Donald Trumpen garaipenaren nondik norakoek xehetzen

Trump,-amestgaizto-amerikarraDonald Trumpen garaipenaren nondik norakoak xehetzen dira Berria, Jakin eta Elkar argitaletxearen arteko lanaren ondorioz, Aleka bildumaren barruan, kaleratu berri den Trump amesgaizto amerikarra lanean. Bertan, galdera ugari erantzuten dira, besteak beste: nola da posible estatubatuarrek, munduko potentzia nagusia zuzentzeko, politikan inolako eskarmenturik ez zuen, alderdikide asko aurka zituen eta diskurtso misogino eta arrazista zabaltzen zuen enpresari aberats hura aukeratu izana?

Berria egunkariko Arantxa Elizegi kazetariak egin dio liburu honi hitzaurrea:

 

DONALD TRUMPEN GARAIPENAREN
NONDIK NORAKOAK XEHETZEN

2015eko ekainaren 16an, ordura arte zurrumurrua zena berretsi zuen Donald Trumpek: presidentetzarako hautagai izango zela iragarri zuen. Honela eman zuen albistea The New York Times egunkariak: “Negozio gizon berritsu horrek, zeinaren izena apartamentu eraikinen eta hotelen sarreran ikus daitekeen […] 2016ko presidentetzarako bozetarako hautagaitza aurkeztu du astearte honetan, bere aberastasun eta ospea ezaugarri baliagarriak balira bezala ia ezinezkoa dena obratzeko, hots, errepublikanoen izendapena lortzeko”.

Ordea, urtebete geroago, Trumpek errepublikanoen hautagaitza bereganatua zuela, kezka zabaltzen hasia zen AEBetako politikan. Askok pailazotzat zuten enpresari hark inork espero gabeko erraztasunez gainditu zituen esperientzia luzeko eta izen handiko politikariak. Trumpen lelo errazak (Make America Great Again, Egin Amerika handi berriz) gero eta babes zabalagoa zuen. Hala ere, abuztu horretan, lehen aipatu egunkariak Hillary Clinton hautagai demokratari ematen zion garaipena. Artikuluen tonuan bazen, baina, aldaketarik; izan ere, analista politikoek jada ez zuten ezinezkotzat jotzen enpresariak irabaztea.

Dena den, eta abisuak abisu, asko izan ginen 2016ko azaroko bigarren astearte hartan ordenagailuaren pantailak zioena sinetsi ezinik geratu ginenak. Politikan inolako eskarmenturik ez zuen, alderdikide asko bere aurka jartzeko gai izan zen eta diskurtso misogino eta arrazista maite zuen enpresari aberats bat aukeratua zuten estatubatuarrek munduko potentzia nagusia zuzentzeko. Nola zen posible ordu batzuk lehenago aurreneko emakumezko presidentea iragartzen zuten komunikabide eta analista horiek horrenbeste okertzea?

Horretara dator liburu hau. Alegia, Trumpen garaipenaren nondik norakoak argitzea da lan honen helburua, baina baita askok programarik gabeko estatuburutzat jo duten horren politikak ekar ditzakeenak aletzea ere. Zenbait idazle, kazetari eta unibertsitate irakaslerengana jo dugu horretarako, AEBetan bizi diren euskal herritar batzuk tartean; izan ere, ozeanoaren alde honetan ezinezkotzat jotzen zen hura bestelako ikuspegi batetik ikusi zuten amets amerikarrarena deritzon lurraldetik.

Asmo horrekin jo dugu laguntza eske, eta baita erantzun argigarriak jaso ere. Joseba Gabilondo, Larraitz Ariznabarreta eta Juan Garzia Garmendia irakasleak bat datoz Trumpek ondo jakin duela bere burua “kontserbadore iraultzaile” gisa saltzen. Izan ere, betiko sistemari alternatiba bat eskaintzen dio, kanpotik etorria denez (outsider) politikari lotutako ustelkeriatik urrun ikusten baitute hautesleek, eta, aldi berean, ustea zabaldu baitu aurreko gobernuaren berrikuntzak desegin eta “gauzak bere tokian” jarriko dituela, enpresari zuri kontserbadorea izaki.

Zer da, ordea, gauzak bere tokian jartzea? Galdera hori ere egin diegu liburu hau osatzen lagundu diguten irakasle eta kazetariei. Erantzuna, baina, ez da bereziki lasaigarria izan: atzerapauso nabarmen eta arriskutsuak klima aldaketaren alorrean, feminismoan eta, nola ez, baita immigrazioaren auzian ere. Hala ere, dena ez da beltz. BC3ko irakasle Unai Pascualek eta William A. Douglass idazleak ez bezala, itxaropenerako zirrikitu bat ireki digu Jacqueline Urla irakasleak: “Badira gizarte mugimenduak prest daudenak iraganeko lezioak ikasi eta desberdinen arteko zubiak eraikitzeko. Izan ere, urrats horiek ez dira alderdi politikoetatik etorriko, baizik eta mugimendu askoz osaturiko mugimendu erraldoi batetik”.

Bitartean, zer iritzi dute ozeanoaren beste aldean, Europan? “Denetarik”, erantzun digu Olatz Arrieta EITBko kazetariak. Europa ekialdean, Polonian, Txekian, Hungarian… besoak zabalik hartu dute estatuburu islamofoboa. Hain zuzen ere, Txekiako presidentea izan zen Washingtonera joateko AEBen gonbita jaso zuen Europako Batasuneko lehen buruzagia. Hura ere, Trump bera bezala, iheslariak “geldiarazteko” hesiak eraikitzearen aldekoa da.

Eta han? Zer jarrera dute han? “Amets amerikarra elikatzen du Trumpek, eta amets amerikarrak elikatzen du Trump”, erantzun digu Joseba Zulaika irakasleak. Ordea, itxura guztien arabera, amets bainoago, amesgaizto edo amets (txar) bilakatua da dagoeneko AEBetako 45. presidentea.

Arantxa Elizegi Egilegor
Berriako kazetaria

 

Donald Trumpen garaipenaren nondik norakoak xehetzen (.pdf)

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina