Erika Elizari Salvador: “Airean denbora eten egiten da”

erika elizariParistik Bilborako hegaldi gorabeheratsua. Bidaiari guztien arteko zazpiren bizipen eta gomutak. Barne gogoeta eta solasaldien bitartez, sekuentziaz sekuentzia osaturiko istorio bizi eta espresa. Zendabalitz proiektuarekin Igartza beka irabazi zuen 2018an Erika Elizari Salvadorrek. Plazan da dagoeneko.

Gaztexeagotan idatzitako zenbait narrazio salbu, lehen literatur lan mardula du Zendabalitz (Elkar) Erika Elizari Salvadorrek (Hernani, 1988). Ikus-entzunezkoak ikasi zituen, eta arlo horretan lan egin izan du, baita zenbait film labur sortu ere. Aurrerantzean ere sortzen jarraitu nahi luke, izan arlo batean edo bestean. Lehen nobela hegaldi batean kokatu du.

“Hori da nire lanetik gehien gustatzen zaidana. Airean denbora eten egiten da”. Pertsonaietako batek dio, hegazkin pilotuak, hain zuzen ere. Literaturan ere denbora eten egiten al da?

Bai. Zalantzarik gabe. Eten eta bikoiztu, biak batera. Idazten ari naizen bitartean, sortzen ari naizen mundu berri horren denbora-lerroan murgiltzen naiz bete-betean. Errealitate paralelo horretan gainera, atzera eta aurrera egiteko aukera daukazu, benetakoan ez bezala. Horrek, pixka batean behintzat, mundu errealeko loturetatik askatzen zaitu. (Irakurri +)

Tene Mujika bekaren 15. edizioa abian da

Kattalin Minerren Moio, Tene Mujika saria

Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak, Euskal Herriko historia hurbilaren ezagutza zabaltzeko eta gure literatura aberasteko asmoz, XV. Tene Mujika beka sortu dute, 6.000 euroko dirulaguntza emango duena, ondorengo oinarrien arabera:

– Gure herriaren azken 70-60 urteetan izandako pertsona, talde, gertakari edo mugimenduren bati buruzko liburuak egiteko proiektuak aurkez litezke (adibidez: biografiak, kronikak, erreportajeak, saiakerak, elkarrizketak, ikerketak…); lanak jatorrizkoa eta euskaraz sortua izan beharko du, aurrez argitaratu nahiz saritu gabea. (Irakurri +)

Maddi Ane Txoperenaren “Ene baitan bizi da” lan sarituaren lehen kapitulua

Maddi Ane Txoperena Iribarren (Hendaia, 1994) kazetari eta bertsolariak bere lehen eleberria kaleratu berri du, Gazteluma sariari esker: Ene baitan bizi da, Parisen ikasten den neska gazte baten eta Beran bizi den bere amatxiren arteko harremanean oinarritua. Istorio eder, bizi eta mamitsua. Hemen duzu liburuaren hasiera:

JOSEFINA

Aski zaku ttipian sartu zaizkio zazpi urtez metatzen arituriko ondasun guziak. Mihiseak ez ditu bereak, eta ohatzeari erantzirik utzi ditu gela bazterrean, mordoilo bat eginik. (Irakurri +)

2020ko Ibilbideari elkar Saria Seaskak jasoko du

Urtero apirila edo maiatza inguruan egiten den elkar Sariak banatzeko ekitaldia aurten ez da egingo baina sariak bai banatuko dira. Aste honetan jakinarazi du elkar Fundazioak Joseba Jaka beka Juanjo Olasagarre idazlean jasoko duela, eta Ibilbideari elkar saria, berriz, Seaskak jasoko du.

Euskara eta euskal kulturaren inguruan egindako lana ezagutu eta goraipatzea du helburu sari honek eta elkar Fundazioak erabaki du Seaskak merezi duela saria 2020an. Saria Seaskari ematea honela azaldu du:

(Irakurri +)

Augustin Zubikarai XX. Saria 2020 Deialdia

Ondarroako Udalak eta Elkar argitaletxeak, euskal kultura aberasteko eta idazleen lana bultzatzeko asmoz, Augustin Zubikarai saria antolatzen dugu, nobelak sortzeko beka gisa funtzionatuko duena, ondorengo oinarrien arabera:

– Deialdi honetara, eleberriak idazteko proiektuak aurkez litezke, jatorrizkoak eta euskaraz sortuak,beste inondik moldatu gabeak eta aurretik saririk jaso edo argitaratu ez direnak.

– Beka hau behin irabazten duenak ezingo du berriz parte hartu.

– Partehartzaile bakoitzak, ondorengoak aurkeztu behar ditu, emailez atxikitako dokumentuetan:

a) Landu nahi duen kontakizunaren azalpena, bi mila eta sei mila karaktere bitartekoa, egoki iritzitako ezaugarriak zehaztuz, hala nola, argumentua, egitura, luzera, estiloa, etab.

b) Idazlanaren lagina edo erakusgarria, hamabost mila eta berrogei mila karaktere bitartekoa, ez nahitaez kontakizunaren hasierakoa, baina bai zati bakarra osatzen duena.

c) Egilearen izen-abizenak, helbidea, posta elektronikoa, telefonoa eta nortasun agiriaren kopia eskaneatua. (Egileei buruzko informazioa Udalak gordeko du erabakia hartu arte, eta epaimahaikoek ez dute jakingo haien berri). (Irakurri +)

Iritsi da udaberria!

Iritsi da UDABERRIA! Hori dela eta, irakurgai polit-polit bat gomendatzera gatoz udaberriari ongi etorria emateko: ORGI ETA ZUHAITZ. Bi lagun handi hauen bizipenen eta abenturatxoen berri ematen digun albuma, urtaroz urtaro josten den kontakizuna da, adiskidetasunari eta bizitzari eskainitako kantu ederra. Gaurkoan irakurgai “Udaberria” atala. Gozatu! (Irakurri +)