Mikel Urdangarin: “Libre izan nahi dugu eta gainera eroso; kontzeptu kontrajarriak dira”

Argazkilaria: Josu Izarra

Bakarkako bira eta disko baten ostean, taldearen abarora itzuli da Mikel Urdangarin norbanakoaren askatasunari buruzko lana ontzeko. Bere ibilbidearen hogeigarren urteurrenean, Margolaria disko “fresko eta argitsua” izatea nahi zuen.

Titularra eman zenuen diskoaren aurkezpenean. “Bihotza, gibela eta odola” jarri omen dituzu lan honetan.

Disko bat egiten ari naizenean, sentitzen dut disko horrek sostengua eman behar didala, jaten eman behar didala, niri eta proiektu horretan dauden beste bospasei lagunei. Horrek ez du ekartzen derrigorrez disko on bat egitea, baina bai ekartzen du prozesu hori hil ala bizikoa bezala bizitzea. Ezin duzu jolas bat bezala hartu. Musika nire lehenengo ogibidea da, eta nire bizitzaren ardatzean dago. Akaso sentimendu hori denborarekin areagotuz doalako esan nuen hori. (Irakurri +)

Maider: “Liberazio moduko bat sentitu dut diskoa egitean”

Maider Zabalegi Berrogei urte egiten zituenean disko bat aterako zuela agindu zion bere buruari, eta hala egin du. Alaitz Telletxearekin osaturiko bikotea desegin zenetik hamabi urtera, bakarkako lehen diskoarekin itzuli da Maider Zabalegi. Pop disko argitsua da Zuei (Elkar), egileak bizi duen momentu “baikor eta emankorraren” isla.

Diskoa entzutean ez dirudi horrenbeste urte pasa direnik. Zure ahotsa apenas da aldatu.

Grabatzera sartu aurretik banuen beldurra, nola entzungo nuen nire ahotsa horrenbeste urte eta gero. Kantu batekin egin nahi nuen proba, zer inpresio egiten zidan ikusteko, eta hasieratik oso eroso sentitu nintzen.

Alaitz eta Maiderren azken kontzertua 2004ko abenduan izan zen. Urte hauetan musika erabat alboratu duzu?

Guztiz. Moztu egin nuen musikarekin: ez nuen musika entzuten kotxean, gitarra ez dut hartu ere egin… Ez dut inolako beharrik sentitu taularatzeko edo konposatzeko. Alaitz eta biok oso gazte hasi ginen, urte asko izan ziren, eta une batean oso garbi ikusi nuen aldatu nahi nuela. Ama izan nahi nuen eta horretan bolkatu naiz erabat. (Irakurri +)

Loraldia festibala martxoaren 7tik apirilaren 8ra

Loraldia festibala izango da martxoaren 7tik apirilaren 8ra Bilbon. Egitarau zabala sortu dute antolatzaileek 5 asteetan zehar eskaintzeko Bilboko toki anitzetan. elkar Taldeak ere bere aletxoa jarri nahi izan du festibal honetan. Horregatik, ondorengoa proposatzen dizu:

Argazkilaria: Josu Izarra

Apirilak 8 abril, larunbata / sábado
MIKEL URDANGARIN. Margolaria diskoaren aurkezpena

Campos Antzokia
20:00

Mikel Urdangarin + banda (Rafa Rueda, Koldo Uriarte, Angel Celada, Jon Cañaveras eta Nika Bitchiasvili)
(musika)

Margolaria (Elkar) lan berria Loraldian aurkeztuko du aurrenekoz.

(Irakurri +)

“Anaitasunean”: Pantxoa Carrereren bakarkako lehen diskoa

 

Pantxoa Carrere

Argazkia: Jon Iraundegi

Maitasuna hitzak ongi labur biltzen du Pantxoak bere diskoan agertzeko hautatu dituen 12 kantuen zentzua.

Sortuz geroztik, lapurtar semea kantuan murgildu da. Oroit da Ama, 9 haurren Ama, 50 urteetan alargundurik, goizetik arrats etxean kantuz entzuten zuela. Amak kantuz aritzeko tirria eta arnasa eman dizkio. Funtsean, ama goraipatzen dituen Xalbadorren bertsoak agertu ditu lehen obra honetan.

