Iban Zaldua: “Idazle bezala zerbait banaiz, ipuingilea naiz, eta ipuinak badu, berez, fantastikorako joera”
Ipuingile erreferentziazkoa bihurtua zara: bai zure kontakizunen kalitateagatik, baita generoaren erreibindikazioagatik ere; hala ere, azken aldian ipuin-liburu espezifikoagoak egiten zabiltza: orain hurrena Biodiskografiak, eta orain berriz hau…
Ez dakit horren erreferentziazkoa naizen… Baina egia da generoa aldarrikatzen saiatu naizela, batzuetan neurriz kanpo, agian, ipuinaren aurka dagoen aurreiritziaren zama orekatu nahian-edo. Harrigarria iruditzen zaidan aurreiritzia, XXI. mendearen hasiera honetan: literaturaren barneko “arrazakeria” moduko hori baztertuta zegoela uste nuen, baina behin eta berriro egiten duzu topo nobela genero gorentzat eta ipuina senitarteko pobretzat hartzen duen jendearekin. Eta serio ari dira batzuetan! Liburuaren gaiari dagokionez, tira, egia da ni beti izan naizela ipuin bildumaren oso aldekoa, ipuin bilduma eta ipuin liburua ez baitira gauza bera: ipuin liburua batasun zentzu argi batekin eraikitzen da, Obabakoak bezala, demagun, eta bilduma, ordea, saski-naski totala izan daiteke. Nire lehenengo liburuak halakoak ziren, bildumak, eta ez dut uste hori txarra denik: aniztasuna ipuin bildumen baloreetako bat da, eta nik maite dut. Etorkizunarekin hasi nintzen sentitzen, lehenengoz, bildumaren eskemetatik urrundu eta ipuin liburura hurbiltzen ari nintzela. Eta Biodiskografiak, kontzienteki, hari oso argi baten inguruan eraiki nuen, poparen historiako diskoetatik abiatuta. Oraingoa ia kasualitatea izan da, zeren eta nire lehenengo asmoa lehengo tankerako ipuin bilduma bat amaitzea zen. Baina ze ipuin sartu eta zein ez erabaki bitartean, ipuin horietatik askok ildo bati jarraitzen ziotela ohartu nintzen, idazketarekin, idazlearen ofizioarekin berarekin zerikusia zuena, eta baita irakurketaren garrantziarekin ere. Beraz, beste proiektua behin-behinekoz baztertu eta Idazten ari dela idazten duen idazlea honetan kontzentratu nintzen.
Literaturarekiko interesa betidanikoa duzu zure lanean, baina saiakera, kritika eta artikuluen bitartez bideratu duzu; noiz sentitu zenuen ipuin metaliterarioak idazteko gogoa? Berez etorri da? Asmo jakinen batekin?
Bueno, nik uste dut betidanik izan dudala halakoak idazteko joera, ia-ia lehenengo ipuin liburutik. Azken finean, normala da: literatura oso inportantea da nire bizitzan, nire bizitzaren parte da, batzuetan bizitzatzat hartu ohi den hori baino inportanteagoa, eta harrigarria litzateke zuzenean literaturaren gainean eraikitako literatura mota hori praktikatuko ez banu, noizean behin. Ez da ezer bereziki berria, gainera, batzuek halakotzat saldu nahi badigute ere: pentsa, Dantek ederki praktikatu zuen metaliteratura, ustez horren berria eta iraultzailea den “autofikzioarekin” batera, Jainkotiar Komedian. Baina, edonola ere, esango nuke ekintza literarioaren beraren gainean idazteko bulkada indartsuagoa izan dela, niretzat, azken urte hauetan. Eta horren ondorio izan da, neurri handi batean, liburu hau. Badu, ezin da ukatu, onanismotik zer edo zer. Baina ni onanismoaren oso aldekoa izan naiz betidanik.
