Harkaitz Cano: “Orrialde gordinenak eta zoriontsuenak idatzi ditut liburu honetan”

Argazkiak: Sushi-Maki

 

Wikipediari kasu eginez gero Arkansaseko hiri bat, Kanadako hockey jokalari bat edo mastekatzeko tabako klase bat da “twist”. Twist (Susa, 2011) Harkaitz Canoren nobela berria irakurrita, beste bi adiera etortzen zaizkigu burura ordea. “Twist” dantza gisa, dantza franko baitago eleberri honetan: gure garaia eta laurogeiko hamarkadaren arteko jauzi-dantza, bahitu, torturatu eta kare bizian enterratutako bi lagun eta erruarekin biziraun behar duen hirugarren lagunaren arteko dantza… Eta “twist” fikzioetako bat-bateko sorpresa edo bira gisa: ezarian errebelatzen diren engainuak, traizioak, erdi-gezurrak eta gezurra osoak. Horietako asko ere baditu eleberri honek.

 

Zazpi urte dira zure azkeneko eleberria argitaratu zenuenetik, “Belarraren ahoa”. Zenbat buelta, zenbat jira-bira eta buruhauste eskatu dizkizu Twist honek?
Eta ia zazpi urte fikziozko nire azken liburua argitaratu nuenetik, “Neguko zirkua” ipuin-liburua. Tarte luze honetan testu-hornitzaile gisa lan egin behar izan dut, idazle sozialak gara azken finean, enkarguetatik bizi garenak. Eleberria idazteko denbora lortzea luxua da, eta horrek delay hau sortu du.

Horrek bakarrik? Ez ote zenuen bertigo apur bat ere? Ez al da hau zure nobelarik anbiziotsuena? Luzerari erreparatzea besterik ez dago, aurreko nobela laburrarekin alderatuta…
Tira, hori ere izan daiteke. Nobela bakoitza beti da erronka berria, gauzak beti koska bat harago eraman nahi ditut eta oraingoan ere horrela izan da.

Garai gordin batera eraman gaituzu, 80ko hamarkadara, gerra zikina eta atentatu sarrien garaia. Arrazoi politiko, sentimental edo soilik literarioak daude urte horiek birbisitatzeko asmoaren atzean?
Sentimentalak dudarik gabe, nik 8 urte nituelako 1983an –liburuko gertaeren urtean– eta oso presente ditut gauza batzuk: uholdeak, arrebaren jaiotza… urte inportantea izan zen, nahiz eta orduan ezer ez jakin GAL edo ETAri buruz. Baina literarioak ere bai. Garai hura, gerra zikina, biolentzia… oraindik osorik kontatu gabe dagoen istorioa da, eta literaturaren, fikzioaren bitartez finkatu daiteke egokien.

Beraz, arrazoi politikoak ere bai…
Izan daiteke, baina proportzio askoz txikiagoan.

Nortasunaz ari zara etengabe: hildako lagun baten bizitza bizitzeko saiakera, alzheimerraren aitzakiaz dena utzi eta zerotik hasten den pertsonaia… benetan al da hain gauza malgua identitatea?
Horixe da liburuak galdetzen duena etengabe, leit-motiva, eta hortik azaleko irudia: norbera eta ispiluko irudia, originala eta erreplika. Beste norbaiten ordez bizi gara? Kontziente gara nor imitatzen ari garen? Posible da besteen larruan jartzea? Nola? Noiz? Eta hortik ere liburuaren apititulua: “Gizaki intermitenteak”.

Ez bakarrik azpitituluarekin, identitatearen auzi hori ilustratzeko zure zaletasun handietara itzultzen zara: artea, teatroa…
Digresio ugaritxo ditu nobelak, zer egin egingo diot, badakit irakurle zenbait irritatu ditzakedala horrela baina… Bai, Txekhov, Marina Abramovich eta Joseph Beuys-i tarte handia eskaintzen diet, haiek ere artearen bidez beste bizitza batzuk bizitzeaz hitz egiten digutelako, besteen larruan sartzeaz…

Larrua aipatzen duzula, deigarria egin zaigu sexuak eleberrian zehar duen presentzia handia. Zure aurreko liburuetan baino askoz handiagoa…
Ideia berari lotuta, norberaren larrua gainditu eta beste norbaiten larruan sartzeaz ari bagara… zer gordinago sexua baino? Gordintasuna, horixe da liburua deskribatzeko erabiliko nukeen hitza. Twist nire libururik gordinena eta zoriontsuena dela uste dut, eta alde horretatik harro nago. Orrialde zoriontsuak dira idazten zailenak.

Ikus-entzunezko gidoigintzari lotuta bizi zara eta Twist irakurriz, ezinbestean dator oso zinematografikoa den sentsazioa. Bada garaia zineak ere gure iragan gertuaren errepasoa egin dezan?
Benetako nobelista baten irrika beti izango da nobela inadaptable bat idaztea. Dena den, denok esaten dugu gure eleberria oso zinematografikoa dela, produktore batek irakurriko duen desioz edo… Bada, balizko produktore horrentzat esango dut pelikula baterako ez, baizik eta mini-serie baterako ematen duela eleberri honek. Intrigazko hari indartsu bat du, eta horrek egin dezake agian zinematografikoa: konspirazioak, sikarioak, abokatu ondraduak…

Baina ez diot horregatik bakarrik, egokitasun historikoa ere hor dago, ematen du atzera begiratzea errazagoa izango dela hemendik aurrera, egoera berriarekin…
Hori ere egia da, zauriak ixteko garai honetan 80ko hamarkadako guztia kontatu beharra dago, gogoratu, finkatu. Baina hor ere badago pelikula edo mini-seriearen desabantaila argia: aurrekontua. Fikzioa 80ko hamarkadan kokatuta egonda, pelikula historiko bat egin beharko genuke. Dena da hain diferentea gaur egun… has zaitez orain 80ko hamarkadako telefono-kabina baten bila! Pelikula errumaniar bat ikusten dudanean nire haurtzaroko Lasarte gogorarazten dit: hortik atera kontuak.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina