Peru Magdalena: Bidearen eta bidaiaren gorazarre bat da, oharkabean, liburua

Egia esanPeru MagdalenaNarratiban, poesian, haur literaturan… ezagutu dugu Peru Magdalena Durangoko idazlea. Azken urteetan, genero ezberdinak landu ditu eta oraingoan, helduei zuzendutako eleberria aurkeztu digu: Egia esan.

Genero ezberdinak landu izan dituzu publiko ezberdinarentzat. Zein estilo eta publiko nahiago duzu?

Ez dakit ba. Kontu hauek kanpotik ikusten dira gehiago barrutik baino. Nik, egia esan, ez dut generoz aldatzen ibiltzearen sentipenik. Idaztera bultzatzen nauen konpartitzeko nahi bat dago guzti honen atzean, eta batzuetan bide bat hartzen du eta beste batzuetan beste bat, nik neuk ere oso ondo zergatik jakin barik. Umeekin gertatzen denaren antzerako zerbait izango da, nik uste: ume bati panpinekin jolastea gustatzen zaio, besteari abestea, eta besteari batek daki zer. Liburuek ere eurek gura dutena egiten dute, eta eurek topatzen dute euren irakurlea… Baldin eta topatzen badute! Kar-kar!

Bidaia oso presente dago liburu osoan: jende eta leku berriak ezagutzearen poz oinarrizko hori, batetik, eta bidaiatzeaz batera norbera aldatuz doala sentitzea, bestetik. 

Egia da, bai. Mundua zabala eta zoragarria da, esango nuke, eta izugarri gustatzen zait lekuetara joan eta azpi-mundu desberdinak ezagutzea, aurreiritziak erantzi eta jendearekin harremanetan sartzea, naturaren edertasun berriak ezagutzea. Eta liburuan bada dezente horretatik. Bidearen eta bidaiaren gorazarre bat da, oharkabean, liburua.

 Egia esan eleberri berri honek bi pertsonaia nagusi ditu: Arri eta Kimu. Nola deskribatuko zenituzke?

Lan zaila jarri didazu. Ehunka orrialdetan zehar saiatu naiz, eta ez dakit lortu ote dudan ere. Imajinatu, beraz, elkarrizketa batean…

Nolabait laburbilduz: Aita eta semea dira Arri eta Kimu. Eginzaleagoa da bata, hausnartuzaleagoa bestea. Aitak tiratu egiten du, artistagoa da nolabait; semeak aztertu egiten du gehiago, filosofoagoa da alde horretatik. Munduan egoteko era bi dira, aita eta seme biren baitan.

Dena dela, ez egin kasu handirik. Edozein irakurleren legitimazio bera dut nik nobela horretako inor deskribatzeko. Nigandik pasatu da, baina joan da jadanik, eta ez dakit beste inork baino gehiago berataz. Liburuek, gizakien moduan, eurek defendatu behar dute euren burua beste inoren beharrik barik, izan gurasoa zein idazlea.

 Kimu aitaren koaderno beltza hartu eta bertan markatutako ibilbidea egitera abiatzen da. Zergatik egiten du hori?

Kimuk berak dio hankamotz geratu dela aitaren desagerpenaren ondotik, eta falta den hanka horretan egiten duela indar, gainera. Protesi baten bila doala esan dezake, beraz, norbaitek.

Dena dela, bere bizitzaren lurzorua topatu eta sendotzera doala esan dezake beste norbaitek, eta ezingo genioke ezetzik esan.

Gure bizitzan hartzen ditugun erabakien moduan: ezin jakin zenbat arrazoiren konbinaketak bultzatu gaituen bide jakin batetik.

Artea bera bihurtzen da beste gai zentral bat: sormena bizitzeko modu gisa hartzea, eta bizitza bera hartzea sormen-lekutzat. Hala bizi duzu zuk?

Bai. Erabat. Sormenak asebetetzen nau gehien. Sormen oinarrizko eta libreenak pizten dizkit argiak barruan. Eta horren arrastoan aritzen naiz hara-hona, posible zaidan guztietan.

Literatura, bizitza paperera iraultzea dela diote. Baina ez paperean gera dadin, nik uste. Paperetik bizitzara berrekarri behar da. Gainera, bizitza bera ipuin bat da, “errealitate mitologiko bat”, Azurmendik esan bezala. Sormenerako behin betiko gunea, beraz.

 Idazteko estiloa

Esaldi motzak, xehetasun askoko kontakizunak, elkarrizketak, poesiak… erabili dituzu zure istorioa garatzeko.

Bidaietan gertatzen dena izaten da hori. Bidaietako koadernoak apur bat denetatik batzen duten koktelerak izaten dira: poemak, ipuinak, zitak, abestiak, marrazkiak, mapak… Naturala iruditzen zait, beraz, bidaia nobela honetan ere apur bat honela gertatzea.

Dena dela, idatzitakoaren asmoaren inguruan… Bada uste bat idazlearen eta, oro har, artistaren inguruan: uste izaten da berak hautatzen duela bere obra nola sortu, kontzienteki, arrazoi eta azalpen eta guzti, mezu bat helarazteko intentzionalitatez. Baliteke sortzaile batzuek honela sortzea. Ez da hori nire kasua, ordea. Nik bulkada bat sentitzen dut idazteko, eta bulkada hori eskuartean ditudan ideia eta berbekin konbinatzean interesgarrien zaion eran irteten da.

Kontalari ezberdinak ditu liburuak. Askotariko eraginak usaintzen dira hor.

Bai, kontakizun polifoniko horretan nabaria da Bolañoren eragina. Borges ere bai, istorioan giltzarri den sumendiko pasartean. Edo Raimundo Azkarate, paisaien deskribapenetan. Abeslariei, artistei eta filosofoei ere etengabean egiten zaie keinu, batzuetan esplizituki adierazita eta besteetan kamuflatuta.

Hemendik aurrera baina, gura izanez gero, lehen dinosauroetara arte luza dezakegu eraginen zerrenda. Eta nik uste hobe dela Monterroso lotan uztea.

Lan bakoitzean naizen guztia ematen saiatzen naiz. Izan nintzena eta izango naizena ere bai.

Esku artean zein proiektu berri duzu?

Beti izaten ditugu proiektuak eskuartean. Bat ateratzerako beste hiru geratzen dira bidean, eta beste lau berri jaio hurrena. Etengabean dator ur berria iturri zaharretik. Edalontziarekin asmatzea da kontua. Geuri hain bizigarria zaigun ur hori albokoarekin konpartitzeko edalontzia topatu behar da.

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina