Ekialde Hurbila liburuaren hitzaurrea – “Mapa bati begira”

ekialdehurbilaZibilizazio zahar baten azken faraoia diktadore bihurtu zenean ezagutu zuen Alaa al-Aswanik herria hitzaren benetako esanahia. Kairo munduko epizentroa zen egun horietan, eta idazlea egunero-egunero joaten zen erresistentziaren ikur bihurtu zen plazara. Tahrirren milaka eta milaka lagun elkartu aurretik ere, erregimenaren aurrean isildu ez ziren ahots bakanetakoa izan zen harena, eta, orduan ere, “errezeloak” zituen iraultzaren “mirariaren” ostean etorriko zenarekin. Urteek erakutsi dute ez zegoela oker; 2011ko matxinadek astindutako ia arabiar herrialde guztiak orduan baino okerrago daude orain. Al-Aswani diktaduraz mintzo da berriz ere: “Hosni Mubaraken garaian baino makurragoa da egoera”.

Udaberri Arabiarrek munduko egunkarietako azaletara eraman zituzten hainbat herrialde, ordura arte oharkabean igaroak zirenak. Itxaropena lehertu egin zen, plazaz plaza, herriz herri, mugak zeharkatuz, eta mapetara begira jarri ginen. Bazirudien Ekialde Hurbil Handian, mendebaldetik ekialdera, bata bestearen atzetik, banan-banan, sistema zaharren eremu mortuan udaberria loratuko zela, baina indarkeriak demokraziak baino azkarrago egin du aurrera, eta eremu antzu bihurtu da berriz ere eremu hura; negu gorria, negu beltza. Antzinako ordena itzuli da, urteetako sistema zapaltzaileak ezin baitira egun batetik bestera irauli. Gilbert Achcar idazle libanoarrak horrela laburbildu du: “Trantsizio demokratikoa ez da udaberri bateko kontua”. Bada, matxinadaren narratiba erromantikoa bukatu da; lorea zimeldu egin da, ametsa amesgaizto bihurtu da, utopia distopia, iraultza kontrairaultza. (Irakurri +)

Donald Trumpen garaipenaren nondik norakoek xehetzen

Trump,-amestgaizto-amerikarraDonald Trumpen garaipenaren nondik norakoak xehetzen dira Berria, Jakin eta Elkar argitaletxearen arteko lanaren ondorioz, Aleka bildumaren barruan, kaleratu berri den Trump amesgaizto amerikarra lanean. Bertan, galdera ugari erantzuten dira, besteak beste: nola da posible estatubatuarrek, munduko potentzia nagusia zuzentzeko, politikan inolako eskarmenturik ez zuen, alderdikide asko aurka zituen eta diskurtso misogino eta arrazista zabaltzen zuen enpresari aberats hura aukeratu izana?

Berria egunkariko Arantxa Elizegi kazetariak egin dio liburu honi hitzaurrea:

 

DONALD TRUMPEN GARAIPENAREN
NONDIK NORAKOAK XEHETZEN

2015eko ekainaren 16an, ordura arte zurrumurrua zena berretsi zuen Donald Trumpek: presidentetzarako hautagai izango zela iragarri zuen. Honela eman zuen albistea The New York Times egunkariak: “Negozio gizon berritsu horrek, zeinaren izena apartamentu eraikinen eta hotelen sarreran ikus daitekeen […] 2016ko presidentetzarako bozetarako hautagaitza aurkeztu du astearte honetan, bere aberastasun eta ospea ezaugarri baliagarriak balira bezala ia ezinezkoa dena obratzeko, hots, errepublikanoen izendapena lortzeko”.
(Irakurri +)

Zabalik da Martin Ugalde bekarako proiektuak aurkezteko epea

Egunkaria-k eta Berria-k genero gaietan izan duten eragina ikertzeko aukera emango du aurtengo beka deialdiak. Uztailaren 31 arte aurkeztu daitezke proiektuak, eta irabazleak 8.000 euro jasoko ditu lana urtebeteko epean garatzeko. Nobedade bezala, aurten, bekaren emaitza idatzizko edo ikus-entzunezko euskarrian aurkezteko aukera izango da.

