–Telleria eta gero, zer? Zer gehiago eskatuko didazu?
–Gero gerokoak, lasai.
–Tira, nire esku dagoena eginen dut, ez kezkatu.
La Perla bainuetxeko burbuilek Angel Santesteban Baztango udaleko zinegotziaren inguruan egiten zuten gainezka, puzkerrek uretan egiten duten modu berean. Ondoan, Enyaren musika lasaigarriaren laguntzaz, Arturo Seisdedos konstruktoreak aukerak eta arriskuak neurtzen zituen etengabe.
–Horrek ez dit balio. Ez kezkatu bat baino gehiago behar dut. Horrelako kaka handian sartzeko, erabateko bermea behar dugu. Amaiurkoak ere zure hitza omen zeukan eta ikusi gero.
–Horrelako kaka handia? –zinegotziak buelta erdia eman zuen, jacuzzian hankak luzatuz. Txano elastikoak ez zion argudiatzeko gaitasuna oztopatzen–. Birkalifikatzearekin hogei aldiz biderkatuko da metro karratuaren prezioa… Alimaleko pelotazo urbanistikoa izanen da, sosaz ustelduko zarete.
Arturo Seisdedosek zalantza keinua egin zuen, nazkaren eta asperduraren artekoa. Aldeetara mugitu zuen burua, aire sanoago baten xerka gehiegizko hezetasun haren gainetik. Emakume edadetu bat ikusi zuen, zeuden jacuzzira sartzera zihoana bainujantzi beltz batekin. Konstruktoreak mespretxu aurpegiz begiratu zion atsoari, mehatxuka kasik. Honek buelta erdia egin zuen. (Irakurri +)
Zure amak ez zuen ama izan behar, agian, baina ama izan zen eta zeu jaio zinen.
Zuk ez zenuen ama izan nahi, ez guztiz behintzat, baina ama izan zinen, eta horri esker ari naiz ni orain hau idazten.
Nik ama izan nahi nuke, baina uste dut ez dudala ama izan behar, ez zaidala komeni, eta nahi ere, ez dakit zenbateraino nahi dudan benetan ama izan.
2
–Asumitzen nabil ez naizela inoiz ama izango.
–Zergatik diozu hori?
–Neure gaixotasunagatik.
–Baina sendatu ahal zara.
–Edo ez.
–Eta, gaixotasunarekin ere, asko dira haurra izatea erabakitzen dutenak.
–Medikazioa utzi beharko nuke.
–Aldi baterako bakarrik.
–Eta diozun aldi horretan erotzen banaiz?
–Ez jarri beti txarrenean.
–Eta leihotik behera botatzen badut neure burua?
–Ez jartzeko beti txarrenean, A.
–Gainera, umeari gaitz hau transmititzen badiot?
–Nork esan dizu genetikoa denik? –diost W doktoreak. (Irakurri +)

Miren Garateren Ekaitzaren zipriztinak kronika-liburua, Tene bekaren azken argitarapena, aste honetan aurkeztu da
Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak, Euskal Herriko historia hurbilaren ezagutza zabaltzeko eta gure literatura aberasteko asmoz, XII. Tene Mujika beka sortu dute, 6.000 euroko diru-laguntza emango duena, ondorengo oinarrien arabera:
1. Gure herriaren azken 70-60 urteetan izandako pertsona, talde, gertakari edo mugimenduren bati buruzko liburuak egiteko proiektuak aurkez litezke (adibidez: biografiak, kronikak, erreportajeak, saiakerak, elkarrizketak, ikerketak…); lanak jatorrizkoa eta euskaraz sortua izan beharko du, aurrez argitaratu nahiz saritu gabea.
2. Proiektuak aztertzean, bi ezaugarri hartuko dira batez ere kontuan: testuaren beraren kalitatea eta gaiaren interesa. Ez da fikziorik onartuko baina bai materialaren lanketa literarioa, idazleak hala nahiko balu; dibulgazio-lanak bezala egin litezke ikerketak, baina ez espezialistentzat bakarrik idatzitakoak.
3. Parte-hartzaile bakoitzak ondorengoak aurkeztu beharko ditu, emailez atxikitako dokumentuan:
a) Idazlearen curriculum laburra, orri batean, argitara emandako lanak aipatuz, baita harremanetan jartzeko helbide eta abarrak ere.
b) Idatzi nahi duen lanaren azalpena, 3-6 orri bitarteko luzerakoa, egoki iritzitako ezaugarriak zehaztuz, hala nola, gaia, egitura, iturriak, metodologia, aurreikusitako luzera, estiloa…
c) Idazlanaren lagina edo erakusgarria, 15-20 orrialde bitartekoa. (Irakurri +)

