Lauaxeta, poesia fusilatua

Duela 80 urte fusilatu zuten frankistek, 1937ko ekainaren 25ean, Gasteizen, Estepan Urkiaga Lauaxeta (Laukiz, Bizkaia, 1905-Gasteiz, 1937). Indar sinboliko handia du fusilamendu horrek. Batetik, Lauaxeta, artean 32 urte bete gabea, euskal literaturaren eta euskal kulturaren garaiko Pizkundearen protagonista nagusietako bat zelako; bestetik, fusilatu aurretik eta fusilatuko zutela jakinik, Lauaxetak dramatismo handiko testuak idatzi zituelako espetxean, bere sinesmen nagusiei —Jainkoa eta aberria— amaierara arte tinko eutsi ziela erakusten dutenak.

Lauaxeta baino hamar hilabete lehenago, beste poeta bat fusilatu zuten frankistek: Federico García Lorca. Lauaxetaren eredu nagusietako bat zen García Lorca, eta Lauaxetaren poema batzuetan agerikoa da haren eragina. García Lorcaren fusilamenduak areagotu egiten du Lauaxetaren fusilamenduaren indar sinbolikoa.

Bizi zelarik, Bide barrijak (1931) eta Arrats beran (1935) poema liburuak argitaratu zituen Lauaxetak. Herri hizkerari eta tradizioari uko egin gabe, euskal poesiagintzara garaiko poesia aurreratuenaren oihartzunak ekartzen ahalegindu zen, ausardia handiz. “Ofizioko lehen idazlea dugu”, dio Koldo Izagirrek Lauaxetari buruz, XX. Mendeko poesia Kaierak bilduman apailatu zuen Lauaxetaren antologiaren sarreran (Susa, 2001). “Europako lankideen duintasun literario berdinean bizi dena. Euskarak euskaldun mundutarra elikatzen du estreinakoz Lauaxetari esker”.

Izagirrek apailatutako antologia horrek Lauaxetaren oinarrizko lana ezagutzeko aukera ematen du. Ezagutza osoago baterako, Jon Kortazarrek apailatutako Lauaxetaren Olerkiak liburua da gomendagarri (Erein, 1985), egilearen obra osoaren edizio kritikoa. Lauaxetaren poesiarekin gozatzeko ezinbesteko beste gomendio bat Antton Valverderen Lauaxeta diskoarena da (Herri Gogoa, 1978). 40 urtetik gorako ahanzturaren ondoren, Lauaxetaren oroitzapen eta poema fusilatuak berreskuratzen hasteko urrats erabakigarria izan zen Valverderen lan bikaina.

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Antzeko Albisteak

Iruzkin bat egin