Martin Ugalde kultur parkeak, Berria Fundazioak, Elkar Fundazioak eta Jakin Fundazioak, Andoaingo Udalaren laguntzarekin, Martin Ugalde bekaren deialdi berria egin dute 2017rako. Bekak bi gairen gaineko ikerketa egiteko aukera ematen du bi urtean behin: Martin Ugalde bera ikertzeko aukera; euskal kazetaritzaren gaineko ikerketak egiteko aukera. Aurtengoa gaiak, Egunkaria eta Berria euskarazko egunkariek genero gaietan izan duten eragina ikertzeko aukera emango du. (Irakurri +)

“Nafarroa orain ala inoiz ez” – Aurrerapena

orain ala inoiz ez_azala_azkena.inddNafarroaren historia garaikidean ezagutu gabeko aldaketa politikoa eman zen 2015eko maiatzaren 24an. Egun hartan, azkenik, denbora luzez lurraldea nahieran kudeatu zuten eliteek toki egin behar izan zieten erakundeetan ordura arte baztertutako alderdi politiko zein sektore sozialei.

Testuinguru hori oinarri gisa hartuta, Ion Orzaizek eta Joxerra Senarrek Nafarroa orain ala inoiz ez liburua kaleratu berri dute Berria, Jakin eta Elkar argitaratzaileen eskutik Aleka bilduma berriaren barruan.

Liburuan murgiltzen joateko lehen atala:

KARANBOLA MAGIKOA:

UPN sortzean planteatu genituen helburu guztiak lortu ditugu: batetik, Nafarroaren nortasunari eustea; eta, bestetik, zentro-eskuinaren eremua bateratzea. Javier Gomara (UPNren sortzailea eta diputazioko presidente ohia)

Hizki handiz Zisne Beltza deritzogun gertakari motak hiru ezaugarri ditu. Lehenik, aparteko kasu bat da, iragarpen orotatik kanpo dagoena; izan ere, iraganaldian ez dago ezer hura gertatuko dela modu sinesgarrian adierazten digunik. Bigarrenik, muturreko eragina dauka. Hirugarrenik, apartekoa izanagatik, giza izaerak azalpenak bilatzera garamatza gertaera bera jazo ostean, eta, horregatik, azaltzeko eta iragartzeko modukoa da. Nassim Nicholas Taleb (Idazlea) (Irakurri +)

Jakin hamalau laguneko talde berri batek hartu du bere gain, Lorea Agirre zuzendari dela

Jakin talde berriaJakinek zuzendaritza berria du. Hernaniko Orona Ideo Berrikuntza Gunean egin den ekitaldian aurkeztu da zuzendaritza berria, eta baita Lorea Agirre zuzendari berria ere. Agirre kazetaria eta kulturaren eremuko ikertzailea da. Talde berrian Joan Mari Torrealdai ere izango da, azken 37 urtean Jakineko zuzendari izan dena. Horrela, talde historikoaren eta berriaren arteko lotura ez da etengo. Bi horiekin batera beste hamabi lagun ariko da, euskal kulturaren baitan aski ezagunak denak ere. Literatura, komunikazioa, antropologia, bertsolaritza, filosofia, sorkuntza, soziologia eta artearen eremuko adituak dira, eta horregatik Jakin Talde berriaren ezaugarria da askotarikoa eta aberatsa izatea.

Zuzendaritza berriko kideak:

Lorea Agirre (Jakineko zuzendaria)

Haizea Barcenilla (arte komisario eta kritikaria, eta EHUko irakaslea)

Harkaitz Cano (idazlea)

Xabier Eizagirre (Jakineko erredakzio burua)

Idurre Eskisabel (kazetaria, antropologoa eta EHUko irakaslea)

Patxi Juaristi (soziologoa eta EHUko irakaslea)

Joanmari Larrarte (Berria Taldeko marketin eta publizitate arduraduna)

Maialen Lujanbio (bertsolaria)

Imanol Murua (kazetaria)

Andoni Olariaga (filosofoa eta Hausnart aldizkariaren zuzendaria)

Olatz Osa (Elkar argitaletxeko argitaletxeen zuzendaria)

Gexan Sors (Elkar-eko marketin zuzendaria)

Joan Mari Torrealdai (Jakineko zuzendaria 42 urtez)

Eguzki Urteaga (soziologoa eta EHUko irakaslea)