Eraso! rock gogorreko musika taldean ibilbide luzea egina du Sergio Ruiz G-Txabarrik (Zarautz, 1975). Oraindik ere gogoz eusten diote jardunari, baina bakarko ibiliari ere ekin zion duela bi urte. Gari Berasaluzeren poemak ardatz hartuta osatu zuen Enara itzuli dira diskoa. Pandemia garaia baliatu du bigarren lana ontzeko, eta oraingoan berak idatzi ditu kantuak zein hitzak, barneko kezka-bulkadari irteera emanez. Zortzi kantuk osatzen dute Leihotik mundura.
Leihotik begira sortu dituzu kantuok. Zer ikusi duzu pandemia garaiotan?
Bai. Leihotik begira sortu ditut kantuok. Horrexegatik jarri diot izenburu hori. Leiho bat, gitarra, eta nire kezkak. Pandemia garaian egin nituen kantu guztiak. Pertsonalki ez nengoen nire momenturik onenean, gero pandemia heldu zen, eta bat-batean konturatu nintzen gauza asko nituela esateko. Terapia modura erabili dut kantuen sorrera, burua beste leku batera eramateko aukera eman dit. (Irakurri +)
Elkar diskoetxeak 2021eko udaberrian kaleratuko dituen nobedadeen zerrenda kaleratu berri du. Ondorengo hauek dira:
SERGE, Leihotik mundura
Lan berriarekin pauso erraldoi bat eman du SERGE-ek. Gari Berasaluzeren olerki sortarekin ondutako “Enarak itzuli dira” estreinako diskoarekin abiatu zuen bere bakarkako hegaldia. Orain, aldiz, norbere iparrorratza erabiltzearen hautua egin du, bere odol eta izerdiz idatzitako abestiekin, gainezka egiten zieten sentimenduekin, askoz ere proiektu pertsonalagoan.
Debuteko lanean bezalaxe, Zestoako Gaztain estudioan aritu da grabatzen Eñaut Gaztañagaren gidaritzapean, 2020ko ekaina eta uztaila bitartean. Zortzi dira “Leihotik mundura” osatzen duten abestiak. Entzulea konplize eta bidaide hartzeko adina indar duten istorioak dira, luma delikatuarekin eta poetikoarekin idatziak. Bere doinuek, badute argi izpirik behelaino artean. Itxaropenari zabalduta dagoen leihoa ere bada mundura atera duena, udaberrian berriro enarak itzul daitezen. Baldin eta inoiz joan badira… (Irakurri +)
Batetik, Jon Abrilek emakumeen lanbideei buruzko ikerketa bat egingo du; bestetik, Erika Lagomak eta Estitxu Fernandezek amatasunari eta feminismoari buruzko elkarrizketa-sorta bat landuko dute.
Sari bat ez baizik eta bi emango ditu aurten Tene Mujika sariak. Euskal Herriko historia hurbilaz idazteko ez-fikziozko proiektuak saritzen ditu Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolaturiko beka honek. Aurten proiektu ugari eta maila handikoak aurkeztu ziren; horien guztien artean saria bi lani “ex-aequo” ematea erabaki du Idurre Eskisabelek, Imanol Muruak eta Elixabete Garmendiak osatutako epaimahaiak, eta Debako Udalak, berriz, saria bitan banatu ordez bikoizteko erabakia hartu du: 6.000 euro irabazle bakoitzarentzat. Orain urtebeteko epea izango dute irabazleek nork bere lana burutzeko, eta 2022an liburu gisa plazaratuko ditu biak Elkar argitaletxeak.
(Irakurri +)
Garazi Ugalde Pikabeak aurkezturiko proiektuak irabazi du Literaturako Nobel saridunak euskaratzeko AEDk eta Elkar-ek Arrasateko Udalaren eta Laboral Kutxaren laguntzarekin antolaturiko Jokin Zaitegi itzulpen-lehiaketa; halaxe erabaki du Itziar Diaz de Ultzurrunek, Peru Iparragirrek eta Nagore Tolosak osaturiko epaimahaiak, aurkezturiko lan guztien artean. Beraz, iazko urte amaieran Suediako Akademiak Nobel saridun hautaturiko Louise Glück poeta estatubatuarraren The Wild Iris euskaratu beharko du itzultzaileak, eta 2021 urte amaieran emango du argitara Elkar argitaletxeak. (Irakurri +)
elkar fundazioak eta Euskal Kultur Erakundeak Iparraldeko idazleak euskaraz idaztera lehiatzeko asmoz, EKE-Elkar literatura beka sortu dute.
Bi urteetarik behin antolatuko da eta 6.000 euroko diru kopurua emanen zaio, epaimahaiak hautatuko duen obra proposamenaren egileari ondorengo oinarrien arabera:
1. Deialdi honetara, eskatu generoan egiteko xedeak aurkeztu litezke, iparraldeko euskara batuan sortuak, beren zati bat edo osotasuna nehon argitaratu gabea dutenak, sarituak izan ez direnak eta beste nehongo obra batetik moldatuak ez direnak.
Bi urtetarik, idazlanaren generoa aldatuko da.
2021eko deialdi honentzat, komikia edo nobela grafikoa izanen da generoa. (Irakurri +)