatu dituztenaren bizipenak izan dituzte. Honetaz gain, objektu batek batuko ditu; garai bakoitzean zeresan desberdina izango duen objektuak. 

Hiru istorio, garai desberdinetakoak. Aipa ditzagun banan-banan. Lehenengoan, Mario dugu. Nor da Mario?

Mario Gerra Zibila amaitu ondotik, lan-esparru batean urte luzez egon da. Iritsi zaio etxeratzeko tenorea. Emaztea zain du tren geltokian, eta etxerako bidea isilpean egingo dute. Mario ez da kalera irtengo hasiera batean, beldur delako. Eta etxeko armairu baten sartuta pasako ditu ordu asko, bertako zarrailetik ingurukoa begiratuz. Bide batez, herrian izan diren aldaketak etxetik bertatik sumatuko ditu. 

Hurrengoan, heroinazalea izandako neska bat, 80ko hamarkadan.

Telebistako albiste baten ondorioz etorriko zaizkio protagonistari aspaldiko mamuak. 80ko hamarkada bukatzear zela eman ziren gertaerak erakutsiko zaizkio irakurleari Mirenen eguneroko bizipenen bidez. Telebistaren bidez jakingo dugu hori guztia, protagonistak bertatik jasoko baititu albisteak eta oroimenetik itzuliko zaizkion gertaerak. 

Eta, denboraz hurbilena, atxilotzen duten gazte bat…

Hiru belaunaldietatik berriena izango da, gazteena. Berez, bizitzan aukeratzeko askatasun gehien izango duena. Maiderren bizitzak horixe erakutsiko digu. Baina Maider ere abandonatua sentituko da, beste bi protagonisten antzera.

Zerk batzen ditu hiru istorioak: giroak? gaiak? sakoneko lokarriren batek?

Bakarrik egotera behartuak izatearen sentsatzioak batuko ditu hirurak. Bakoitza bere momentuan bakarrik egongo da. Abandonatuak izateak batuko ditu; eta horrez gain, sinbolikoki hiru kontakizunetan azalduko den objektu batek. 

Estilo aldetik, esaldi labur eta sinpleetara jo duzu, laginean. Zergatik?

Egia esan, ez diot gehiegi erreparatu estiloari. Berez atera zaidan zerbait izan da, propio egin gabea. Nire estiloari batzen zaiola esango nuke, horrelaxe idaztera ohitua nagoelako, beharbada. 

Hiru istorio horietatik, zein egiten zaizu hurbilena eta urrunena? Zein idazteko errazena edo zailena?

Hurbilena, kronologikoki begiratuta, Maiderrena egiten zait. Neure burua bertan irudika dezaket, edo nire adin berdintsuko edozeinena. Beste biak urrun geratzen zaizkit. Baina bai bata eta bai bestea ere erakargarriak suertatzen dira niretzat. Badut miresmen berezi bat 80eko hamarkadarekiko eta Mirenen istorioak asko erakarri ninduen ideia burura etorri zitzaidanean. Gero ikusiko dugu, noski, buruan daukan forma bera hartzeko gai izango den paperean.  

Aurretik ipuin liburu bat idatzi zenuen; hau, ipuin luzeen eta nobelaren erdibide moduko bat al da?

Baietz esango nuke. Proiektu honek ipuin itxura har dezake baina nobela luze baten tankera du, era berean. Elkarrekin lotura duten hiru ipuin urrun eta desberdin, era sinboliko batean esanda. Gerora, ordea, nobela baten itxura izango duelakoan nago. 

Eredu edo erreferentziaren bat izan duzu “hiruko” egitura hau osatzeko?

Michael Cunninghamen lana jarraitu dut eta bere “The Hours” irakurri nuenean txunditu ninduen. Kontakizunaren egitura nola eraikitzen duen atsegin dut. Erreferentzia garbia da niretzat. 

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina