Ruper Ordorika: “Sasi artean ibiltzen garenontzako kantuak”
“Hodeien azpian” kokatu duzu diskoa, alegia, hementxe, egunerokotasunean, ez dauka sorginekin zerikusirik, ezta?
Ez, nahiz eta baden “Sasi guztien gainetik… ” esaera horretatik abiatuta. Esango nuke sasi artean ibiltzen garenontzako kantuak direla, sasien gainetik daudenak. Munduan, hemen, topatzen ditugun gauzak eta pertsonak dira, toki amankomunak, mundu denean ematen direnak. Geografia horretan, mapatxo horretan gertatzen da bizitza.
Kantu leun eta indartsuak egin dituzu. Horren bila zenbiltzan?
Hori esaten didate, eta maite dut, baina ez dut horrela pentsatzen, ez dut pentsatzen kantu leunak egin behar ditudanik. Askoz tonu goragoetan kanta nezake, baina horrela gustatzen zait. Hori atera dadin teknikoki gauza batzuk kontuan hartu behar ditut. Hau da, orain dela 60 urte egindako mikro bat erabiltzen baduzu, balbulekin, ez dezakezu behartu, neurri baten barruan kantatu behar duzu eta oso interesgarria da hori. Ni musikara ekarri nauten diskoak horrela grabatuta zeuden. Tresna zahar horiek badituzte beren mugak, baina muga horiek oso musikalak dira, eta asko hurbiltzen naute. Hurbiletik kantatu nahi dut eta, era horretara, inguru horretan.
Lehengo tresnak eta lehengo erak erabiliz grabatu duzu diskoa. “Kontrol Z” edo atzera egiteko aukerarik gabe.
Nire asmoa da lehenengo arnasari eustea. Gero, hortik aurrera, ofizio eta elaborazio guztia erabiltzen ditut. Lan handia hartzen dut, baina beti lehenengo arnas horretatik abiatuta. Horri atxiki nahi diot, kantuek hori eskatzen didate. Nire kantuek ez dute arreglorik nahi, ibili nahi dute. Gero, joango dira egokitzen, bere bidea egiten… Dena den, ez dut deus deskubritzen. Hasierako diskoak horrelakoak ziren, jendeak egun bakar batean grabatzen zuen urtetan jotzen zituen piezak eta bazekien hori ez zela betirako. Musika momentu bat da, ez da geldirik dagoen ezer, musika zuk egun horretan horrela grabatu duzu.
Aipa ditzagun kanta batzuk. “Nora zoaz bakarrik?”: “Maritxu nora zoaz” umeei kantatzeko ona zen, zure bertsioa aldiz…
Umeek Labexomorro kantatzen dutenean, nire bertsioa, ez dira konturatzen zertaz ari diren. “Maritxu nora zoaz” kantu zaharra ezagutzen baduzu ez dakizu zertaz ari den. Txanogorritxu kontatzen badiezu, haiek ez dute pentsatzen horrek atzean zer dakarren, nola neskatila ez daitekeen bakarrik ibili, nola ezezagunarekin ezin den hitz egin, nola otsoa nonahi agertzen den… Gure gizartean elkarri erakusteko joko horiek erabili dira mendeetan eta orduan, jendeak kantu zaharrak beti identifikatzen ditu ume kantuekin, hain zuzen ere, ume denboretan ikasten zirelako. Niretzako kantu zaharra beti da inspirazio iturri.
“Onerako da” kantua ironikoa da. Haserre zaude agintariekin?
Haserre gutxi da. Kantua bera mintzo da. Denok jabetuta gaude, baina kontua da ez dugula ospatzen, boterearen aurreko gure egoera kontradikzio bezala biozi dugu oraindik. Eta sasoi honetan are nabarmenagoa da zeren eta denon eskubideen murrizketa beti onerako da; bateren baten onerako, noski.
Elias Ezkurdia ekarri duzu kantu batera: zuretzat aitajauna, entzulearentzat gure memoria historikoa.
Denok daukagu hori edo antzekoa etxetik eta inoiz ez nintzen gauza izan kantatzeko, agian nire etxean hori oso hurbilekoa izan delako. Hor esaten dut: “isilik jan ohi da galtzailearen mahaian”. Baina halako batean, egin nituen irakurketa batzuen eraginez sortu zitzaidan. Disko honetan azkarren burutu nuen kantua hau da. Arraroa da nik horrelako kantu bat egitea, oso gutxitan egin izan ditudalako kantuak gai bati buruz.
Bi urtetik behin disko bat. Hori al da zure sormenaren erritmoa?
Ez dakit, agian bihar egingo dut hurrengoa, agian hamar urte barru.
Zuzenekoak gero eta artesanalagoak dira, lan asko egin behar da jende aurrera ailegatzeko eta ni ez naiz gauza nahasteko zuzenekoek eta disko berriak.
Erlazionatutako Albisteak
- ← J.L.Zumeta & Pako Aristi: Hamabi Zumeta istorio bati lotuta
- Mikel Alvira: “Nos engancharemos con la trama y hasta el final no sabremos cómo se remata la historia” →