Ironia oso zeure baliabidea duzu, baita hemengo istorioetan ere…
Ez dut ezetzik esango, baina ezta ozenkiegi aldarrikatuko ere. Ironiaz teorizatzen hasteak ironia bera suntsitzen du, azken batean: ez dago ironikoa izaterik ironiarekin. Oso baliabide eraginkorra izan daiteke, ez dago dudarik, eta bat dator, maiz, nire munduaren ikuspegi etsi samarrarekin. Ezin da, ordea, neurrigabe goratu, ironiak balio dezakeelako gauzei buelta emateko, zalantza pizteko, hausnarketa bideratzeko. Hots, errealitatea zulatzeko. Ados. Baina ez da baliabide bereziki eraikitzailea, horretarako beste trama batzuk, beste baliabide batzuk eraginkorragoak izan ohi dira, ondo erabiliz gero. Horregatik ez da nire baliabide bakarra, idazten dudan gauzetan. Edo hori pentsatu nahi nuke, behintzat.
Hala ere, esango nuke, blogeko zure idazkietan ez bezala, hemen ez duzula ezein idazle, genero edo liburu bihurtzen zure zirien helburu; sistema literarioa oro har, eta batzuetan zeure burua ere bai.
Volgako Batelariak aldizkari elektronikoaz ari bazara, ez dut uste hori bakarrik egiten genuenik. Nire ikuspegiaren arabera, blogaren filosofia, neurri batean, hauxe zen: literatura oso eginkizun seriotzat hartzea, baina ez ordea literatoa, edo literatur sistema delako hori, halako zerbait existitzen bada behintzat. Idazlea barregarria da, literatura gauza serioa. Izan ere, oraintxe bertan barregarri gertatzen ari naiz, literaturaren seriotasuna azpimarratzen ari naizela. Idazle baten lanek argitu gaitzakete, pentsarazi, osatu, are hobetu pertsona gisa, une batez bederen. Baina idazlea obra hori eraikitzera eraman dezakeen handiustea edo obsesioa erridikulua izan daiteke, adibidez, edo absurdoa. Edo are gaixotasuna, besteen istorioez, bizitzez elikatzen ibiltzeko grina horrekin, Ramon Saizarbitoriak duela gutxi gogorarazten zigun bezala, nobelagilea makurra, gaiztoa eta zikina dela esatean. Poeta, antzerkigilea eta ipuinlaria, berdin, gehituko nuke nik. Eta idazlearen irrigarrikeria horretan, ezinbestean, nik neuk ere islatuta ikusten dut neure burua. Gainera, aurreko galderarekin lotuta, badakizu, ironia ez da benetan eraginkorra norberarengandik hasten ez bada, hots, autoironiatik abiatzen ez bada, Karlos Linazasorok defendatzen zuen bezala.
Liburuaren munduko elementu desberdin ugari ageri dira ipuinetan: idazlea, kritikaria, itzultzailea, irakurlea, dendak, sariak, irakurle-klubak, idazleen lagun eta sendikoak… Nahita erakutsi nahi zenuen panorama zabal bat?
Hortxe daude kontu horiek guztiak, errealitatean eta liburuetan, eta bai, irakurlea eta idazlea naizen neurrian, halako summa baten modukoa egin nahi izan dut. Fikzioaren bitartez, betiere: osa nezakeen saiakera moduan ere, baina kasu honetan fikzioa izan dut nahiago. Gai horiei buruzko ahalik eta ipuinik onenak idaztea alegia. Nahiz eta, beti bezala, hori desira baino ez izan; irakurleak erabaki beharko du lortu dudan ala ez, eta literaturgintzaren ajeak egoki islatu ditudan ala ez.
Literatur sistemaz ari garenez, gurea beste batzuekin konparatuta desberdina iruditzen zaizu? Berdintsua…? Eta idazleak?
Agerikoa da gure literaturak –ez dakit “literatur sistema” izendapena merezi duen ere– ezaugarri berezi batzuk dituela, hizkuntza gutxitu eta txiki askorekin konpartitzen dituenak, bestalde. Merkatuaren tamainak, hasteko, asko baldintzatzen du joko-eremua, eta hizkuntzaren alde idazteak, edo irakurtzeak, edo erosteak, indarra izaten jarraitzen du, nahiz eta ez garai batean bezainbeste. Baina, gainontzean, ez dut desberdintasun handirik ikusten: idazleak beste edozein lekutan bezain bekaiztiak, suminkorrak, neurotikoak edota nobleak izan daitezke. Lan onak, erdipurdikoak eta txarrak argitaratzen dira urtero. Homologazio prozesu bat gertatzen ari dela esan daiteke: euskal liburuak, pixkanaka bada ere, itzultzen eta atzerrira ateratzen ari dira, idazle batzuek profesionalizazioaren bidea aukeratu dute bete-betean, kontsumoko gero eta literatura gehiago produzitzen da, eta irudi propioaren lanketa, batzuetan, obra idaztea bezain inportantea bihurtzen ari da. Bestalde, zenbait “belaunalditako” kide elkarren artean lehiatzen dira espazio literarioa konkistatzeagatik, eta hau berria da euskal letren historian. Oso une berezia da, eta ni oso ondo pasatzen ari naiz gertatzen ari diren aldaketei begira.