Bazen behin bilobari ipuinak kontatzen zizkion amona bat, dozenaka, ehunka kontu. Baina egun batean amaiera bat ahaztu zitzaion, hurrengoan korapilo bat, hurrengoan hasiera bat…
Haur eta Gazte Literatura deritzogu bereziki umeei eta nerabeei zuzenduriko obra multzoari; izan narratiboa, lirikoa zein dramatikoa. Testu horiek dira, hain justu, txikienekin hizkuntza lantzeko eta iruditegi konpartitua ezagutzen hasteko baliatzen diren tresna oinarrizkoenak. Irakurleak pertsonaiekin identifikatu ohi dira eta berauekin batera ikasten dute, besteak beste, emozioak izendatzen; Mies Van Houten Pozik (Ttartalo) eta Ana Llenasen Koloretako munstroa (Editorial Flamboyant) albumek arrainekin eta koloreekin irudikatzen dituzte hurrenez hurren poza, tristura, haserrea edota beldurra bezalako sentipenak.
Egungo HGL-n hiru ezaugarri nabarmentzen dira: fantasiak, oro har, presentzia handia du, gaitegia asko zabaldu da eta idazleek gaurkotasuna duten balioak ekarri dituzte lehen planora. Leire Bilbao eta Maite Mutuberriaren Gerrak ez du izenik (Pamiela) lana esaterako, paregabea da txikienekin memoria historikoa lantzeko. Nolanahi ere, azken urteotan geroz eta gehiago dira adinaren muga hautsi eta, ume eta nerabeengandik harago, irakurle helduenganaino iristen diren obrak, batez ere album ilustratuak. (Irakurri +)

Belaixe estudioa
Liburu egunaren testuinguruaren barruan, Bizkaiko Liburu Saltzaileen Elkarteak “Farolillos de papel” izeneko sariak ematen ditu urtero irakurketa eta liburugintzari euren denbora eskaintzen dioten pertsona zein erakunderen lanak aintzat hartzeko.
Aurtengo edizio honetan, Alaina Agirre idazle bermeotarrari emango diote sari horietako bat iaz kaleratu zuen Martin album ilustratuagatik. Desberdintasunari, integrazioari eta bazterkeriari buruzko album honek Espainiako OEPLI erakundearen Lazarillo saria jaso zuen album ilustratuen atalean.
Zorionak, Alaine!
“Amak ezkondu egin nahi du”.
“Zer?”
“Amak ezkondu egin nahi duela”.
“Manuelekin?”
“Manuelekin”.
Begoña entsaladarako Marie Antoinetteren burua izan zitekeen tipulina gillotinatzen ari da. Haurrak dekretuz sukaldetik desagertu diren arte itxaron du amarena kontatzeko.
Bakarrik gaude tipulinaren sarraskiari begira. Igor Begoñaren senarra ez da oraindik heldu. Igor Begoñaren senarra ez da sekula heltzen.
Ideia absurdo bat etorri zait burura. Aita.
“Duela zenbat hil zen aita? Urte eta erdi?”
“Horrelako zerbait. Gutxi”.
Atzo gertatu zen urte eta erdi. (Irakurri +)






