Korrontziren hamargarren diskoak Xabier Amurizak sortu eta osaturiko hitzak eta Agus Barandiaranek sorturiko trikiti doinu askotarikoak biltzen ditu.
Kopla dago trikiti doinu, lan eta disko askoren oinarrian, baina ez guztietan derrigorrean. Korrontziren lan berriaren muin-muinean kopla dago, ordea. Eta, horretarako, koplari apartekoenetakoa (koplen sortzaile, behatzaile eta berreskuratzaile den heinean) izan dute bidaide. Xabier Amurizaren hitzok diskoaren liburuxkan topa litezke, entzungo denaren itsas-argi modura: “Koplaren estetika bizi eta politaren erabilera modernoa ala tradizionala kontzeptuen eta edukien gorabeheran dago. Nik neuk, disko honetan bezala, kopla baliatzen dut, bere mugekin, nahi dudan edo eskatzen zaidan edozein mezu kantatzeko. Hori bai, beti ere, hain estetika xarmagarri bati bihurdura mingarririk ez eragiten saiatuz”. Ezin zuen bestela izan eta Koplariak du izenburutzat Agus Barandiaran lemazain duen taldearen lan berriak, eta ezinbestean, egitasmoaren egiletza partekatua eta elkarlana aitortzen du azaleko sinadurak ere: Korrontzi & Xabier Amuriza. (Irakurri +)
Xabier Leteren kantutegi musikal poetikoa biltzen duen antologia da Ni naiz, ibilbide oparo bat ardazten duten 22 piezaz osatua
Neguarekin joan zen Xabier Lete, orain dela hamar urte, 2010eko abenduaren 4an. Haren inguruko lanak ugaritzen ari dira aurten, heriotzaren urtemugaren abarora. Bere poetikaren eta idazle lanaren ingurukoak izan dira zenbait, eta orain, aldiz, haren kantugintza zabalaren bilduma antologikoa argitaratu du Elkarrek. Oraintsu arte Elkar diskoetxeko arduradun izan da Anjel Valdesek eta honela idatzi du antologiak dakarren liburuxka mardulean: “Bere kantutegiaren bidez Xabier Leterengana hurbiltzen garenean, konposizio poetiko-musikaletarako duen talentu erraldoiari erreparatu ez ezik, haren pentsamendu sakonaren mamiaz ere jabetzen gara”.
Bi cd-tan bilduta 22 kantuz osaturiko antologia lana da, Xabier Leteren bakarkako lan ugarietatik erauzitako 22 pieza. Beste asko ere izan zitezkeen, baina ibilbide baten arrasto-ardatz nagusiak ezaugarritzen dituzte. 60-70 hamarkadetan Herri-gogoa eta Artezi diskoetxeetan argitaratu diskoetatik, eta gerora Elkar diskoetxean plazaratuetatik aukeratuak, nagusiki. Ez alferrik, bilduma eta lehen cd-a hasten da Letek berak bere buruaz egindako deskripzio poetikoarekin, 1974ko Xabier Lete izenburuko diskoko Ni naiz enblematikoarekin, eta amaitzen da 1992ko Hurbil iragana diskoko Xalbadorren heriotza-rekin. Eta tartean dira Izarren hautsa (Kantatzera noazu, 1976), Haizea dator Ifarraldetik (Lore bat zauri bat, 1978), Ez dut amets haundirik (Kantatzera noazu, 1976), Neguaren zai (Eskeintza, 1991), San Martin, azken larrosa (Hurbil iragana, 1992), Errota zaharra (1965- 1968 artean Loiolako Herri Irratian Joxemari Iriondok erregistratutako saioetatik aukeratua da), Habanera (Eskeintza, 1991) eta Itsasoan urak handi (Kantatzera noazu, 1976). (Irakurri +)
Euskal literaturaren historia berritzaile bat dakar Joseba Gabilondok saiakera honetan (Txalaparta). Bazter utzitako autoreak biltzen ditu, literatura diskurtso historikoen errepasoa egiten du, eta orain arteko definizio eta baieztapen aunitz ezbaian jartzen.
Euskaraz idatzi ez duten idazleak eta historia tradizionalak bazter utzitako diziplinak biltzen dituzu historia honetan. Zer helbururekin? Ez al du horrek euskarazko literatura itzalean uzten?
Aitzitik: euskara hutsezko historiek uzten dute euskarazko literatura itzalean, izan ere, euskararen eta euskal historiaren erdigunean, diglosia eta klase/genero zapalketa dago, opresioa. Eta zapalketa hori euskal literaturaren historian ondo azaltzeko zapaltzaileen jarduna –ideiak eta idatziak– azaldu behar dira. Eliteek Euskal Herrian ia beti erdaraz idatzi dute, baina euskara defendatuz gure “nortasunaren” elementu bereizgarriena bezala. Hori azaldu eta kritikatu egin behar da. (Irakurri +)
Familia baten zirkulazio-sisteman sartzen gaitu Antxiñe Mendizabalen Odolekoak eleberriak. Zainetatik batera eta bestera garamatza odolak hiru belaunalditan zehar. Eta bueltan bihotzera. Bi bihotz dauzka baina istorio honek, bakoitza bere erritmoan taupaka baina elkarri oihartzuna eginez.
Has gaitezen hezurduratik: hitz egiguzu hiru belaunaldien istorioaz, lekuaz, garaiaz.
Iruñean dago nagusiki girotuta. 1941. urtean abiatzen da historia eta 2005ean amaitzen. Echaluce familiako alaba eta haren ondorengoak dira protagonista nagusiak: Matilde, Teresa eta Amaia. Hala ere, emakume bakoitzaren inguruan pertsonaia ugari batzen dira, beren mundu-konstelazio propioa osatuz. Protagonistak bezain funtsezkoak iruditzen zaizkit bigarren mailako pertsonaiak. Guztiak daude, nolabait, saretuta, eta askotan endredatuta, beraiek jakin gabe, besteen bizitzetan nahastuta. (Irakurri +)
Gero eta gehiago dira, gero eta osatuagoak, gero eta erakargarriagoak. Adin guztietarako, ume txiki-txikietatik hasi eta heldutasunera arte. Euskarazko jolasak dira, ondo pasatzen, pertsona bezala garatzen eta euskaldun izaten lagunduko diguten opari itzelak.
Umeek indar, pasio, interes eta gogo gehiena jolasetan jartzen omen dute. Gure txikitako oroitzapenik onenak ere, askotan, jolasekin lotuta daude. Ederto baten ibiltzen ginen elizako plazan txorro morro piko taie ken olgatzen, edo etxe azpiko kalean soka-saltoan, edo lagun baten etxean kartetan, edo lehengusuekin Monopolyan, edo neba-arrebok Scalextricarekin. Ezin gusturago egoteaz gain, haien bidez sozializatzen gara, haien bitartez ikasten dugu elkarrekin nola jokatu, gure sentipenak, beharrizanak eta desioak nola kudeatu, eta, lantzean behin, mundua zelakoa den ere bai.
Euskal Herritik begiratuta, jakina, egundoko garrantzia dauka jolasak darabilen hizkuntza. Euskaraz ala erdaraz etorri, umeak euskaldunago egingo ditu edo, kontrara, erdaldunduko ditu. Ez da kontu erraza, merkatuan erabateko gehiengoa daukatelako atzerrian sortutako jolasek. Hala ere, gero eta gehiago dira euskaraz jolasteko aukera ematen dutenak, hala Euskal Herrian bertan asmatutakoak nola kanpotik ekarritakoak. Badago, beraz, non aukeratu. (Irakurri +)