Baina, hau esanda, azpimarratu nahi nuke nire ipuin liburu hau ez dela, zehazki eta nagusiki, euskal “literatur sistema” aztertu nahi duen lan bat. Hortik abiatzen naiz, batzuetan: normala den bezala, ingurune horretan bizi naizenez gero. Baina ez da inolaz ere helburua: oro har, ipuin generikoagoak idatzi nahi izan ditut, “unibertsalagoak”, azken adjektibo hori erabiltzera ausartzen ez naizen arren, gehiegizkoa da-eta. Ondo baitakigu, egun, unibertsaltasun bakarra mundu anglosaxoniarrean dagoela, baita nobela edo ipuin liburua Ipar Dakotako etxalde batetik idatzi bada ere. Literaturaren inguruko ipuinak dira, beraz, ez hainbeste “euskal literaturaren” ingurukoak.
Zure ipuinetan, errealismoaren eta fantasiaren artean saltoka ibili ohi zara; hemen ere bietatik ageri da, baina bietako bat da nagusi hala ere.
Tira, nik uste dut nire liburu gehienek salatzen dutela nondik natorren, zein generotan hezi nintzen irakurle eta idazle edo, hobeto esanda, “idazlari” gisa. Genero fantastikoa nire lehenengo habia izan zen eta nekez egingo diot uko. Azken finean, idazle bezala zerbait banaiz, ipuingilea naiz, eta ipuinak badu, berez, fantastikorako joera, nobelak, funtsean, errealismora duen bezala. Ez dut esan nahi ipuin errealistak ezin direnik idatzi, edo nobela fantastikoak, baina trama horiek ez dira horren ondo egokitzen, edo, hobeto esanda, nekezagoak suertatzen dira: nobela fantastiko bati eustea, hots, irakurlearen “sinesgaiztasunaren etendura” sakon hori horrenbeste orrialdetan zehar mantentzea, zailxeagoa da. Zailagoa, ohikoagoa izaten den trama “errealista” batekin konparatuta. Ipuina, ordea, bere laburtasunean, eta horrekin lotuta joan ohi den paradoxarako joerarekin, edo sorpresazko amaieraren baliabidearekin, eremu emankorra da fantastikorako. Honekin ez dut esan nahi, jakina, ipuin errealistak posible ez direnik: oso dira posible, eta tradizio aberats bat dago ildo horretan, kasu askotan generoaren obra nagusiak eman dituena. Genero bakoitzaren pisu espezifikoaz ari naiz, nolabait esateko. Eta nire hastapenak, esan bezala, oso lotuta daude ildo jakin horrekin: hura izan zen nire eskola. Eta ipuin errealistarekin berandu samar zaletu nintzen, helduaroan kasik, helduarora iritsi naizela suposatuz, noski… Izan ere, egun, ziurrenik, ipuingintza “errealista” gehiago kontsumitzen dut, fantastikoa baino. Eta, ondorioz, bide biak jarraitzen ditut idaztean, nahiz eta iraganak, badakizu, beti pisatzen duen…
Eta zein dituzu hurrengo proiektuak?
Ipuinokin bateratsu, azken aldiko euskal literaturaren gaineko saiakera labur batean aritu naiz lanean, gaztelaniaz, Madrileko argitaletxe baterako, honezkero kalean dagoena: Ese idioma raro y poderoso. Eta, datorren urtean, ziurrenik, ipuin bilduma bat, euskaraz, Idazten ari dela idazten duen idazlea baino luzexeagoa, eta, izendapenak argi uzten duen bezala, horixe izango dena, bilduma anitzago bat, eta ez, esku artean daukaguna bezala, ipuin liburu bat.
Erlazionatutako Albisteak
- ← Asteko salduenak – Los más vendidos de la semana 2012-10-17
- Betagarriren “Zorion argiak” diskoa – ZOZKETA →