Album ilustratuak: irakurtzeko modu berri bat

Bazen behin bilobari ipuinak kontatzen zizkion amona bat, dozenaka, ehunka kontu. Baina egun batean amaiera bat ahaztu zitzaion, hurrengoan korapilo bat, hurrengoan hasiera bat…

Haur eta Gazte Literatura deritzogu bereziki umeei eta nerabeei zuzenduriko obra multzoari; izan narratiboa, lirikoa zein dramatikoa. Testu horiek dira, hain justu, txikienekin hizkuntza lantzeko eta iruditegi konpartitua ezagutzen hasteko baliatzen diren tresna oinarrizkoenak. Irakurleak pertsonaiekin identifikatu ohi dira eta berauekin batera ikasten dute, besteak beste, emozioak izendatzen; Mies Van Houten Pozik (Ttartalo) eta Ana Llenasen Koloretako munstroa (Editorial Flamboyant) albumek arrainekin eta koloreekin irudikatzen dituzte hurrenez hurren poza, tristura, haserrea edota beldurra bezalako sentipenak.

Egungo HGL-n hiru ezaugarri nabarmentzen dira: fantasiak, oro har, presentzia handia du, gaitegia asko zabaldu da eta idazleek gaurkotasuna duten balioak ekarri dituzte lehen planora. Leire Bilbao eta Maite Mutuberriaren Gerrak ez du izenik (Pamiela) lana esaterako, paregabea da txikienekin memoria historikoa lantzeko. Nolanahi ere, azken urteotan  geroz eta gehiago dira adinaren muga hautsi eta, ume eta nerabeengandik harago, irakurle helduenganaino iristen diren obrak, batez ere album ilustratuak.

Albumak dira, hain zuzen, HGL-ko formaturik arrakastatsuenetakoa. Testuen eta irudien arteko interakzioan oinarrituriko obrak dira eta bi elementu horien antolaketa esanguratsuak bereizten ditu gainontzekoengandik: kasu askotan, ilustratzaileek orrialde bikoitzak erabili ohi dituzte testuingurua  irudikatzeko, baita marrazketa zein idazketarako teknika desberdinak ere. Luisa Aguilar eta Andre Nevesen Tximeleta-belarriak (Kalandraka – Pamiela) albumean adibidez, orrialde bikoitzeko paisaiak ez ezik, letra mota desberdinak edota marrazki eta argazkien arteko collageak aurki genitzake.

Gaur egun, oraindik, ohikoa da irakurleek albumak eta liburu ilustratuak nahastea, komeni da, beraz, bi horien arteko aldeak argitzea. Albumetan ilustrazioak beregainak izan daitezke, hau da, testurik barik ere funtzionatuko luketenak. Are gehiago, kasu askotan, testuak zehazten ez dituen ñabardurak gehitu ohi dizkiote istorioari. Maite Gurrutxagaren irudiek esaterako, detaile esanguratsuz osatzen dute Alaine Agirrek idatzitako Martin (Elkar) ipuin ederra. Liburu ilustratuetan, ostera, testuak kontatzen duena islatzera mugatzen dira marrazkiak.

Hartzaileari dagokionez, liburu ilustratuak ez bezala, irakurleak jarrera aktiboa izatea eskatzen du albumak; idatzizko kodea zein irudizkoa interpretatzen eta bien arteko loturak egiten jakitea obraren mezua bere osotasunean ulertzeko. Elementu bi horien arteko uztarketa izan ohi da, sarri, albumaren kalitatearen erakusgarri. Nolanahi ere den, hainbesteko indarra hartu  dute ilustrazioek, ezen testurik bako albumak ere lekua egiten ari baitira, Eider Eibar ilustratzailearen Barrukoa (Edo) lan intimista adibide.

Aipatu albumak batik bat haurrek irakurtzen dituztela egia bada ere, arestian esan bezala, argitaletxe askok adinaren muga gainditzeko apustua egin dute azken urteotan eta publiko guztientzako egokiak izan litezkeen obrak kaleratu; Leire Salaberriaren Hiltzaileak (Pamiela), Joxan Ormazabal eta Iraia Okinaren Ilargia esnatu da (Elkar) eta Uxue Alberdi eta Maite Gurrutxagaren Besarkada (Elkar) kasu. Era berean, geroz eta gehiago dira mota honetako liburuak adinaren arabera sailkatzeari laga beharra dagoela dioten adituak.

Bada oraindik aurreiritzi hedatu bat, zeinaren arabera, jende askok testu gutxi eta irudi asko dituzten liburuak umeentzakotzat hartzen baititu automatikoki. Halaber, egia da liburutegietan eta liburu-dendetan haurren txokoan soilik egoteak irakurle posible ugari urruntzen dituela albumetatik. Euskal Herrian ere ez da era honetako literatura kontsumitzeko ohiturarik egon oraintsu arte eta euskarazko publikazioen artean, gehiago izan dira itzulpenak bertoko sortzaileek eginiko lanak baino. Ordea, album ilustratuak, kode artistiko desberdin bat ez eze, irakurtzeko modu berri bat eskain diezaioke hartzaile gazte zein helduari; eskuartean dituen testu eta irudietatik abiatuta, buruan, bihotzean, sabelean daramatzan emozioez hausnartzeko bidea zabalduko diona.

…eta biloba da orain, albumak eskutan, amonari ipuinak kontatzen dizkiona.

 

Partekatu albiste hau: Facebook Twitter Pinterest Google Plus StumbleUpon Reddit RSS Email

Erlazionatutako Albisteak

Utzi zure Iruzkina