45 urtez Peio Ospitalekin Euskal Herriko xoko guzietan baita Euskal Herritik kanpo  kantuz ibili ondoan, lanetik erretiratzean ez zuen bere burua « zokoratua » ikusten. Kantatzeko gogoa du. Maite du jendeen artean egoitea, jendearekin kantuen mezuen partekatzea. Nahiz kantaldiak hasten direlarik pixka bat urduri senditu, jendearen aitzinean izatea gozatzen du. (Irakurri +)

Ruper Ordorika Madrilgo La Fabrican izango da

Ruper OrdorikaGuria ostatuan da Ruper Ordorika musikariaren hamaseigarren diskoa. Oñatiarra sortzez eta mundutarra musikaz, lan honetarako, berriz hartu ditu lagun Jamie Saft (pianoa eta teklatuak), Tony Scherr (kontrabaxua eta gitarra elektrikoa) eta Kenny Wollesen (bateria eta bibrafonoa), denak ere musikari entzutetsuak Nueva Yorken, eta besteren artean honako artista handi hauen musika proiektuetan parte hartu dutenak: Bill Frisell, Norah Jones, Anni de Franco, Steve Swallow eta Rickie Lee Jones.
Musika bikaineko giro honetan, Arkaitz Minerrek maisutasunez lagundurik hari instrumentuetan (biola, biolin eta mandolinetan), sehaskan bezala doaz Ruperren istorio iradokitzaileak, zeinak euskaraz kantatuak eta bigarren etxetzat duen ostatuaren berotasunean kontatuak baitaude eta bizitzaz eta haren zubiez mintzo baita, edo kontserba fabrika baten aurreko maitasunaz, edo abantaila onartzeak dakartzan zailtasunez. Hitz doiak erabiltzeko beti erne, oraingoan ere, Ruperrek idazleen adierazpide poetikoa jaso du; besteren artean, Joseba Sarrionandiarena –disko honetan ere jaso ditu haren hitzak–, Eva Linazasororena (“Mare Nostrum” erreparatzailearen egilea) eta Gary Snyder iparramerikar poeta handiarena (“betiko kantu berriak / munduko ostatuetan barrena”). Hamaika kantu bero dira, kantariaren abaroan emanak, berdin arratsalde euritsu batean lagun egiteko eta berdin goiz eguzkitsu batean entzuteko, zeren eta Sarrionandiak dioen lez, “jendearen arteko airea hain erraz kutsatzen den sasoian, halako abestiek airea garbitzen dutela uste dut”. (Irakurri +)

Imanol Urbieta, kantu bihurtu den irria

Imanol UrbietaItsasoa entzuten da nire logelatik, eta azkenaldian abestiak ere etortzen zaizkit, akorde samurrak balira bezala, gauetan olatuek ekartzen duten melodian kulunka. Izan ere, irailaren amaieran geratu zen Imanol Urbietaren bihotza, baina handik egun batzuetara lagunek eta senideek itsasoan zabaldu zituzten musikariaren errautsak, eta harrezkero bakarrik eta libre dabiltzan olatuetan sentitzen ditut Manoloren kantak.

Musikak haurren heziketan duen garrantziaz ohartu zenetik, irakaskuntza eta musika uztartu eta etenik gabe aritu zen haurrei musika irakasten eta haurrentzako abestiak sortzen. Haur kantarien mugimendua sortu zuen, eta 1967an argitaratu zuen haurrentzat euskaraz egindako lehen diskoa: Haur Kantariak. Ordudanik, sugarrak begietaraino zabaltzen zizkion pasioarekin, etenik gabe aritu zen lanean batean eta bestean, euskal kulturgintzarekin lotutako hainbat talde eta ekimenetan. Sormena eta irakaskuntza uztartu zituen, eta musika zabaltzen eman zuen bizitza, Xirula Mirula musika eskola sortuta. (Irakurri +)